Irakasleon Nazioarteko Eguna

Erabiltzailearen aurpegia

Egutegiari erreparatu eta urriaren bosta Irakasleen Nazioarteko eguna dela ikusi dut. Unescok nazioarteko egun hau orain dela 50 urte izendatu zuen gure lanari - egun bakar batean bada ere – gorazarrea egiteko.

“Balora ditzagun dozenteak, hobe ditzagun euren lan baldintzak” lemapean hainbat ekitaldi izanen dira munduan barrena, gure artean bat ere islarik ez izanagatik ere.

Irakasleon lana ez dago behar bezala baloraturik. Ez dakit gehiegikeria ote den, baina lanbide garrantzitsuenetako bat delako uste sendoa dut. Familiek euren seme-alabak txiki-txikiak direnetik gure esku uzten dute eta guregandik asko espero dute, gehiegi kasu askotan.

Gure lanaz galdeturik, segituan topikoak beteriko solasak sortzen dira, eta guztien artean, oporren luzera nabarmentzen dute. Hortik haratago azaleko hausnarketak egiten dira eta zoritxarrez gutxi dira azken urteotan gure lanbideak, gure bizimoduak, izan duen ibilbideari erreparatzen diotenak, eta are gutxiago hartzen dugun erantzukizunaren jabe direnak.

Arriskutsuak gara irakasleak ikasleei pentsatzen irakasten badiegu, eta are arriskutsuagoak mundua aldarazteko tresnarik ematen badiegu. Ni irakasle arriskutsua izaten saiatu naiz beti, lehen hezkuntzan ibili naizenean eta helduen irakaskuntzan euskara irakatsi dudanean.

Gure Nazioarteko egun honetan, kontu bat eskatuko dut irratian: hartu tarte txiki bat eta burura ekarri gustuko izan duzun irakasle horren irudia, zer ikasi zenuen harengandik eta nola eskertuko zenioke irakatsitakoa. Horixe opari ederra.