“Argiak nagusi izan dira aldaketaren lehen 100 egunetan”

Euskalerria Irratia 2015ko urr. 30a, 11:40

Nafarroako aldaketaren gobernuak 100 egun bete dituen honetan, Geroa Baiko Maria Solana, EH Bilduko  Bakartxo Ruiz, Podemos-Ahal Duguko Eduardo Santos eta Izquierda-Ezkerrako Joseba Ezeolaza elkartu ditugu, autoebaluazioa egin dezaten.

Maria Solana: "Ez da etenik izan"

Geroa Baiko Maria Solanaren aburuz, “lehen egun hauetan onena izan da etenik ez dela egon, eta hori ez zen erraza”; izan ere, “gai izan gara Gobernua osatzeko, organigrama antolatzeko, bitartean egin beharreko guztiak egiteko eta aldatu beharrekoak aldatzen hasteko”. Baina “atzerapausorik ere izan da, nahiz eta “behar den norabidean ari garen aurrera”.

Bakartxo Ruiz: "Ez da beldurrik eduki behar"

EH Bilduko Bakartxo Ruizen irudikoz, “30 urteko erregimena desmuntatzea eta eredu berri bat eraikitzea lan nekeza da, eta ez da 100 egunetan egiten, baina dagoeneko aurrerapauso batzuk eman dira politika sozialetan, memoria historikoan, Euskalerria Irratiaren lizentzian…”. Ibilbidearen itzaletan, Imanol Haranbururen kargugabetzea aipatu du Ruizek: “Eta hortik harago, badugu kezka, nolabaiteko zalantza edo beldurra dagoelako erregimenaren sektoreek ezartzen diguten presioaren aurrean normaltasuna nabarmentzeko, eta urrats sendorik ez egiteko, eta aldaketa gauzatzeko hautatu gaituzte, eta aldaketa egitea da normalena”.

Eduardo Santos: "Elkarrizketaren kultur berria zabaldu da"

Podemos-Ahal Dugu-ko Eduardo Santosen iritziz, “hoberena da aldaketa gauzatu dela, Parlamentuko gehiengoan oinarriturik Gobernua martxan jarri dela, beste elkarrizketa kultura bat zabaldu da, giroa aldatu da erabat, eta beste departamentuetatik dirua bildu da politika sozialetara bideratzeko”. Itzalen artean, Ruizekin ados Santos: “Beldurren bat sumatzen dugu diskurtsoan. Gauzak argi esan behar dira. Aldaketa gauzatzera etorri gara. Ez dugu besten diskurtsoaren preso izan behar. Horrekin hanka sartzeren bat izan da”.

Joseba Ezeolaza: "Jarraipen Batzordeari garrantzi gehiago eman behar zaio"

Izquierda-Ezkerrako Joseba Ezeolazaren ustez, “bazterketa sozialaren aurkako neurriak hartzea da gure lehentasuna, eta alor horretan eragin zehatza izaten ari gara, etxe kaleratzeak ekiditeko neurriak martxan jarri dira, babes ofizialeko etxebizitzen moduluak ere behera egin du… Aldaketak eragin konkretuak edukitzea garrantzitsua da”. Akatsei dagokienez, “akordio programatikoaren Jarraipen Batzordearen paperari duen garrantzia eman behar zaio, ematen ari zaiona baino gehiago”.

Horiek eta gehiago kontatu dizkigute bideoan osorik ikus dezakezuen solasaldian.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!