Parlamentarien solasaldia: Nola lagundu errefuxiatuei?

Euskalerria Irratia 2016ko mar. 23a, 11:51
Argazkia: Uhalde, Ruiz, Lakasta (kazetaria) eta Aznarez.

> Aznarez (Ahal Dugu): "[Errefuxiatuen gaian] isiltasunak konplize egiten gaitu, eta ez dut drama horren konplize izan nahi".
> Ruiz (EH Bildu): "UPNk eta PSNk, sufrimenduaren eta biktimen gainetik, banderen gerra sustatu dute".
> Uhalde (Geroa Bai): "Kondena hitzak badu bere historia; badakigu ez dela baketsua".

 

Bruselako atentatuak, errefuxiatuen egoera eta beste izan dituzte hizpide Geroa Baiko Unai Uhalde, EH Bilduko Bakartxo Ruiz eta Ahal Duguko Ainhoa Aznarez parlamentariek.

Bruselako atentatuak gaitzetsi dituzte hiru alderdiek. Irmo. Nolanahi ere, egon da eztabaida Nafarroako Parlamentuan. Ostiralean, Europako Bandera kentzea erabaki zuten, errefuxiatuen egoera salatzeko; atzo, baina, atentatuaren ostean, berriz jartzea defendatu zuten UPNk, PSNk eta PPk, eta haiekin bat egin zuen Geroa Baik.

Gaur, bi proposamen aztertuko dituzte, 13:00etan. Batetik Europako bandera elkartasuna adierazteko jarri behar dela dioen testua, UPNren, PSNren, Geroa Bairen eta PPNren babesa duena -errefuxiatuei sostengua emateko bandera kentzearekin kontrajarria dena-. Bestetik, EH Bilduk, Ezkerrak, Ahal Duguk eta Geroa Baik aurkeztutako beste testua: sostengua bai, baina banderarekin zer egin zehazten ez duena.

Bandera, bai ala ez?

Aldaketaren indarren artean gaitzespena argia da, ez, ordea, nola jokatu. Geroa Baiko Uhaldek esan du "dolu egunak" iraun bitartean, "elkartasun keinu bezala" jarri egin behar dela Europako bandera. Eta, gero, berriz kendu.

Kontra azaldu da Bakartxo Ruiz (EH Bildu). Haren aburuz, UPN eta PSN "Bruselako gertaera ikaragarria baliatzen ari dira beraiek babesten ez zuten neurri bat kritikatzeko". Nafarroako eta Espainiako banderak haga erdira jeistea da hark proposatutakoa. Salaketa airean bukatu du: "UPNk eta PSNk, sufrimenduaren eta biktimen gainetik, banderen gerra sustatu dute".

Aznarezek eman ditu gaia ulertzeko hainbat gako: giza eskubideak ez zirelako "bermatzen" kendu zuten ostiralean europar ikurra, errefuxiatuen auzia ikustarazteko asmoz. "Dramak" oraindik ere jarraitzen duenez, ipini behar ez delakoan dago. "Isiltasunak konplize egiten gaitu, eta ez dut drama horren konplize izan nahi".

Dena dela, "bigarren mailako kontu bat" da banderena, Uhalderen aburuz. Garrantzitsuena atentatuak denek gaitzesten dituztela da.

Antzua ote kondena?

Bruselako atentatua gogoan, kondena ez ezik, "bestelako terminoetan" pentsatzen hasi behar dela defendatu du Aranzadi Iruñeko udaleko taldeak. Bat egin du perspektibarekin Ahal Duguko Aznarezek: "Kondena erabiltzen dugu norbaitek proposatzen digulako". Eta hari berari eutsi dio Ruizek. "Beste termino batzuk erabiltzeko aukera beharko genuke. Kontua izan beharko litzateke posizio politikoa finkatzea".

Uhalde (Geroa Bai): "Kondena hitzak badu bere historia; badakigu ez dela baketsua". Geroa Baiko kidearen esanarekin, ados agertu dira hirurak.

Errefuxiatuek laguntza behar dute

"Ez da bidezkoa jende horrekin egiten ari dena, eta, batez ere, estatuaren jarrera". Uhalderena da hausnarra. Estatuak "azken hitza" daukala esan du, eskumena, alegia, eta, ondorioz, Nafarroak zerbait egiteko aukera handirik ez duela.

"Benetan lotsagarria da herrialde batek bere elkartasuna garatu ezin izatea Madrilek blokeatuta", aipatu du Ruizek,eta, era horretan, Madrili leporatu dio deus ez egitea.

"Intsumisioa" izan behar dela erantzun du Aznarezek, uko egin Espainiako legeei; "erkidegoz erkidego eta hainbat eta hainbat udaletxeetan familiak batu eta elkartasuna eman".

Ruizek, aitzitik, os zail ikusi du aukera hori: "Ez dituzte mugak gaindituko ere". Horrelakoak "keinuak" direla esan du, zerbait estrukturalagoa egitearen beharraz mintzatu da, aldiz.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!