Sabino Cuadra: “Indartsu joan behar dugu Madrilera, haustura demokratikoa bultzatzera”

Euskalerria Irratia 2015ko abe. 18a, 14:43

Nafarroako EH Bilduren zerrendaburuaren arabera, diputatua lortzeaz gain %15eko langa gainditu nahi dute, talde parlamentario propioa lortu ahal izateko.

Elkarrizketa bideoan grabatzen ari gara. Konstituzio bat hautsi beharko duzu. Edo sikiera senyera-dun elastikoa jarri…

Ez, eguneroko jantziekin etorri gara, eta nahiko horrekin.

Aktoreei egiten zaien galdera eginen dizut: uste duzu diputatu protesta egilearen rol horretan enkasillatzen ari zarela?

Kongresuko eztabaidetan 200 aldiz parte hartu dut, eta bakarrik bospasei aldiz egin dut halako keinu bat: plastikozko poltsa beltz batekin, ikurrinarekin… Eta arrazoi horregatik bakarrik jada markatuta geratzen zara. Horrek esan nahi du Kongresuan egunero egin duzun gainontzekoa ezkutatu egin dutela, apropos…

Beraz, hedabide handietara iristerik ez, halako protesta ikusgarririk egin gabe.

Bai, baina ez genuen horregatik egin. Agian arrazoi bat gehiago izan daiteke. Halakoak egin genituen pentsatu genuelako halakoak egin behar zirela Kongresuan. Kongresua ez da tenplu bat…

Hitzaren tenplu esaten diote.

Hipokrisiaren tenplua esanen nuke nik. Eta Konstituzioa berdin: ez da Biblia…

Ez al da Espainiako Konstituzioa sortzez garbia?

Batzuek hori esaten dute, baina Konstituzio horrek zazpi aita ditu eta amarik ez, orduan… Eta idatzi zuten horietako batek espresuki kontatu zuen alboko gelan militarrak zeudela, esaten artikulu honetan hau nahi zutela, hurrengoan bestea, eta zortzigarren artikulua nolakoa nahi zuten.

Halako protestak egiten dituzularik, zer diote beste diputatuek?

Batzuek txaloka hartzen naute, beste batzuek oihuka. Denetarik dago Kongresuan. Konstituzioari bi orri kendu nizkionean, diputatu gutxi zegoen, egunero gertatzen den bezala. Baina gero jakin zuten, eta Posadas presidentearengana joan ziren espantuka. Nik egin nuena egin nuenean, Posadas presidenteak ez zidan ezer esan. Baina bozeramaile batzuk beregana joan ondoren, orduan bai errietan egin zidan. Neurri handi batean muntaia mediatiko bat izan zen. Azkenean ez didate inolako zigorrik ezarri.

Lelo asko oihukatu dituzu Kongresuan zein Kongresutik at. Kanpaina honetan zer diozu: ez, ez, ez, jubilaziorik ez?

Hori gehiago oihukatu nuen duela lau urte. Jada erretiraturik nengoen, eta Madrilera joatea egokitu zitzaidan. Orain errepikatzea tokatzen da. Badirudi lan polita egin dudala, Amaiurrek Diputatuen kongresuan egindako lana aitortzen dela ikusten dut kalean.

Lau urte eman dituzu Kongresuan. Zer ondorio atera duzu?

Politikoki ikusi dugu PPko gobernuak kontra-erreforma atzerakoia egin duela, eta alor guztietan islatu da: sozialean, hezkuntzan, osasungintzan, naziogintzan… Eta bestalde lehen ere esan dut argi ikusi dudala Kongresua hipokrisiaren tenplua dela.

Baina halere errepikatu nahi duzu. Zergatik?

Hemengo jendeak eskatu didalako, esan didalako nik egindako lana interesgarria izan dela, eta hemen egin diren lanen, borroken osagarria, lagungarria izan dela.

78ko erregimenaren gainbeheraz mintzatu da legealdi honetan. Nola dakusazu erregimen hori?

Erregimena krisi sakon batean sartuta dago, baina kontuan hartu behar da bipartidismoa bukatzea eta erregimena amaitzea gauza ezberdinak direla. Ustelkeriak eta hamaika mobilizaziok gogor jo dute. Eta Kataluniako torpedoak bete betean jo du erregimenaren ontzia.  Gauzak horiek guztiak bilduta argi dago sistema, erregimena krisi sakon batean dagoela. Duela sei urte esaten ez zena esaten da orain: meloia ireki behar da. Zein heinean irekiko duten? Hori ez dakigu. Baina sartu behar da hortik gure indarrarekin, haustura demokratikoa bultzatzeko, aitor dadin gure erabakitzeko eskubidea herri moduan, eta ikuspegi sozialetik beste haustura bat lortzeko. Kontra-erreforma horren aurkako kontra-erreforma egin behar dugu.

Bipartidismoa krisian da, alderdi berriak direla eta. Zer iruditzen Ciudadanos?

PPren fotokopia da, koloretan. PP gastatua dago, ilun samar. Eta bipartidismoa amaitzen dela ikusita, benetako botereek koloreko fotokopia egin dute, leku berean segitzeko.

Eta zer iruditzen Podemos-Ahal Dugu? Zuen lehiakidea da Hego Euskal Herrian…

Baita kidea ere. Ezin duzu hori jarri besteekin batera eta esan “horiek dira…”, Ezkerreko indarra da. Baina azken hilabeteotan mantendu dituzten zenbait jarreratan alde ilunak ikusten ditugu.

Adibidez?

