Epaileak baztertu egin du Osasuna pertsona juridiko gisa inputatzea

Euskalerria Irratia 2016ko urt. 13a, 08:07
Osasuna auzian epaitegietan izandako mugimenduen artean hauxe bat. Arg:futbolmundial.com

Fermin Otamendi Iruñeko Bigarren Instrukzio Epaitegiko epaileak baztertu egin du Osasuna auzian, kirol ustelkeriagatik taldea bera pertsona juridiko gisa inputatzea.

Epaileak joan den azaroaren 18an atzeratu zuen erabakia: Osasuna Futbol Taldeak inputatu gisara jarraitu behar ote zuen auzian edo akusazio partikular gisa aritu beharko litzatekeen. Fiskaltzak orduan, hiru partidatan iruzurra eta azpikeria erabiltzeagatik inputatu nahi zuen: Betis-Valladolid, Espanyol-Osasuna eta Osasuna-Betis izanen lirateke amañua jasandako hiru partida horiek. Akusazio partikular gisa segitzeko eskaera ere egin zuen Fiskaltzak, ulertu baitzuen Osasunako diru-kutxatik ateratzen zen diru guztia ez zela partida horiek ordaintzeko bakarrik erabili.

Fermin Otamendi Iruñeko Bigarren Instrukzio Epaitegiko epaileak baztertu egin du orain, kirol ustelkeriagatik taldea bera pertsona juridiko gisa inputatzea.

Auzi nagusian 27 lagun daude inputatua, horien artean azken bi urteotako presidenteordeak, Kudeaketa Batzordeko kide ohiak, gerente ohia, zuzendari ohiak, langile ohiak eta baita talde gorritxoko jokalari ohi zein egun ari direnak ere.

Otamendiren azken erabakiaren arabera Osasuna taldea, ez da akusatuen eserlekuan eseriko, Fiskaltzak, Futboleko Liga Profesionalak edo interesa duen alderen batek helegiterik jartzen ez badu.

Gorritxoentzat hortaz, ez da ondorio penalik izanen. Hori bai, kirol zigorra Futboleko Liga Profesionalaren erabakiaren kontura geratuko litzateke, entitate independente gisara. Hain zuzen, joan den hilean Javier Tebas Medrano Espainiako Ligako presidenteak iragarri zuen ez duela inolako zalantzarik Osasunak inputazioa izanen zuela. Gogorarazi du Tebasek Osasunak berak ireki zuela prozesu judiziala, salaketa bat jarri zuen joan den otsailean 2,3 milioi euro desagertu zirelako taldearen diru-kutxatik.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!