450.000 nafarrek errenta aitorpena egin beharko dute apirilaren 8tik ekainaren 23ra

Euskalerria Irratia 2015ko mar. 31a, 22:03

 

Apirilaren 8an zerga-erakundeak 178.000 aitorpen-proposamen jarriko ditu www.navarra.es webgunean.

2014ko ekitaldiko PFEZaren eta Ondarearen aitorpena apirilaren 8tik ekainaren 23ra aurkeztu ahalko da, lehen lehendakariorde eta Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilari Lourdes Goicoecheak azaldu duenez .

Proposamenen automatikoen % 66,6 "itzultzeko" izanen dira eta guztien artean 69 milioi euro ingurura helduko dira; kopuru hori apirilaren 16an ordainduko da. Egun horretarako internetez kontsultarik egin ez dutenek posta arruntez jasoko dute aitorpena egina. Proposamenarekin ados egonez gero ez da deus egin beharrik.

Aldiz, proposamena egin ez zaien zergadunek edo igorri zaiena aldatu nahi dutenek, ekainaren 23a baino lehen aurkeztu beharko dute aitorpena Interneteko Bulego Birtualaren, Ogasuneko bulegoen edo erakunde laguntzaileen bidez (bi kasuetan, apirilaren 16tik aurrera).

Nafarroako Ogasunak Iruña, Barañain, Burlata, Lizarra, Tafalla eta Tuteran kudeatutako sei bulegoetakoren batera joateko aurrez hitzordua eskatu beharko da apirilaren 14tik aurrera telefonoz (948 505 505 ó 948 505 506) edo www.navarra.es webgunean. Bestalde, erakunde laguntzaileek kanpainako sarearen zerbitzura 1.300 kudeatzaile espezializatu jarriko ditu.

Araudiaren berrikuntzak

Goicoechea kontseilariak gogora ekarri duenez, errenta-aitorpena aurkeztera behartuta daude 2014an 11.250 euro gordin edo gehiagoko lan-errendimendua lortu zutenek; 1.600 euro baino gehiagoko atxikipenaren mende dauden kapital higigarri edo ondare-gehikuntzen errendimenduak; eta oro har profesional, enpresaburu eta kapital higiezinak jasotzen dituztenek.

PFEZaren aitorpenarekin batera, Ondarearena ere aurkeztu behar dute zerga-kuota positiboa dutenek edo, nolanahi ere, milioi bat euro baino gehiagoko ondasunak dituztenek, ohiko etxebizitzaren balioa salbu 250.000 euroraino.

Aitorpen horri aplikagarriak zaizkion araudiko berrikuntzei dagokienez, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak kapital higiezinen errendimendu garbietan aldaketak nabarmendu ditu; kenkari berria indarrean sartu izana biomasa erabiltzen duten instalazio termikoetan egindako inbertsioengatik; Gizarte Segurantzari egindako kotizazioengatiko murrizketa zabaltzea edozein senide-mota zaintzeko; eta indize zuzentzaile berria energia elektrikoa erabiltzen duten ureztatze-lurretarako . Berrikuntza horiek guztiak kanpainaren dokumentazioan zehaztuta daude.

2013ko Kanpainaren emaitzak

2013ko Errenta Kanpainak 467.847 zergaduni zegozkion 335.406 aitorpen jaso ziren; haietatik 223.608 negatiboak izan ziren (205,33 milioi itzuli ziren), eta 101.798 positiboak, 115.99 milioi eman zituztenak.

2013ko balantze horren arabera, Nafarroako zergadunen % 60,68k 18.000 euro baino gutxiagoko zerga-oinarria zuen eta zerga-bilketaren % 10,42 eman zuen; % 30,68k 18.000 eta 45.000 euro arteko oinarria aurkeztu zuen, zerga-bilketaren % 43,54 emanez; eta % 8,63k, 45.000 euro baino gehiagoko zerga-oinarriarekin, zerga-bilketaren % 45,76 eman zuen.

% 0,7ko esleipenari dagokionez, aitortzaileen % 47,11k (kuota osoaren % 49,58) helburu sozialetarako bideratzea erabaki zuen eta aitortzaileen % 31,93k (% 37,91 ematen dutenak), Eliza Katolikoari. Aitortzaileen % 6,35ek bi laukiak markatu zuten eta % 14,61ek, zurian utzi.

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!