Kulturan eta Ogasunean euskara eskakizun duen lanpostu bakar bat ere ez dago

Euskalerria Irratia 2016ko mar. 3a, 20:26
Ana Ollo. Arg: eitb.eus

Justizia Departamentuan %0,1 dira euskarazko postuak eta Osasunbidean, 5.812 langilerekin,  kopurua ez da %0,5era iristen, eta ez C mailako postuetan.

“Egiturazko miseria” bezala definitu Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bozeramaileak egun Nafarroako Administrazioan dagoen langile euskaldunen falta.  Kontratazio berriak egiterakoan aurreko gobernuek erakutsitako euskararekiko “zuhurkeria” da honen  arrazoia,  Ana Ollok esan duen bezala.

Geroa Baiko Maria Solanak eginiko galderari erantzun dio Ana Ollo gobernuko bozeramaileak, eta iragan astean Euskarabideko zuzendari-kudeatzaile Mikel Arregik emandako datu orokorrak aletu ditu. Ollok azaldu duenez, oro har, bi departamentutan biltzen dira euskara eskakizun duten lanpostu gehienak: Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanak, alde batetik, eta Hezkuntza, bestetik.

Olloren esanetan, «bereziki deigarria da» bi departamentutan ez dagoela euskara eskakizun duen lanpostu bakar bat ere: Ogasun Departamentuan eta Kulturan. Horiez gainera, Justizia Departamentuan, lanpostuen %0,1ean eskatzen da euskara, eta Osasunbidean, berriz, langile euskaldunen kopurua ez da %0,5era iristen. «Zehazki, Nafarroako Ospitale Gunean ez dago euskarazko profila duen lanpostu bakar bat ere».

Hezkuntzaren kasuan, postuen %29tan egiten dira hizkuntza eskakizunak. Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanen Departamentuan, berriz, 93 itzultzaile lanpostuetan soilik eskatzen da euskara ezagutzea. «Horrez gainera, kazetari bat eta teknikari euskaldun bakarra dauzkagu».

Bozeramaileak gaineratu duenez, UPNren gobernuak LEP Lan Eskaintza Publiko bana egin zuen 2007an eta 2009an Osasunbidean: «Deialdi horietan ateratako 1.500 lanpostuetatik, 10etan bakarrik eskatzen zen euskararen ezagutza».

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!