Haien gorrotoa, gure kemena

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Yecora 2016ko eka. 14a, 13:18

Pasa den martxoaren 26an, Marokon, 5 gizon sartu ziren etxe batean eta bertan ziren bi gizonak kalera aterarazi zituzten, biluzik, odoleztaturik. Jarraian sare sozialetan argazkiak jarri zituzten, lotsatzearren, besteen jomugan jartzearren. Euren delito bakarra: gay izatea.

Maiatzaren 22an, Mexicoko Veracruzen hiru gizonezko Gay taberna batean sartu eta bertan zirenei tiro egin zieten. Bost hildako eta zenbait zauritu izan ziren. Sarraski honek oihartzun txikia izan du komunikabideetan.

Ekainaren 4an, Honduraseko San Pedro Sula herrian LGBTI komunitatearen presidente zen René Martinez hilik aurkitu zuten, norbaitek hil egin zuen.

Hauek bezalako hamaika istorio anonimo daude egunero munduan zehar. Hamaika eraso, hamaika erbesteratu, hamaika zauritu, hamaika hildako.

Beste behin ere AEBetan izandako sarraski batek komunikabide eta jendarte osoaren arreta erakarri du. LGTB komunitatearekiko gorrotoa aipatu da, azken muturreraino eramandako gorrotoa. Egileak emazteari tratu txarrak ematen zizkion, eta, nonbait, ez zituen gustuko beltzak, LGTB komunitatea eta judutarrak.

LGTBIfobia eta heteropatriarkatua transbertsalak dira. Mundu osoan ematen dira erasoak. Han eta hemen gertatzen dira, modu sotilean edo bortitzean.

Gure kontrako gorrotoak hamaika aurpegi ditu: hemen, gure inguru hurbilean, jipoitua izateko arriskua ez da makala; hor – Peru eta Hego Afrika bezalako herrialdeetan – bortxaketa zuzentzaile kolektiboak antolatzen dituzte gizon taldeek emakume lesbianak zuzentzeko; eta han, modu legalean erositako armak erabiliz taberna batean sartu eta 49 hildako utzi dituzte.

Sarraski honek marka guztiak hautsi ditu eraso lazgarri bakar batean, bai, baina marka hori urtero gainditzen da munduan. Orlandokoa bezain larriak, Orlandokoa bezain arbuiagarriak, eta horiek guztiek zer pentsaturik eman behar ligukete. Giza eskubideez ari gara, duintasunaz eta askatasunaz ari gara.

Malkoek ez gaituzte itsutuko. Gorrotoak ez gaitu izutuko.

Datorren ekainaren 28an, berriro aterako gara kalera gure borroka bisibilizatu nahian, inoiz baino garrantzitsuagoa baita LGTBIQ mugimenduaren kemena agertzea kaleetan, harro agertzea, gure eskubideen defentsan, aniztasun guztien defentsan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!