“FIFAri egin so, kapitalismoa zer den ulertu ahal izateko”

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroako Hitza 2016ko abe. 9a, 02:00

Edurne Elizondo

"Kapitalismoaren egungo neoliberalismoak oinarrizko ondasunak lapurtzen dizkie herritarrei: osasuna, hezkuntza, gizarte zerbitzuak; bai eta kirola ere". Horixe nabarmendu dute Angel eta Maria Cappak También nos roban el fútbol (Futbola ere lapurtzen digute) liburuan (Akal, 2016). Kirol horren kasuari egin diote so egileek, eta agerian utzi dituzte zelaitik at gertatzen direnak: negozioa, telebistek duten boterea, FIFA Nazioarteko Futbol Federazioaren baitan antzemandako ustelkeria kasuak, eta abar. Iruñeko Katakraken aurkeztu dute aita-alabek beren lana.

Biek sinatu dute liburua, baina Angel Cappak (Bahia Blanca, Argentina, 1946) argi utzi du berak "alaba lagundu" egin duela; Maria Capparen (Madril, 1981) esku egon dela lanaren ardura nagusia, alegia. Maria Capparentzat aitarekin aritzeko aukera da liburuak emandako "sari nagusia". Harago, futbolaren esparruko azken urteotako gertakariak "testuinguruan" jarri nahi izan ditu, egindako ikerketa lanaren bidez, kirol horrekin gertatzen ari denari buruz gogoeta pizteko asmoz. "Futbolaren inguruan sortzen diren berriak batzen dituzunean, eta dagokien testuinguruan jartzen dituzunean, kirolaren atzean dagoen negozioa ageri da, bere gordinean. Batzuen eta bertzeen interesak gailentzen dira, argi eta garbi, kirolaren gainetik".

Kazetaria da Maria Cappa, eta kazetari gisa egin dio so futbolari. Angel Cappak hobeki ezagutzen ditu futbolaren barrukoak, entrenatzaile izan baita lehen mailako hamaika taldetan. Begirada hurbilago bat eskaini du. Egungo futbolak zer ikusteko gutxi du Cappak auzoan lagun artean jokatzen zituen partidekin. "Futbola, lehen, jokalariena eta jendearena zen, baina orain enpresarien esku da. Futbola, ondorioz, enpresa bilakatu dute". Horrek ekarri du jokoak berak zuen garrantzia bigarren maila batean gelditzea; emaitzak baino ez du inporta, ez ongi edo gaizki jokatzeak. "Jokalariak, orain, ekoitzi bertzerik ez du egiten", salatu du, tristuraz, Angel Cappak.

Zaleentzat ere izan du ondoriorik azken urteetan futbolaren esparruan gertatu denak. Futbol taldeak sozietate anonimo bilakatzeak ekarri du, adibidez, bazkideek erabakitzeko ahalmena galtzea. Ez hori bakarrik. "Futbola ikusteko eskubidea eta aukera ere galdu dituzte. Partidak antolatzen dira telebisten interesen arabera; ordutegiak ez dira bertako zaleentzat, baizik eta Txina edo Indiako telebista ikusleentzat", azaldu du Maria Cappak. Espainiako Ligan sarrerak "hagitz garestiak" direla erantsi du.

Handiak dira, halaber, "elitean diren jokalarien" soldatak. Horiek taldeentzat "inbertsio bat" direla argi du kazetariak, haien izena duten elastikoen salmenten bidez, adibidez, dirutza jasotzen dutelako. Maria Cappak zehaztu du, halere, soldata handi horiek futbolari profesional "gutxi batzuen esku" baino ez direla. Futbolarien Nazioarteko Federazioak argitaratu berri duen txostena aipatu du liburuaren egileak: "Futbolarien %2k baino ez dute irabazten 720.000 dolar baino gehiago, urtean; futbolari gehienek, %45ek, kobratzen badute, 1.000 eta 2.000 dolar irabazten dute, hilabetean". Gehiengo horrek, gainera, ez du bere formakuntzarako inolako laguntzarik jasotzen. "Etorkizunerako ezin dute prestatu. Elitearen egoerak ez du futbolaren lan baldintzen errealitatea islatzen, inondik inora", erantsi du Maria Cappak.

Ustelkeria

Dirutza mugitzen du futbolaren munduak. Kirol horretan nagusi diren enpresen atzean direnek, halere, gehiago nahi dute. Horixe uzten du agerian kirol horren inguruan dagoen ustelkeriak, Maria Cappak azaldu duenez. Ameriketako Estatu Batuetan eta Suitzan FIFAri buruz egindako ikerketak nabarmendu ditu kazetariak. "Agerian utzi dute 1998tik Munduko Kopa antolatu nahi izan dutenek dirua eman diotela FIFAri, txapelketa hori hartu ahal izateko".

Angel Cappak berak elkarrizketa batean errandako esaldia ekarri du gogora haren alabak, FIFA zer den azaltzeko: "Kapitalismoa zer den ikusi eta ulertu nahi baduzu, egiozu so FIFAri". "Traje eta gorbata erabiltzen dituzten jokamolde fineko FIFAko gizon horiek dira futbolaren jabe", erantsi du. Botere handikoak dira, gainera, kazetariak nabarmendu duenez, eta FIFAk berak herrietako legeak bere alde erabiltzeko gaitasuna erakutsi duela azaldu du.

Egungo futbolaren argazkia egiterakoan ezkor agertu dira Angel eta Maria Cappa. Itxaropenerako heldulekuak badirela erantsi du azken horrek, halere, eta liburuan jaso ditu, gainera. Murtzian (Espainia) sortu duten futbol taldearen gisakoak jarri ditu adibide. "Zaleek sortutakoak dira; futbol talde horiek, gainera, auzoko gainerako eragileekin badute lotura. Toki batekoak direla sentitzen dute, eta horrek ematen die nortasuna". Hori da, hain zuzen, Angel Cappak maite duen futbola. Garai bateko taldeek egiten zutena. Alemanian harago jo dutela erantsi du Maria Cappak: legez jaso dute, adibidez, futbol talde bakoitzaren %51k zaleen esku egon behar duela. "Futbol eskolak sortzen ari dira, gainera, beren fubtol estilo propioa garatzeko".

Protagonismoa, berriz ere, zaleen esku jartzea da kontua. Eta jokalariek taldearekin eta zaleekin bat egitea ere bai. Horren beharra berretsi du Angel Cappak: "Diruak talde bateko kide sentitzeko gaitasuna ere kendu baitie jokalariei".

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!