Errigora ekimenaren kanpaina berria eginen dute maiatzaren 14tik 26ra

Euskalerria Irratia 2015ko mai. 12a, 20:04
Errigora ekimeneko saskietako bat (Argazkia: argia.eus)

Erriberako laborantza zein euskararen aldeko taldeak sustatzea da ekimenaren xedea.

Maiatzaren 14tik 26ra 6 kontserba loteak eskatzeko aukera emango du Errigorak.

Euskal Herria oinarri eta elkarlana lanabes dituen ekimen herritarra da hau. Nafarroa hegoaldea du ardatz eta “euskara ofiziala ez den zonaldean” eragin nahi du, eremu horretakoak diren produktuei Euskal Herrian bidea emanez, euskaratik, euskararako eta euskaraz.

Kanpaina honetan kontserba loteak erosi ahal izanen dira. Iturri, Pedro Luis eta Maria Jesus ekoizleek lote bina ekarriko dute maiatzeko kanpaina honetara: Iturrik zainzuriak eta pikillo piperrak, Maria Jesusek orburuak eta barazki menestra eta Pedro Luisek pikillo piper ekologikoak eta potxak.

Ekoizleak

Iturri: 1985ean sortu zen familia enpresa hau. Zortzi kide aritzen dira urte osoan lanean eta gehiago zainzuriaren sasoian (apirila, maiatza eta ekaina) eta piperrarenean (iraila, urria eta azaroa). Hurbileko 25 nekazariri hartzen dizkiete produktuak. Zuzeneko salmenta dute merkaturatze bide nagusi: %40 lantegian bertan saltzen dute. Errigoraren bidez produkzioaren %25 banatzen dute eta beste laurden bat Ekoloren (produktu ekologikoen marka) bidez.

 Maria Jesus: Iturrirena bezala, 1985ean sortu zen. Hirudira bazkideak, ama-semeak, eta kanpainetan sei langile izatera heltzen dira. Nekazariei dagokienez, zainzuriak laborari batek ekartzen dizkie zuzenean eta gainontzekoak inguruko kooperatiba eta biltegietatik ekartzen dituzte. Azken boladan zuzeneko salmenta bera egin duela aitortu arren, produkzioaren zati handi bat saltzen dute lantegiko dendan bertan. Gainontzean, estatuko leku gehienetan dauzkate banatzaileak eta Europa zein Estatu Batuetako zenbait tokitara ere saltzen dute.

Pedro Luis: Pedro Luisen gurasoek 1988an sortu zuten enpresa. Hogeita bi langile aritzen dira urte guztian zehar, eta hirurogeita hamar ere izaten kanpaina garaietan. Inguruko berrogei nekazari baino gehiagoren produktua lantzen dute. Aurreko biek baino ekoizpen bolumen handiagoa izanik, bide askotatik merkaturatzen ditu produktuak Pedro Luisek.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!