Biluzteko prest

Erabiltzailearen aurpegia

Bizitza istant batean aldatzen ahal dela askotan aditu dugu. Pertsona batengan dugun konfiantza galtzek ere ez du tarte handirik hartzen. Berreskuratzen, berriz, bai.
Euskal Herria Irratiko iruzkinak egiteko minutu bakan askotxo izan ditut ikasturtean barrena, eta askotarikoak izan diren gaiak: hezkuntza, aniztasun afektibo-sexuala, nazioarteko egunen gaineko hausnarketak, momentuko burutazioak…
Hausnarketa sakonak bezain axalekoak, publikoak bezain intimoak.
Entzulearen erantzuna ez da beti ezaguna, baina jakin badakit Euskal Herria Irratian aditzen diren mezuak, iruzkinak, kritikak, debateak, etab. euskal komunitatearendako garrantzitsuak direla. Uhinek daramatena haizeak dakarkigu bueltan.
Bai. Zer esan huraxe izan. Milaka pertsonaren aurrean gure pentsamoldea biluzten dugu, eta ez da beti erraza. Horretan ere trebatze lana egin behar dugu. Komunitate askotarikoa gara eta hausnarketarako eta debaterako prest gaude, horrek guztiak aberasten gaituela sinetsita. Hitz egin dezagun, bada, bihotzetik; egin dezagun solasa gure iritziak konpartitzeko, debatitzeko, aberasteko, konbentzitzeko.
Horixe izan dut xede urtean barrena.
Oker ez banago, beste minutu bat falta dut beste behin ere zuen aurrean biluzteko.