Gurpila

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Irisarri 2015ko urr. 14a, 15:22

Alde Zaharrean bizi den lagun batek bere kezka agertu zidan lehengo egunean parranda giroan sortzen den iskanbila eta zarata handia dela eta. Lo egiterik ez dagoela, ostegunetik hasi eta asteburua bukatu bitarte. Ezin kendu arrazoia lagunari, noski, baina irriño maltzurra agertu nuen nik garai bateko parrandak gogora ekarrita, lagun horixe bera makina bat alditan ibilitakoa baita, nirekin batera, Alde Zaharreko karriketako dezibelioak hodeietaraino harrotzen. Badakigu baina, ederki jakin ere berrogeitaka urtetik gorakook, nola aldatzen diren gauzak kamarada, perspektiba zein den.
Bai, ez dakit Ekialdeko Karma delako horrekin zerikusirik duen, edo Penduluaren Legea ote den, baina egia da munduaren gurpila biraka eta biraka dabilela, eta halako batean duela gutxi arte geunden tokiaren beste muturrera eramaten gaituela, gu oso ongi ohartu gabe nola demontre gertatu den.
Horrela, Tuteran zezenaren irudi erraldoia bota zuten kaputxadun horiena aditu nuenean, berehala irudikatu nituen gazte horiek berak baina hemendik hogeita hamar urtera, akaso Euskal Herri independente bateko agintari eta biziki haserre unionista kaputxadun batzuek ardi latxaren irudi erraldoi bat bota izanaren ondorioz.
Tira, batek jakin nondik etorriko zaigun geroa, hori bai, haren nondik norako guztiak Alde Zaharreko tabernazulo baten atarian komentatuko dituzte, ordu txikietan noski, nire lagunaren bilobek.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!