Barcinari kaleratze gutuna eraman diote Parlamentura

Euskalerria Irratia 2015ko mar. 12a, 11:24

Argazkia: @kartasozialanaf

Aldaketa sozialaren aldeko manifestazioaren deitzaileek eman nahi izan diote kaleratze gutun hori Nafarroako Parlamentuko gaurko osoko bilkura hasi aurretik, baina foru presidenteak ez du hartu nahi izan.

Larunbatean, 17:30ean eta Antoniutti parketik abiaturik, aldaketa sozialaren aldeko manifestazioa eginen dute Iruñean. Horren bezperaren bezperan, deitzaileek kaleratze gutun bana eman nahi izan diete Yolanda Barcina foru presidenteari eta Iñigo Alli Gizarte Politiketako kontseilariari, baina biok muzin egin diote eskaintzari. Gaur goizeko 9:15ean gertatu da hori, Nafarroako Parlamentuaren parean, barruan osoko bilkura hastear zela.

Barcinari eman nahi zioten gutunak jakinarazten dio "berehalako kaleratze disziplinarioa" aplikatu diotela, lau arrazoirengatik. Lehena, "milaka lagun miseria gorrira bidaltzea eta haiei laguntza ukatzea". Bigarrena, "pobreei lapurtzea aberatsei emateko". Hirugarrena, "lapurtzen zenigun bitatrean Nafarroaz hitz egitea". Laugarrena, "pertsona txarra izatea".

"Kontseilaririk antisozialena"

Alliren kaleratzea ere berehalakoa eta disziplinarioa da. Bere kasuan ere lau arrazoi aipatzen dituzte. Lehena, "gehien behar dutenei ogia ukatzea". Bigarrena, "kontseilari sozialik antisozialena izatea". Hirugarrena, "jende langilearen aurrezkiekin aberatsentzako helikoptero bidaiak antolatzea". Eta laugarrena, "oinarrizko errenta atzera botatzeagatik".

Manifestazioaren deitzaileek diote kaleratze gutuna jaso nahi izan ez badute ere, Barcina eta Alli kale gorrira joanen direla datorren maiatzean.

55 taldek babestu dute larunbateko manifestazioa

Nafarroako 55 kolektibok egin dute bat Eskubide Sozialen Kartak larunbaterako deitua duen manifestazio deiarekin: "Nafarroan ezarria dagoen eredu ustel eta anti-sozialari erantzuna kalean emateko bat egin dugu", adierazi dute kolektiboetako ordezkariek. Kolorez beteko dituzte Iruñeko kaleak aldaketaren ortzadarra irudikatzeko.

Aldaketa soziala atzeraezina dela nabarmendu dute. Ikuspegi kritikoz arituko den "aliantza sindikal eta soziala" osatzeko helburu dute. Horretarako programa soziala gauzatzeko eskatuko diete erakunde eta alderdi politikoei.

Lau oinarri ditu programa sozialak

Aberastasunaren banaketa lortzea, kalitatezko enplegua sortzea, bizitzaren jasangarritasuna eta ongizatea erdiestea, demokraziaren eta eskubide kulturalen defentsa egitea eta jendartearen parte hartzea ziurtatzea.

Manifestazio koloretsua eta jendetsua izatea nahi dute. Koloretsua kolektibo bakoitza kolore batekin irudikatuko du bere mezua: lilak mugimendu feministarena, urdinak hezkuntza, hizkuntza eta kulturarena, urdin argiak pentsiodunena, berdeak lurraren defentsarako plataformena, berde argiak osasunarena, horia bazterketa sozialaren aurkakoa, laranja gazte mugimenduarena, gorria sindikatuena eta txuria oroimenarena, gardentasunarena eta askatasunena. "Mobilizazioak agerian utzi behar du aldaketa soziala atzeraezina dela".

Aniztasunaren isla

Protesta arratsaldeko bosta terdietan izanen da Antoniutti plazatik abiatuta. 55 kolektibok eman dute babesa, tartean, erakundeen artean: AEK, AHT Gelditu, Askapena, Banatu, Bilgune Feminista, Kontuz, Sakana Abian, Sortzen, Sasoia, SOS Arrazakeria eta beste, sindikatuen artean: CGT, ESK, ESTEILAS, EHNE, ELA eta LAB.

Erlazionatuak

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!