Iruñeko Udalak ireki du epea euskaraz aritzen diren talde artistiko eta kulturalek aurkezten dituzten proiektuak diruz laguntzeko. 2015erako programa kulturala eta artistikoa osatzeko proposamenak hartuko dituzte kontuan. Maiatzaren 9a arte izanen da aukera eskaerak egiteko. 31.070 euro banatuko ditu gehienez udalak deialdi horretan.
Euskara sustatu eta babesteko programak babestea da deialdiaren helburua udalaren arabera. Euskaraz aritzea eta herritarrak horretan inplikatuko dituen egitasmoak lagunduko ditu. Iruñean eginen diren ekimenak aurkeztu beharko dira eta beste deialdietan diru-laguntzarik ez jasotzea beharrezkoa da.
Deialdira aurkezteko baldintzak
Deialdira aurkeztu ahal izateko entitateak legalki eratua izan behar du eta egoitza sozial eta fiskala Iruñean izan behar ditu. Horrez gain, betebehar fiskalak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak eguneratuak izan beharko ditu entitateak. Entitate bakoitzak eskaera bakarra aurkeztu beharko du eta proiektu bat edo gehiago sar ditzazke bertan.
50 puntu banatu ahalko dira kalitatearen eta interesarengatik, 25 puntu bideragarritasun ekonomikoagatik eta beste 25 puntu hirian sortu dezakeen dinamizazio kultural eta artistikoagatik. Diru-laguntzaren zenbatekoa proiektuak eskuratzen duen puntuazioaren arabera banatuko da: 70 puntu eskuratzen duenak diru-laguntzaren %30 jasoko du; 60 eta 69 puntu artean eskuratzen dutenen artean %20 eta 60 puntu baino gutxiago jasotzen duenak %10.
Deialdian parte hartu nahi duten entitateek Iruñeko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dituzte proiektuak.
2014an ere jaso zituzten hainbatek laguntza
Hamar entitatek jaso zuten iaz Iruñeko udalaren diru-laguntza euskara sustatzeagatik. Guztira 30.909 euro banatu zituen deialdira. Bertsolaritza, kontzertuak, antzezlanak, hitzaldiak, tailerrak, formakuntza eta udako unibertsitaterako laguntzak eman zituen: Karrikiri elkarteak (4.843 euro), Arturo Campion Elkarte Kulturalak (1.312 euro), Euskaldunon Biltoki elkarteak (6.337 euro), Dindaia Fundazioak (8.939 euro), CDG eta R Ezpondapea elkarteak (90 euro), Nafarroako Bertsozale Elkarteak (1.884 euro), Udako Euskal Unibertsitatea Elkarteak (3.833 euro), Ortzadar Euskal Folklore Elkarteak (622 euro), Nafarroako Euskal Dantzarien Biltzarra Elkarteak (1.166 euro) eta Nafarroako Antzerki Eskolako Taldeak (1.883 euro).