Sarrigurenen bi eskola publiko

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Yecora 2016ko mai. 31a, 12:35

Prozesu luze baten ondoren, Hezkuntza Departamentuak erabaki du Sarrigurengo eskola publikoa, bat bakarra izatetik, bi izatera pasako dela. Zalapartatsua izan da prozesua, eta prozesu horretan – ustezko elkarbizitzaren izenean – zenbait alderdi politikoren jokamoldea agerian geratu da.

Eskolako hezkuntza komunitateak, aho batez, ereduaren araberako bereizketa bultzatuta ere, azken momenturaino horren kontra egin duenik izan da, baina alferrik. Sarrigurengo eskola ezagutzen dutenek garbi dute irtenbide bakarra zegoela, eta horri heldu dio Departamentuak.

Datorren ikasturtean Joakin Lizarraga eta Hermanas Uriz Pi eskola publikoek ateak irekiko dizkiete ikasle eta irakasleei. Ongi aukeratutako izenak dira, eta biek egungo eskolaren helburuak uztartu behar lituzkete:

Joakin Lizarraga Eguesibarreko Elkano herrian jaio zen 1748an. Apaiz eta euskal idazlea izan zen. Ezaugarri nagusi gisa, bera izan zen bere garaiko idazle euskaldun nabarmenena, eta bere lanak goi nafarreraren Iruñeko aldaeraz idatzi zituen, orduko ondare hura gordez.

Uriz Pi ahizpak mende luze geroago, Eguesibarreko Badostain herrian jaioak, Estatuko Eskola modernoaren aitzindariak izan ziren: haur eta emakumeen eskubideen defendatzaile sutsuak, hezkuntzan gizon zein emakumeei trataera berbera ematearen aldeko borrokan eliza katolikoarekin egin zuten topo, baina ez zuten inola ere amore eman. Alderdi komunistako kideak izanik, Gerra zibilaren ondoren erbesteratu behar izan zuten.

Nafarroan, oraindik ere, Joakin Lizarragak eta Uriz Pi ahizpek ordezkatzen dutenaren defentsan atera behar dugu kalera, eta halaxe egiten jarraituko dugu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!