Polizia indarkeriaren biktimak Espainiako Gobernuaren helegitearen aurka

Euskalerria Irratia 2016ko mar. 9a, 12:12

Biktima gisa ez aitortzeko aitzakia da helegitea euren ustez. Egia, justizia eta aitortza aldarrikatzen segitzen dute. Eta Nafarroako erakundeei ere, bide horretan segitzea eskatu diote.

Urtebete eginen du datorren martxoaren 26an, Nafarroako Parlamentuak aurrera atera zuela eskuin muturreko taldeek eta poliziek eragindako indarkeriaren biktimen foru legea. Ordura arte biktima horiekiko utzikeria gainditzeko lehen urrats egin zuen. Izan ere, 2010ean onartutako Terrorismoaren Biktimen Legetik kanpo geratu ziren biktima horiek, eta iazko foru legearen bidez alde bateko zein besteko biktima guztiak aitortu zituen. Hala ere, abenduan Espainiako Gobernuak Konstituzionalera jotzea erabaki zuen lege foru hori estatuaren oinarrizko bermeak urratzen zituela.

Aitzakia iruditzen zaie biktimen senitartekoei. Ihesbide bat baino ez. Eta hori adieraztera irten dira agerraldi bateratuan zenbait biktima eta horien senitarteko. Arrazoi politikoengatik hildako senideren bat dute denek. Eta urteotan guztiotan gutxietsiak, baztertuak eta isilaraziak izan direla ohartarazi dute. Nafarroako Parlamentuaren foru legeak poza eragin zien. Denbora askoren ostean, aitortza behintzat iritsi zitzaielako. Egia eta justizia eskuratzeko lan egiteko borondatea ikusi zutelako. Espainiako Gobernuaren ikuspegia baina, erabat desberdina da eta giza eskubideen urraketarekin segitzeko asmoa du.

Aurrera begiratzeko unea

Egia, justizia eta aitortza aldarrikatzen segitzen dute. Eta Nafarroako erakundeei ere, bide horretan segitzea eskatu diote. Mugen eta oztopoen gainetik, etorkizunera begirako konpromisoak direlako.

Eginkizun horretan, laguntza eskaini diete poliziek eta eskuin muturreko taldeek eragindako senitartekoek. Hala, ostiralean Nafarroako Parlamentura joanen direla azaldu dute. Alvaro Baraibar da joatekoa. Bake, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen zuzendaria da Baraibar. Lan saioa izanen du, bere departamentuaren lan ildoak zeintzuk izanen diren azaltzeko. Gertutik entzun nahi dute senitartekoek zein bide eginen duten.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!