Martxoan 622 langabe gutxiago izan dira Nafarroan

Euskalerria Irratia 2015ko api. 7a, 08:22

Joan den urteko hilabete berberarekin alderatuta egoera zertxobait hobea da. Oraindik dena dela, 48.427 herritar daude langabe. Egiten diren kontratuetan behin-behinekotasuna %94,3koa da.

Legegintzaldiaren hasieran baino datu okerragoa eman du aurtengo martxoko langabeziaren datuak: 622 langabe gutxiago dago otsailarekin alderatuta eta guztira 48.427 dira lanik gabe diren herritarrak. Duela lau urteko datuekin alderatuta 3.000 langabe gehiago dago orain. Sektoreka, gehienbat zerbitzuetan sortu da enplegua aurtengo martxoan, baina baita industrian eta eraikuntzan ere. Lehenengo enplegu bila dabiltzan langabeen multzoa hazi egin da.

2014arekin alderatuta hori bai hobera egin du egoerak Nafarroan, iazko martxoak 3.997 langabe gehiago izan zituen. Espainiako Enplegu Ministerioak zehazten du aldi baterakoak izan direla martxoan sinatu ziren kontratuen %94,3. Enplegu egonkorragoa lortzeko bidean beraz oraindik egiteke badela irudikatzen du datuak.

Zenbait azterketa eta estatistikak erakusten dute lanean ari direnen egoera gero eta okerragoa dela, zer esanik ez langabeena. Geroz eta arazo handiagoa da iraupen luzeko langabezia. Otsailekoa da azken datua, eta, horren arabera, beste puntu bat erori da langabezia sari arrunta jasotzen dutenen kopurua, %24raino. Aurreko soldatak, norberak langabezian daraman epeak edota seme-alaba kopuruak baldintzatzen dute hileroko ordaina, batez beste 895 euro ingurukoa da. %17k subsidioarekin egin behar dute aurrera; %2,6k, bestelako laguntza batekin; eta %56,4k ez dute sistema publikoaren inolako babesik. Laguntzaren bat kobratzen dutenen %8,6k dute Hego Euskal Herritik eta Espainiatik kanpoko jatorria.

Espainiari dagokionez, 60.214 langabe gutxiago izan dira otsailetik martxora. Azken hamahiru urteetako martxorik onena izan dela nabarmendu du Madrilgo gobernuak, aurreko urteetan batez beste 35.000 langabe gehiago izaten baitziren urteko hirugarren hilabetean. 4,45 milioi daude oraindik lanik gabe.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!