Urtarrilean oroitarri berberak jasan zuen erasoa. Hondaturik agertu zen Ezkaba mendian. Frankismoak hildakoen omenezko monolitoa da Ahaztuak elkarteak bertan jarritakoa. Urte hasieran, bestelako kalteak eragiteaz gain, svastika bat margotu zuten. Berriozarko Udal Gobernuak agiri bat plazaratu zuen gertatutakoa gaitzesteko, eta, oroitarria lehengoratzeko lanak bere gain hartuko zituela iragarri zuen. Maiatzaren 22an jarri zuten plaka berria oroitarri horretan omenaldi bat egitearekin batera. 11 herritar hil zituzten eremu horretan, monolitoa jarria dagoen tokian bertan. "1936an gertatutakoa gogoratzea eta bertan hil zituzten bizilagunak omentzea da plakaren xedea", Ahaztuak elkarteak nabarmendu duenez. Atzo berriz, eraso egin zioten monolitoari: jarri berria zen plaka kendu egin dute.
"Eraso faxista da beste behin", adierazi du Ahaztuak elkarteak. Faxismoaren oinordekoek frankismoak eragindako "astakeriak" ezkutatu nahian dabiltzala salatu du elkarteak. Oroitarria lehengora itzuliko dutela jakinarazi dute.
Ustezko erasotzaileen epaiketa, atzeratua
Ezkaba mendiko monolitoaren kontrako aurreko eraso bateko ustezko egileak aste honetan epaitu behar zituzten, baina epaiketa uztailaren 13ra atzeratua. Falange y Tradicion taldeko bost kide dira auzipetuak, eta Ezkaba mendiko erasoaz gain, beste batzuk ere leporatzen zaizkie, tartean, Artikako hilerrian fusilatutakoen omenez jarritako plakaren erasoa, Bidangozeko mendi batean franksimoaren esklaboen alde jarritakoa, Javier Balda Arbizuko ANVko alkatearen kontrako mehatxuak, eta Orkoiengo auto batean egindako mehatxuak.
Falange y Tradicionen kontrako epaiketan sei lagun atxilotu zituzten Jose Ignacio Irusta Sanchez sunbillarra, Borja Perez Illera militar irundarra, Javier Lopez Monreal mendazarra eta Orkoiengo bizilaguna, Fermin Domingo Turrillas iruindar eta Barañaingo bizilaguna, David Murillo Eslava iruindar eta Barañaingo bizilaguna eta Jagoba Aldama Bolumburu gasteiztarra dira. Irusta, Perez eta Lopez dira auzipetuak.