Etorkinen %16,3 baino ez da joaten sare kontzertatura

Euskalerria Irratia 2016ko mar. 21a, 10:00
Argazkia: Umeak eskolan jolasten.

> Sare publikora, aldiz, %83,7 joaten dira. Publikotik baliabide gehiago eskatu dituzte, aniztasuna aintzat hartuko duten egitasmoak garatzeko.
> Kontzertatuek diru laguntza publikoak jasotzen dituzte.

Zer da etorkina izatea? Bigarren belaunaldiko haurrak etorkinak dira? Adoptatutakoak? Nazionalitatea ez dutenak?

Ez da kontzeptu defini erraza. Eta, beraz, ñabardura bezainbeste ertz dauzka. Nolanahi ere, atzerritik migratu dutenen datua kaleratu ditu Nafarroako Eskola Kontseiluak, argazki orokorra marraztu nahian: etorkinen %83,7 eskola publikoetan daude; %16,3, berriz, kontzertatuetan.

Gaiak garrantzia daukala uste du Kontseiluak, izan ere, sare publikora joaten diren migratzaileak eskola "gutxi batzuetan" biltzen dira; alegia, ghettoak sortzen ari dira.

Horren aurrean, baliabideak eskatu dituzte hainbat eskolek.

Bestalde, bada beste hari mutur bat: diru publikoz finantzatzen dira, hein batean, eskola kontzertatuak, eta, neurri oso txiki batean erantzuten diote migratu dutenen beharrei.

Nafarroan jaiotako haurren datuei so, erdia sare publikoan dago, eta beste erdia kontzertatuan edo pribatuan. Migratu dutenekin alderatuta, oso bestelakoa da portzentaia.

Baremoa aldatuko balitz?

Une honetan, etxetik gertu dauden zentroetara joaten dira sistema publikoan izena eman duten umeak, eta kontuan izaten da, besteak beste, ea anai-arreben bat daukaten apuntatutako zentroan.

Datorren urteari begira, baremoa aldatzea aztertzen ari da Nafarroako Gobernua, migratzaileak zentro gutxi batzuetan egotea ekiditeko; beti ere, gertutasunaren faktorea lehenetsiko lukete, dena dela. Ez da neurri soila. Izan ere, gatazkatsua da gaia. Orain, bidea egiten duen aztertzea falta da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!