N-121-A errepideari behingoz konponbidea emateko exijitu dute 29 alkatek

Euskalerria Irratia 2015ko api. 20a, 13:06
Belateko tunelak. Argazkia: erran.eus

Errepide horretan oro har eta Almandozko eta Belateko tuneletan bereziki, istripuak eta suteak noiznahi gertatzen direla salatu dute.

Belateko eta Almandozko tunelek sortzen dute kezkarik handiena NA-121-A errepidean. Noiznahi izaten dira istripuak edo suteak. Tunelek ezin dute horrenbesteko auto jarioa jasan. Hala uste dute 29 Udaletako ordezkariek. "Izaten diren arazoei irtenbide egokia eta behin betikoa emateko eskaera erregistratuko dugu Nafarroako Gobernuan", hala nabarmendu du Olabeko alkate eta Oronoz-Mugaireko suhiltzaile Mikel Uriartek.

"Errepide horretan sortzen diren trafiko arazoei aurre egiteko, aitzitik, diagnostikatu egin behar da zerk sortzen duen arazoa. Ebaluazioaren ondotik, aztertu behar dira soluzio posibleak eta ondoren ekin egin behar zaio egokitzeari eta neurriak hartzeari", 29 Udalek sinatutako instantziak horixe da Gobernuari eskatzen diona.

Alde batetik, tunelak egokitzeko beharra jaso dute eta bestetik, segurtasuna ziurtatzeko beharrezkoak diren neurriak hartzea. Ohartarazi duten bestea, trafiko astuna handia dela errepide horretan eta segurtasun plangintzan hutsuneak daudela.

Errepidea bikoiztu baino lehen, beste aukerak landu

A-15 autopista baino, askok nahiago izaten dute NA-121-A  hartu eta horrek trafikoa ugaritzea sortu duela nabarmendu dute: "Europa mailan, trafiko astun gehien jasotzen dutenen artean hirugarren postuan daude tunel horiek".

Errepidea bikoiztea baino, lehenago azterketa sakona egitea beharrezko jotzen dute Udaletako ordezkariek, jakin ahal izateko zein litzatekeen aukerarik onena egoera hobetze aldera. "Bikoiztu baino, trafikoan mugak jarri edo ordutegi zehatzak finkatzea kamioi astunak igarotzeko, adibidez".

Sustapen Departamentuarekin izan ziren martxoan bilera batean. Orain, euren eskaerak eramanen dizkiete.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!