Nafarroako Gobernua etxebizitzaren alokairu publikoa sustatzearen alde

Euskalerria Irratia 2015ko ira. 28a, 19:17

Eskubide Sozialetako lehendakariordea Hipotekek Kaltetutako Plataformako kideekin bildu da gaur goizean. Bileran etxegabetzeen aurkako protokolo bat sustatzea eta pobrezia energetikoa arintzeko har daitezkeen neurriak aztertu dira, besteak beste. 

Eskubide Sozialetako lehendakariorde Miguel Laparrak Hipotekek Kaltetutako Plataformei jakinarazi die Nafarroako Gobernuaren borondatea dela alokairu publikoko sustapen-politikak lehenestea, beste neurri batzuen artean.

Bilera Nafarroako Jauregian egin da. Plataformen ordezkariak izan dira: Ángel Larrea, Jesús Hernández, Carlos Oiz, Pedro Sanz Ciordia, Conchi Ramírez, Enrique Guerrero Pérez, Xabier Barrena Mendióroz eta Dora Ruiz Rodríguez. Aldiz, Eskubide Sozialetako lehendakariordearekin batera izan da gabineteburu Txema Mauleon, bai eta Etxebizitza Zerbitzuko zuzendari Javier Etayo ere.

Bileran etxegabetzeen aurkako protokolo bat sustatzeari lotutako guztia sakon aztertu da, eta baita har daitezkeen neurriak ere pobrezia energetikoa arintzeko, babestutako etxebizitzaren alokairua sustatzea, eta gomendagarriak diren arau-aldaketak egitea hipoteka-zordunen alde egiteko.

Testuinguru horretan, lehendakariordeak larrialdiko laguntza-programa bat berehala onartuko dela iragarri du; 2 milioi eurokoa izanen da, eta Plataformetatik egindako eskaera gehienei erantzuteko erabiliko da zati handi batean, etxebizitzako gastuei aurre egiteko larrialdiko laguntzak edota pobrezia energetikoa arintzeko neurriak hartzeko, besteak beste.

Etxebizitzaren plan estrategiko berria

Laparra lehendakariordeak harrera ona egin die Plataformek egindako eskaera gehienei, eta etxebizitza-arloan lehentasunezkoak diren jardueren berri eman die. Alde horretatik, etxebizitzaren plan estrategiko bat abian jarriko dela iragarri du, eta bertan eredu berri bat jorratuko da, etxebizitzaren bermea eskubide baten moduan oinarrituta.

Halaber, eta marko horretan, Nafarroako Gobernuak babestutako etxebizitza alokatzeko politika sustatzen duen asmoa adierazi du, horretako zenbait tresna erabiliz: alokairuko etxebizitzaren sustapen publikoa; lurraldean sakabanatzea ekarriko duten alokairuko kudeaketa sozialeko formula berritzaileak abiaraztea; alokairuko etxebizitza pribatua sustatzeko bideragarritasun-baldintzak baloratzea; alokairu-poltsa sustatzea izan daitezkeen eragozpenak uxatuz; pizgarriak nahiz informazioa hobetuz; eta BOEen moduluaren prezioa murrizten, babestutako etxebizitzaren erosketa-prezioetan nahiz BOEen alokairu-prezioetan jaitsiera ekarriko duena.

Neurri hauetaz gain, lehendakariordeak alokairuko bide-laguntza sozialeko programak iragarri ditu, eta etxebizitza-arloko orientazio nahiz bitartekotzakoa. Programa horiek hipoteka ordaintzen ez den kasuetarako ez ezik, alokairuko etxebizitzetako etxegabetzeen arloko bitartekotzarako ere izanen dira, azken horien arazoa handitu egin baita azken garaietan.

Azkenik, Nafarroako Gobernuaren ordezkaritzak jakinarazi du GE (Gizarteratzeko Etxebizitza) eta GAE (Gizarteratzeko Alokairuko Etxebizitza) programak berrikusi eta sustatzeko asmoa duela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!