“Aldaketa gure esku dago”

Euskalerria Irratia 2015ko eka. 11a, 12:22

Gizarte zibileko hiru eragile bildu ditugu mahaiaren bueltan, azal diezaguten nola dakusaten aldaketa sozial eta politikoaren erronka, M24tik 18 egun igaro diren honetan. Hirurok bat datoz: zuhur jokatu behar da, ahantzi gabe zenbait alorretan larrialdi egoeran gaudela eta neurriak ahalik eta lasterren hartu behar direla. Diotenez, lan zaila da baina gauzagarria: “Aldaketa gure esku dago”.

Saioa Zabaltza: Ekonomialaria da eta Paris 365 elkartean egiten du lan. Justizia sozialaren alde aritzen dira, besteak beste, jantoki sozialen bitartez.

David Garnatxo: Landare elkarteko kudeatzailea da. Produktu ekologikoen kontsumitzaileen elkarte bat da. Merkataritza bidezkoa ere lantzen dute. Eta Ekonomia Sozial eta Solidarioaren Sarean (REAS) parte hartzen dute.

Kepa Yecora: Steilas sindikatuko Nafarroako koordinatzailea da. Euskal eskola publikoaren alde egiten dute lan.

Hauteskundeak egin zirenetik bi aste igaro dira. Aldaketaren aldeko indarrek irabazi dute. Zein iritzi duzue zabaltzen ari den garai politiko berri honen aurrean?

Kepa Yecora: Sentimendu kontrajarria dut. Ezin dugu huts egin aldaketarako prozesu honetan. Erronka handia eta zaila dute elkarlanean ariko diren lau alderdiek. Aldaketa estrukturala behar da.

David Garnatxo: Egunotan sumatzen dut politikariak hitz egiten ari direla haien artean baina herritarrok ezer gutxi dakigu horretaz. Elkarrizketen berri eman beharko ligukete. Gizarteak ahalbidetu du egoera politiko berria eta informazio hori zor zaigu.

Saioa Zabaltza: Nire ustez goiz da oraindik eta komeni da diskrezioz aritzea lanean. Orain egin beharko luketena da, ados dauden gaietan sakontzea. Ez lukete gauza txikietan galdu behar.

Zein ekarpen egin dezakete eragile sozialek aldaketa sendotzeko?

Kepa Yecora: Eskuzabalak izan behar dugu guztiok. Gizartea anitza da. Sektore bakoitzean lanean ari diren eragile guztiek badute zer esana. Alde ezberdinak inplikatu behar ditugu. Orain arte, Nafarroa haien txiringitoa balitz bezala gobernatu dute. Aurrera begira, aukera eman behar zaio parte hartu nahi duen orori. Guztion Nafarroa eraikitzeko garaia da. Gure onena emateko mementoa da.

David Garnatxo: Nire ustez garrantzitsuena da sinestea gure esku dagoela aldaketa. Nafarroa beste era batera antolatzeko nahia azaldu dute herritarrek. Beraz, goazen aldaketak martxan jartzera. Zenbaitetan mantso ibiltzea komeniko da baina alor askotan premia handiak daude eta neurriak ahalik eta lasterren hartu beharko dira. Herritarrok parte hartzeko bideak finkatu behar dira. Erabakiguneak zehaztu behar dira.

Saioa Zabaltza: Helburu nagusia da aldaketa gertatzea. Desadostasunak kudeatzen ikasi behar dugu. Eztabaidatzen jakin behar dugu. Gure iritzia ez dutenak entzutea komeni da.

Zein izan beharko lirateke Nafarroako Gobernu berriaren lehentasunak?

Kepa Yecora: Irakaskuntzaren alorrari dagokionez, ikastetxe kontzertatuei ematen zaizkien laguntzak berraztertu behar dira. Sektore publikoaren aldeko apustu garbia ezinbestekoa da. Langileen lan baldintzak, ikastetxeen egoera eta azpiegiturak hobetu behar dira. Hezkuntza eredua finkatu behar da.

Saioa Zabaltza: Hiritarren ongizatea da lehentasuna. Gure elkartean ikusten ditugu beharren dauden pertsona asko: lanik gabekoak , laguntza behar dutenak bizitzeko, kalean bizi direnak, inongo diru sarrerarik ez dutenak… Guzti horiek gizarteratzea da lehentasuna.Proposamen zehatz zenbait ere egiten ditugu. Eskoletako jantokiak dohainik izatea, gizarteratze errenta handitzea, funts berezia sortzea behartsuenak laguntzeko, etzebizitza eskubidea bermatzea, enplegua sortzeko formazioa lantzea…

David Garnatxo: Aurrekontu berriak egiten direnean, ezin da AHTren aldeko apustua egin, ezin da itzalpeko bidesariekin jarraitu, ezin dira Nafarroako azpiegiturak edonola egin. Gizarteari galdetu behar zaio. Hori da demokrazia. Ez diogu beldurrik izan behar galdetzeari. Bestalde, nahiz eta hauteskundeak ez irabazi, boterea haien eskuetan duten erakunde zenbaiti erakutsi behar diegu aldaketa datorrela: Opus, Volkswagen, CCOO UGT, Enpresarien elkarteak jakin behar dute amaitu direla orain arteko laguntzak eta mesedeak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!