D ereduak bere espazioari eutsi dio, 1.760 eskaerarekin

Euskalerria Irratia 2015ko ots. 17a, 10:55

Argazkia: Diario de Noticias

Aurre-matrikulazio kanpainaren behin-behineko datu bilketa egin du Diario de Noticias egunkariak

2015-2016 ikasturtean, Nafarroan 1.760 haurrek eginen dute Haur Hezkuntzako lehen maila D ereduan, Diario de Noticias egunkariak bildu dituen behin behineko datuen arabera. 2012 urtean Nafarroan jaiotako umeak orotara 6.747 zirenez, euskararen aldeko apustua egin duten familiak %26 dira. Nolanahi ere, aurreko ikasturteetako datuek erakusten dute azkenean hainbat haur ez dituztela eskolatzen, Nafarroan ez direlako bizi edota hezkuntza sisteman geroago sartzen dituztelako. Iaz, esaterako, 400 bat geratu ziren izena eman gabe. Hori horrela, D ereduaren alde egin dutenak %28ra igo daiteke. 2014-2015 ikasturtean, %28,4ra iritsi zen.

Publikoetan, gorakada apala

Datorren ikasturtean D ereduan ariko diren 3 urteko haurren artean %73 ikastetxe publikoetara joanen dira. Iruñerrian, D eredu publikoak zertxobait egin du gora. Gorakada bereziki nabarmena izan da Antsoainen (47tik 60ra), Txantreako Bernart Etxeparen (47tik 53ra), Arrosadiako Hegoalden (25etik 34ra) eta Arrotxapeko Patxi Larrainzarren (51tik 55era). Nolanahi ere, Sarriguren da marka guztiak apurtzen ari dena, beste behin ere gora egin baitu: duela bi urte 107 eskaera jaso zituzten; iaz, 128; eta aurten, 131. Beherakadarik handienak pairatu dituztenak dira Atarrabia (47tik 26ra), Barañain (22tik 16ra), Sanduzelai (20tik 14ra) eta Mendillorriko Elorri (20tik 16ra). Kasu gehienetan,beherakadaren arazoiak demografikoak dira. Buztintxuriko kasuan ez. Buztintxurin 61etik 58ra jaitsi dira. Ikastetxeak bakarrik bi lerro eskaintzen ditu D ereduan, eta iaz hainbat haur Antsoaingo Ezkabara eraman zituzten.

Kontzertatuetan, jaitsiera txikia

Nafarroako 15 ikastola kontzertatuetan jaitsiera txiki bat pairatu dute aurre-matrikulazioan. Baina aintzat hartu behar da iaz eskaera %10 igo zela. 483tik 455era jaitsi dira. Nolanahi ere, Iruñerriko hiru ikastoletatik bitan, San Fermin eta Paz Ziganda ikastetxeetan hain zuzen ere, eskaera eskaintza baino handiagoa izan da, beste behin ere. Zizurko ikastolan 105 eskaera dituzte eta 100 plaza, eta Atarrabiakoan, 89 eta 75. Sare kontzertatuan igoerarik handienak eduki dituzte Etxarri-Aranatzen (29tik 38ra) eta Beran (9tik 20ra). Jaitsierarik handienak, aldiz, Lesakan (15etik 8ra) eta Lizarran (43tik 39ra). Baina jaiotza kopuruak eragin handia du. Irunberriko Arangoiti ikastolan, konparaziora, 18tik 8ra jaitsi dira, baina haurrak orotara 9 ziren. Ia denek ikastolan eman dute izena.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!