Sormen tailerretan izena emateko epea, zabalik

Euskalerria Irratia 2016ko urt. 22a, 14:21
Argazkia: Ogia egiteko tailerra da antolatu dutenetako bat.

Astelehenetik aurrera izena eman daiteke sormen tailerretan: besteak beste, gozogintza, argazkigintza, ogia egiteko tailerra, bizikleta konpontzekoa eta xaboiak egitekoa daude.

Euskarazko sormen tailerren harira, ikastaro monografikoak antolatu dituzte Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak.

Gozogintza izanen da horietako bat. Gozoki klasikoekin hasi, eta oinarrizkoak diren teknika eta prozesurekin jarraituko dute, teknika berrienak landu arte. Otsailaren 15etik aurrera eginen dute, astelehenero, 19:00etatik 21:15etara. Zortzi saio izanen dira, hemezortzi ordu, orotara, Gazteriaren Etxean.

Zure txirrindula konpondu. Horra bestelako monografiko bat. Oinarrizko mekanika ikastaroa jarriko dute erabiltzaileen eskura, matxura ohikoenak konpondu eta bizikleta egokitzeko. Bost saio izanen dira, hamar ordu guztira. Astelehenean izanen da 19:00etatik 21:00etara. Otsailaren 15ean hasira. Jus la Rochan eskainiko dute.

Etxeko ogia egiteko aukera ere izanen du nahi duen horrek. Ama-orezko ogia, ogi kreatiboak, pizza... Hamar ordu bost saiotan eskainiko dituzte, asteazkenean, 19:00etan eta 21:00 arte.

Kaleko argazkigintza lantzeko ikastaroa ere aurkeztu dute. Hamabi ordu landuko dituzte, sei saiotan. Asteazkenetan izanen da, 19:00etatik 21:00 arte. Kondestable jauregian.

Baratza bat nork bere balkoian muntatu nahi badu zer? Bada, egin dezake, eta horretara bideratuta atondu dute, hain justu, lur eta ongarri motak, uraren garrantzia, landareen atal nagusiak eta beste ikasteko Baratza zure balkoian tailerra.

Eta xaboiak eta ukendu naturalak egin nahi dituztenek bost saio izanen dituzte, Iturramako institutuan, ostegunero 17:30etatik 20:00etara.

Nola eman daiteke izena?

010 telefonora deituta eman daiteke izena, bai eta 948 420 100 zenbakira deituta ere. Informazio gehiago nahi izanez gero, 600 411 487 sakelakoa ere eskaini dute. Posta elektronikoa: sormentailerrrak@global-sc.net. Facebook orria ere badute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!