Lehen Hezkuntzako 3. mailako kanpo-probei uko egin diete 800 gurasok

Euskalerria Irratia 2015ko mar. 30a, 12:04

Nafarroako Gobernuari eskatu diote LOMCEk ezarritako azterketok geldiaraz ditzala, eta hezkuntza komunitatean ebaluazio sistemari buruzko eztabaida prozesua zabal dezala.

Prentsaren aurrera azaldu diren gurasoek azaldu dutenez, Lehen Hezkuntzako 3. mailan haurrak oraindik txikiegiak dira “haien etorkizun akademikoa baldintza dezakeen jite honetako proba indibidualizatu bat egiteko”. Halaber, ez dute uste proba hori egokia denik ikastetxe baten eta are gutxiago hezkuntza sistemaren kalitatea neurtzeko.

Talde honek dagoeneko 800 gurasoren sinadurak jaso ditu, eta atxikimendu gehiago lortzeko lanean segituko du. Salatu dutenez, proba honen emaitzak ikastetxeen ranking bat sortzeko erabiliko dituzte, “eta horrek ondorio segregatzaileak izanen ditu matrikulazio prozesuetan, eta zentroen arteko lehiakortasuna bultzatuko du”.

Gurasoon aburuz, “proba hauek estandarizaturik egonen dira eta testuingurua aintzat hartzeke eginen dituzte, berberak izanen baitira ikasle guztientzat ikasleen testuinguru soziala, ekonomikoa eta kulturala kontuan hartzeke, modu horretan aukera parekotasunaren printzipioa urratuz”. Haien idurikoz, “ez da bidezkoa proba bakar baten emaitzak lehenestea, ikasketa prozesu osoari eta etenik gabeko ebaluazioari erreparatu gabe”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!