Katalunian, hauteskundeetan mantendu duten jarrera kezkagarria iruditu zait. Eta politika aldaketa batzuk ere egin dituzte. Adibidez, hasieran OTANen aurka jotzen zuten modu argi batez. Baina gero esan dute mantendu behar direla tratatu eta aliantza guztiak. Eta horrek eragin zuzena du Nafarroan. Bardeako tiro eremuaren erabilera epea 28an amaituko da. Kontrajarri samarra da OTANi buruz hori esatea eta gero Nafarroan tiro eremuaren aurka azaltzea. Jeneral bat zerrendetan sartzea bezala. Zerua konkistatzea Aire Armadako jeneralekin nahiko kontrajarria da.

Hori guztiori horrela, aukerarik ikusten al duzu PP gobernutik kentzeko?

Ez dakit zer gertatuko den Kongresuan. Gu hiru mezu garbirekin joango gara. Lehena, erabakitzeko eskubidea. Gure egunerokoari erabat lotuta, hemen Nafarroan PPk 16 lege indargabetu baititu. Bigarrena, bake prozesua. Lau urte hauetan blokeaturik egon da, eta atzerapausoak ere ikusi ditugu. Eta hori garrantzitsua da. Hor lehen pausoa presoak hurbiltzea izan behar da. Eta hirugarren mezua, krisi honi ezkerreko irtenbideak ematea. Horiek dira gure erronka nagusiak Kongresuan.

Bai, baina zuen botoa beharrezkoa balitz PP agintetik kentzeko?

Panorama ikusi behar. Besteek zer esaten duten ikusi behar. Esaten badute mantendu behar dela Konstituzioa dagoen bezala edo erreformatxo batekin, edo esaten badute ez dugula erabakitzeko eskubiderik… Ikusiko dugu.

Lehen prozesu konstituziogileaz mintzo ziren. Orain, Konstituzioaren erreformaz. Zeintzuk dira zuen gutxienekoak?

1978an aldaketarekin iruzur ikaragarria egin ziguten. Orain ez dugu nahi horrelako aldaketa bat. Gu ez gaude bigarren trantsizioaren alde baizik eta lehen haustura demokratikoaren alde. Bisturia edo motozerra sartu behar da, egungo sistema aurreko erregimenera lotzen duten kate guztiak mozteko. Alor guztietan: erabakitzeko eskubidea, Estatuaren egitura guztien demokratizatzea, alor soziala. Aurrekoan 135 artikulua erabat aldatu zuten, bankeroen interesak gainontzekoen interesen gainetik jartzeko. Eta gauza horiek erabat aldatu behar dira. Ez da behar erreforma baizik eta haustura demokratikoa.

Eskuin politiko eta mediatikoa igandeko hauteskundeak foru hauteskundeen bigarren bira balira bezala aurkezten ari dira. Zer iruditzen?

Bada guk lehen momentutik esan genuen hortik jo behar zuela apustuak: hemengo aldaketa politiko eta soziala indartu Estatuko hauteskunde hauen bitartez. Horregatik planteatu genuen lehen momentutik hautagaitza bateratzailea sortzea, ez bakarrik Senaturako, baita Kongresurako ere. Uste genuen horrela hemengo aldaketa indartuko genuela. Bestalde, CEOE, Brusela eta OCDE argi eta garbi esaten ari dira lan erreforman eta pentsioen murrizketan sakondu behar dela, eta hori iristen denean guztiok batera aurre egin nahi genion. Eta denok batera aurre egin nahi genion, halaber, Konstituzioaren erreformaren bitartez batzuek planteatzen dutenari: kafesnea guztiontzat.

Oldarraldi birzentralizatzailearen beldur zara, beraz.

Ciudadanosek oso argi dio denentzako kafesnea nahi duela. Eta horrek esan nahi du eskuduntza gutxiago. PPk antzeko zerbait esaten du hemen ez dagoenean. Nafarroan ez dute halakorik botatzen. Baina beste baroi batzuek oso argi esaten dute. Gure ustez, kontua ez da bakarrik hitzarmenarena. Azken urteotan PPk 16 foru lege bertan behera utzi dituzte. Eta Madrilen lege asko onartu dute gure gehiengo politiko, sozial eta sindikalaren aurka. Ez da bakarrik onartzen duguna bertan behera uzten dutela, eta guk gaitzesten dutela haiek onartzen dutela. Orain, hirugarren erasoa dator: eskuduntzak kendu nahi dizkigute.

Inkesta gehienek diputatu bat ematen dizuete. Ez, ordea, denek. Zer espero duzue?

Kristalezko bola etxean utzi dut, baina kontent gaude azken bi asteotan kalean, mitinetan ikusi dugulako jendea berotzen ari dela. Gure helburua hemen Nafarroan ez da bakarrik diputatu bat lortzea. Horretaz gain %15a gainditu nahi dugu, Kongresuan talde propioa eduki ahal izateko, iragan legealdian aitzakia hori erabili baitzuten zegokigun taldea ukatzeko.

Eta nola dakusazu Senaturako lehia? Aldaketa hautagaitza bateratuaren kanpaina apal samarra iruditu zait.

Egia da. Agian gainerako kanpainek estali dute Senatuko kanpaina. Halere ekitaldiak egin dira, 15 bat herritan. Bestalde, EH Bilduk egindako mitin guztietan behintzat, Aldaketa hautagaitzaren kontua aipatu dugu, espresuki. Garrantzi handia dauka hiru senatariak lortzea. Jada badugun autonomikoarekin lau lirateke. Egoera politiko honetan, Konstituzioaren erreforma planteatzen badute, lau senatari azaltzea erreformaren aurka eta bakarra alde, sinbolikoki zein politikoki oso garrantzitsua litzateke.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!