Euskararen erabilera "gizarte eremu guztietara" zabaltzeko konpromisoa hartu du gobernuak

Euskalerria Irratia 2015ko abe. 2a, 12:52
Argazkia: Euskararen aldeko mobilizazio bat, Iruñean.

Euskara "nafartasunaren ezaugarri funtsezkoa" dela adierazi du Exekutiboak, Euskararen Egunaren karietara zabaldutako adierazpenean. Halaber, "gizartearen bizikidetzarako eta kohesiorako duen balioa" ekarri du gogora.

Hona hemen Nafarroako Gobernuaren adierazpena:

Euskara hizkuntza nafarra da, behialako nahiz egungo nafarren mintzaira; gure kultura ondarearen zeinurik berezienetariko bat eta nafartasunaren ezaugarri funtsezkoa; gure-gurea den hizkuntza eta euskal hiztun komunitatea osatzen duten beste lurraldeekin nafarrook parkekatzen duguna.

Gure historian euskarak ez du nafar jendartean beti leku bera izan. Nafarroa gehieneko eta nafar gehienen hizkuntza izatetik geografikoki zokoraturik eta sozialki apaletsirik egotera iritsi zen. Hiztunek eutsi zioten euskarari eta horiei esker iraun du bizirik gaurdaino. Nafar jendeak euskararekiko atxikimendua erakutsi du eta egun euskara Nafarroa osoko gizarte gertakaria da eta belaunaldi guztietako nafarren eguneroko adierazpidea.

Euskara hizkunta modernoa da, gaurkotua eta egungo bizimoduari egokitua. Mintzaira orok bezala, hiztunen komunikazio beharrak asetzen segitzeko euskarak tokia behar du gizarte modernoan: hedabideetan, teknologia berrietan, goi mailako ikasketetan, kultura produktuetan edo aisialdian.

Horretaz jabeturik, Nafarroako Gobernuaren konpromisoa nafar gizarteari euskara normaltasun osoz baliatzeko aukera ematea da. Nafarrok geure bi hizkuntzen elkarbizitzarako gizarte adostasuna erdietsi beharra dugu, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea xedea dela.

Hala bada, egungo mundu globalizatuan hizkuntza aniztasunak duen ontasunaz eta eleaniztasunak dakartzan onurez sinetsirik, Nafarroako Gobernuak Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat egiten du eta mintzaira nafar honek egungo gizartearen bizikidetzarako eta kohesiorako duen balioa berretsi nahi du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!