Atxagaren ikuspuntua, Punto de Vista zine jaialdiaren abiapuntu

Euskalerria Irratia 2015ko ots. 9a, 08:18

Irudia: Argia

Atxagaren hitzaldi batek eman dio hasiera Puntu de Vista zine dokumental jaialdiari

Jaialdiko egitarau osoa, hemen
 
Euskaldunen Lurraldea

(Bernardo Atxagaren aurkezpena)

Orson Wellesek Ziburu eta Etxalar aldera jo zuen 1955ean, Euskal Herriari buruzko dokumental bat filmatzeko BBCren Around The World serierako. Ziurrenik ere, Charles Wertenbaker idazlea izan zen egitasmo haren ernamuin, edo zehatzago esanda, hark New Yorkerren 1950ean argitaratutako artikulu bat, The Pursuit of the Wild Pigeon, zeinetan Etxalarko ehiza modua –“arrantza eginez airean, eta usoak sareekin harrapatuz”–, azaltzen zen.

Charles Wertenbaker hila zen Orson Welles filmatzen hasi zenerako, eta haren hamaika urteko semeak ordezkatu zuen dokumentalean, Chris Wertenbakerrek. Berak ematen ditu, Ziburuko zatiari dagokionez, kamerak jasotzen dituen irudiei buruzko azalpenak; ziurtasunez eta jakintasunez eman ere, zeren ia bizitza osoa baitarama herrian bizitzen, zazpi urte. Pilota edo jai-alai kirolaren modalitateak aipatzen ditu, eta bai halaber dantzak, eta kantak, eta beste hamaika euskal kontu edo epifania. Etxalarko irudiei dagokienez, Orson Welles bera da kontalaria.

Dokumentala eguzkitsua da, alaia, eta erretratu delizios bat osatzen du euskal bizimoduaz. Atseginak dira, begirako eta gogorako, baserri zuri bakartiak, herrietako eliza txiki dorre zorrotzekoak, ezker paretarik gabeko frontoiak, berde mota anitzekoak sumatzen diren mendi eta ibarrak. Baina, nolanahi ere, ikusten diren paisaiak baino are atseginagoak suertatzen dira pertsonak. Maitagarria da Estatu Batuetan ibili den artzaina, Orson Wellesekin ingelesez hitz egiten duena; maitagarriak baita ere nazien okupazioan Erresistentzian ibilitako borrokariaren semea edota, kinka berean, pilotu ingelesak ezkutatzen zituen jatetxe bateko ugazaba-andrea. Eta zer esan sotana kendu gabe pilotari sekulako zartakoak ematen dizkion apaiz horretaz, edo hirurogeita hamar urte ingururekin fandangoa airoski dantzatzen duen emakumeaz? Orson Wellesek ez dio ezeri muzinik egiten bere urrezko erretratua osatzeko tenorean, eta halako handiespen epikoz mintzatzen da batzuetan: “Naziek torturatu egin zuten bere aitaren berri eman zezan”, azaltzen du Erresistentziako borrokariaren umeaz ari dela, “baina berak ez zien ezer kontatu. Euskaldunek ez dute inor salatzen”.

Dokumentalean partaide da Chris Wertenbakerren ama ere, Lael Tucker idazlea, Times egunkariaren korrespontsala Berlinen harik eta nazien mehatxuek ihes eginarazi zioten arte. “Zergatik bizi zara hemen, hain urruti, so far away?”, galdetzen dio Orson Wellesek. Lael Tuckerrek dio Ziburura iritsitakoan paisaiaren edertasuna egin zitzaiola erakargarri, baina batez ere euskal jendearen nortasuna: “Ezer txarrik ez zaiela gertatuko pentsatzen dute. Nor dira, pertsona duinak”. Zine zuzendariak “hizkuntza misteriotsuaz” galdetzen dio gero, eta idazleak euskarari buruzko bi bertsioak adierazten dizkio: “Batzuek diote Jainkoaren hizkuntza dela. Beste batzuek, deabruarena ote den”.

Jakina da, begirada oro sortzailea da, dagoena eta ez dagoena ikusten du, eta halaxe jokatu zuen Orson Wellesek The Land of the Basquesen. Ipuin erromantiko bat kontatu nahi izan zion munduari, Wilhem Humboldtek bere 1801eko liburuan –Die Vasken– deskribatu zuen herriaren eta paisaiaren segida bat. Izan ote zen halako errealitaterik inoiz? Izan ote ziren euskaldunak –euskaldun batzuk, landa eta mendikoak– dokumentalaren irudietan ikusten direnak bezalakoak? Erantzuna erraza da, iduriz. Baina komeni da, erantzuna borobildu aurretik, Punto de Vista jaialdiko Chez les Basques zikloan erakutsiko diren filmak ikustea, hala Orson Wellesena nola haren aurrekoak eta gerokoak: Louis Delluc, Maurice Champreux, Hubert Knapp, Otar Iosseliani eta gainerako zuzendarienak.
       
            Bernardo Atxaga

- See more at: http://www.puntodevistafestival.com/eu/noticias.asp?IdNoticia=363#sthash.b4VALYrH.dpuf

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!