Sei urteko espetxe zigorra Ibon Esteban Arrotxapeko gaztearentzat

Euskalerria Irratia 2015ko mai. 6a, 21:01

Segi auzian seina urteko espetxe zigorra ezarri diete 28 gazteetatik zazpiri. Elkarretaratze eta batzarre informatibo jendetsuak Arrotxapea auzoan Esteban babesteko. Oraindik ez da atxilotua izan.

Auzitegi Nazionalean epaitu zituzten 28 gazteen auziaren epaia iritsi da. Espainiako Polizia eta Ertzaintza zigortutako gazteak atxilotzen hasi dira arratsaldean Segiko kide izatea leporatuta. Atxilo eraman dituzte Xabat Moran, Ainhoa Villaverde, Bergoi Madernaz eta Marina Sagastizabal; azken hori Bilbon. Aiala Zaldibar, Ibon Esteban eta Igarki Robles dira zigortutako beste hirurak.

Auzitegi Nazionalak absolbitu egin ditu bederatzi gazte. Epaiketan beste hamabiri karguak kendu zizkien.

Lehen atxiloketen berri izan ondoren, epaia iritsi aurretik, auzipetutako zenbait gaztek babesa bilatu dute. Esate baterako, Eneko Villegas Atarrabiko Etxebeltzara joan da, eta babesa ematera joan zaizkio hainbat gazte, eta Oihana Lopez Burlatako Euskal Herria peñara joan da. Horiek babesteko mobilizazioak hasi dira.

Auzipetuek agerraldia egingo dute bihar eguerdian, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan.

 

Lau atxilotuak

Xabat Moran eta Marina Sagastizabal Bilbon, Bergoi Madernaz eta Ainhoa Villaverde Gasteizen, Aiala Zaldibar Gasteizen, bera atxilotzera joan da Ertzaintza, baina ez zegoen etxean.Ibon Esteban Arrotxapearra eta Igarki Robles oraindik ez dituzte atxilotu.

Beste bederatzi gazterentzat ere seina urteko kartzela zigorra eskatu zuen fiskalak, baina absolbitu egin ditu epaileak. Hauek dira bederatzi gazte horiek: Eneko Villegas (Atarrabia), Garazi Autor (Donibane auzoa), Ander Maeztu (Txantrea), Imanol Salinas, Xabier Arina eta Oihana Lopez (Burlata), Julen Zuaznabar, Xabier Bidaurre eta Ruben Villa.

Fiskalak 12 gazteren aurkako akusazioak erretiratu zituen lehendik: Izaskun Goñi (Txantrea), Egoi Irisarri (Donibane auzoa), Imanol Beristain, Ikoitz Arrese, Saioa Zibiaur, Ainara Ladron, Endika Perez, Irati Tobar, Aitziber Plazaola, Beñat Lizeaga, Jazint Ramirez eta Xalba Ramirez.

Atxilotu zituztenean hemeretzik salatu zituzten torturak, eta Istanbulgo protokoloa eginda, egiazkotzat jo zituzten horien testigantzak.

 

Bost urteko prozesua

2010ean izan ziren lehen atxiloketak, "Segiren zuzendaritza osatzeko bileretan parte hartzeagatik". 2014ko irailaren 22an hasi zen epaiketa, auzipetuen deklarazioekin. Segiko kide izatea egotzita auzipetutako 28 gazteetatik hogei Espainiako Poliziak atxilotu zituen, eta haietako hemeretzik salatu zituzten torturak.  Guztiek egin zuten Istanbulgo protokoloa, eta egiazkotzat jo zituzten adituek haien testigantzak.

Bost gazte —Jazint Ramirez, Irati Tobar, Xabier Arina, Imanol Salinas eta Igarki Robles— ez ziren aurkeztu, eta herri harresia egin zuten Loiolan. Atxilotu eta kartzelatu egin zituzten. Urri amaieran, ordea, libre utzi zituzten.

2014ko abenduaren 16an, Izaskun Goñi, Egoi Irisarri, Endika Perez, Imanol Beristain, Ikoitz Arrese, Irati Tobar, Saioa Zibiaur, Ainara Ladron, Aitziber Plazaola, Beñat Lizeaga, Jazint Ramirez eta Xalbador Ramirezen kontrako akusazioak erretiratu zituen fiskalak, eta, hiru egun geroago, epaiaren zain geratu zen auzia. "Epaiketa politikoa" izan zela salatu zuten azken hitza hartzean. Fiskalak beste epaiketa batean absolbitutako beste 40 gaztek polizia etxean egindako deklarazioetan oinarritu zen zigorrak eskatzeko: seina urteko espetxe zigorra eskatu zuen fiskalak.

 

2010-2011n atxilotuak

Hiru sarekadetan atxilotu zituzten gazte auzipetuak: 2010eko urriaren 22an, urte hartako abenduaren 16an eta 2011ko otsail-martxoan. Batez beste, hamaseina hilabete egin dituzte kartzelan gazteek. Guztira, 768.000 euro ordaindu zituzten bermetan.

Epaiketan zehar, babes zabala jaso dute gazteek. Azaroan, milaka lagun elkartu ziren Iruñeko kaleetan haien alde, eta gizarte eragile ugarik defentsaren lekuko gisa deklaratu zuten.

Erlazionatuak

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!