Gaur abiatuko da Nafarroako Parlamentuko IX llegealdia

Euskalerria Irratia 2015ko eka. 15a, 11:35
Argazkia: parlamentodenavarra.es

Nafarroako Parlamentua eratzeko bilkura eginen dute gaur, 11:00etan. Legebiltzarreko presidentea eta Mahaiko gainontzeko kideak aukeratuko dituzte.

Nafarroako Parlamentuaren IX legealdia asteazkenean hasiko da, hilaren 17arekin, 11:00etan. Orduan elkartuko dira lehendabizikoz 50 parlamentariak. 15 UPNkoak dira, 9 Geroa Baikoak, 8 EH Bildukoak, 7 Podemos-Ahal Dugukoak, 7 PSNkoak, 2 PPNkoak eta beste bi Izquierda-Ezkerrakoak.

Geroa Baik, EH Bilduk, Podemosek eta IEk dagoeneko aurreratu dute elkarrekin bozkatuko dutela. Hori horrela, ziurtaturik dago lehendabiziko aldiz Parlamentuko presidentea ez dela izanen ez UPNkoa ezta PSNkoa ere. Nolanahi ere, aldaketaren aldeko indarrek iragarri dute bai erregionalistek baita sozialistek ere Mahaian tokia izanen dutela, “askotarikoa” izatea nahi dutelako.

Euskalerria Irratiak jakin ahal izan duenez, aldaketaren aldeko indarrek Podemosi eskaini diote Parlamentuko presidentetza, baina oraindik ez dago argi Laura Perezen alderdiak eskaintza onartuko duen ala ez.

Adinaren Mahaian, Koldo Martinez presidente

Legealdiko lehen bilkuraren hasieran, presidentea Geroa Baiko Koldo Martinez izanen da, parlamentaririk zaharrena delako, eta koalizio bereko Jokin Castiellak eta PPNko Javier Garciak eginen dituzte idazkari lanak, gazteenak direla eta.

Bilkuraren hasieran, Iruñeko Katedraleko Musika Kaperak Nafarroako ereserkia abestuko du. Jarraian, letratu nagusiak foru parlamentari hautatuen zerrenda irakurriko du. Horren ondotik, parlamentari guztiek kargua hitzeman edo zin eginen dute.

Hori egin eta gero, etenaldia eginen dute. Tarte horretan, taldeek Parlamentuko Mahaia osatzeko hautagaiak aurkeztu ahal izanen dizkiote idatziz Adinaren Mahaiari. Bost lagunek osatuko dute Parlamentuko Mahaia: presidente batek, bi presidenteordek eta bi idazkarik. Saioa berrasten dutelarik, parlamentariek banan-banan emanen dute botoa, hautetsontzira hurbilduz. Zenbaketa ahots altuan eginen dute.

Bilkura amaiturik, Parlamentuko presidente berriak hamar eguneko epea izanen du taldeetako eledunekin harremanetan jarri eta Nafarroako presidente izateko hautagairik aurkeztu nahi ote duten argitzeko. Inbestidura bilkurara gutxienez hiru eguneko aurrerapenarekin deitu beharko du. Hauteskundeak egin zirenetik (maiatzaren 24tik) hiru hilabete igaroko balira foru presidente berririk hautatu gabe, Parlamentua desegin beharko litzateke, eta hauteskundeak errepikatu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!