Kontuen Ganberak kritikatu du Osasunbidean zerbitzu batzuk ez direla martxan jarri ekipamendu faltagatik

Euskalerria Irratia 2015ko api. 15a, 18:48

Bideko Ama eta Tuterako kirurgia-zonak, Nafarroako Ospitaleko C pabilioiko zenbait atal eta 2009an egin zen dialisi-aretoa ez dira oraindik lanean hasi inbertsioen plangintza txarrarengatik.

Nafarroako Kontuen Ganberak Osasunbideak 2008tik egin dituen inbertsioak aztertu ditu kaleratu berri duen txosten batean. Inbertsio gehienak Navarra 2012 izeneko egitasmoan zeuden sarturik.

Txostenak dioenez, 2008-2014 epean Osasunbideak 238 milioiko inbertsioa egin du. Inbertsio handiena eraikinetan egin da : 165 milioi. Osasun-ekipamenduan 34 milioi gastatu dira, eta altzarietan, 12 milioi.

2010ean Osasunbideak Iruñeko ospitaleak batzea erabaki zuen. Horrek aurreikusita zeuden proiektu batzuk aldarazi zituen  “Nabarmentzekoa da, alde horretatik, Nafarroako Ospitaleko eta Bideko Ama ospitaleko larrialdi zerbitzuen bateratzea. Horrek sei miliotan handitu zuen larrialdi zerbitzu berriaren eraikina. Arrazoi beragatik, bertan behera gelditu zen Bideko Ama ospitalean egitekoa zen laborategia.”

Txostenak dioenez, inbertsio batzuen ekipamendua ez da egin eta, beraz, martxan jarri gabe daude. Horixe gertatzen da Nafarroako Ospitaleko C pabilioiarekin, eta Bideko Ama eta Tuterako kirurgia-zonekin. Azken biek 17 eta 10 milioiko gastua eragin dute, hurrenez hurren. Laborategiei dagokienez, ikerketa biomedikoaren zentroan kokatu dira. Nafarroako Ospitalean 2009an egin zen dialisi-aretoa ere ez da martxan jarri.

Gomendioa

Kontuen Ganberak inbertsio guztiak aztertu ondoren Osasunbideak inbertsioetan eginiko ahalegina onartzen du eta aurreko eraikin eta osasun-zerbitzuak hobetu egin direla aitortzen du.  Hala ere Kontuen Ganberak uste du inbertsioen plangintza egokiagoa egin zitekeela “Azken finean, helburua da inbertsioak finkaturiko epean amaitzea, ahalik eta azkarren martxan jartzeko. Bada, horretarako inbertsio asko aldi berean abiatu beharrean hobe da bata bestearen atzean egitea, alegia, bat amaitu eta martxan jarri ondoren hurrengoarekin hastea.”

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!