Jendilajea

Erabiltzailearen aurpegia Santi Leone 2021ko mai. 10a, 11:53

Eichmann in Jerusalem hasi naiz aste honetan irakurtzen. Liburu horretan, gaizkiaren banalitatearen kontzeptua asmatu zuen Hannah Arendtek. Nonbait, Alemaniako funtzionario anitzek nazismoari lagundu zioten, ez ideologikoki naziak zirelako, funtzionario zintzoak zirelako baizik, beren zeregin burokratiko meharretik haratago begiratzeari uko egiten ziotenak. Baten lana trenen puntualtasunaz arduratzea bazen, bada, trenen puntualtasunaz arduratzen zen, sekulan galdegin gabe bere ardurapeko tren horiek zer ote zeramaten, elikagaiak –demagun– Munichera edo juduak –demagun– Auschwitzera. Dena ongi zegoen, baldin eta garaiz ailegatzen baziren.

            Arendten tesia ez omen da historikoki zuzena, baina tresna ederra oparitu zigun funtzionario mota jakin bat doi sailkatzeko. Funtzionarioz inguratua bizi naiz eta, argi geldi bedi, gehien-gehienak jende langile eta prestua da, baina Arendtek deskribaturiko motakoak ere badira. Hezkuntzan dugun abantaila da aise antzematen zaiela: ikasgelatik ihesi doazenak izaten dira, arbela gorroto dutenak, ahal bezain fite klaseak utzi eta zerbitzuburu, zuzendari orokor edo aholkulari bihurtzen direnak. Kudeatzaile onak, zer ari diren kudeatzen ez dakitenak. Jende tristea izaten da, agindu arbitrarioak eta epe absurdoak betearaziz bilatzen du zoriona. Jende tristea, baina arriskutsua, boterearen arrimuan ibiltzen baita beti. Kontuz, entzule, jendilaje horrekin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!