Hasieratik nahi dute euskara

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroako Hitza 2016ko abe. 9a, 03:15

Asier Garcia Uribarri

San Frantzisko eskolako matrikulazio datuek argi hitz egiten dute: aurten, 3 urteko gelan 29 haur daude D ereduan, eta bederatzi A eta G ereduetan", azaldu du Zaloa Basabe Alde Zaharrean Haur Eskola Euskaraz plataformako kideak. Iaz Iruñeko Udalak bi haur eskola gehiagotan jarri zuen eredu euskalduna. Hala ere, aldaketa horrek ez zuen bete haur eskoletako euskara eskaria, udalak berak egindako ikerketaren arabera. Alde Zaharreko haur eskola Nafarroako Gobernuaren esku dago, Iruñeko beste lau bezala, eta guztietan dago eredu erdalduna. Euskarazko ereduaren alde sinadurak biltzen ari dira, eta heldu den asteartean jende katea egingo dute; Alde Zaharreko haur eskola eta parlamentua elkartuko dituzte.

"Haur eskolarena auzo aldarrikapen historikoa da", adierazi du Basabek. Urteetan, haur eskoletako gurasoek eraman dute aurrera aldarrikapena, baina horrela zaila zen luzera begirako plangintzak egitea. "Gurasook denbora gutxi pasatzen dugu haur eskolan; beraz, zaila da guk geure kabuz aritzea. Horregatik, 2011n plataforma sortu genuen guraso, euskalgintza eta auzoko eragileen artean".

Ordutik, hainbat mobilizazio eta kanpaina egin dituzte, baita unean uneko gobernuko arduradunekin bilerak ere. Baina salatu dute UPNren erantzuna beti izan zela "oso itxia". Hala ere, gobernu aldaketarekin beste ahalegin bat egitea erabaki zuten. Ekainean Hezkuntza Departamentuaren lan saio batean parte hartu zuten, eta han lantalde bat sortzea erabaki zuten. Horren ostean, elkartu ziren haur eskolen arlo teknikoan lan egiten duten beharginekin eta Txema Mauleon Gizarte Eskubideetako Departamentuko kabineteburuarekin. Azken bilera gobernua babesten duten lau taldeekin izan zuten.

Plataformako kideek bileren balorazio gazi-gozoa egin dute. "Behin eta berriz baietz esaten digute. Gure eskaria arrazoizkoa dela esaten dute, baina gero ez dituzte beharrezkoak diren neurriak hartzen", dio Basabek. Plataforma ahalegin berezia egiten ari da heldu den urtean haur eskola euskalduna izan ahal izateko, baina horrek erabakiak data zehatzetan hartzea eskatzen du. "Matrikulazio kanpaina otsailean hasiko da; beraz, askoz jota, urtarrilean hartu beharko lukete erabakia. Oraindik garaiz gaude, baina denbora aurrera doa", ohartarazi du Garikoitz Torregrosa euskalgintzako kideak.

Torregrosak garrantzitsutzat jo du erabakia aurten hartzea, datozen urteetan zailagoa izan daitekeelakoan. "Hurrengo urtean hauteskunde zikloa gertuago egongo da, eta horrelako erabakiak hartzea zailagoa izango da. Hala ere, ez litzateke ezinezkoa izango".

Datu kontrajarriak

Txema Mauleon Nafarroako Gobernuko Gizarte Eskubideetako Departamentuko kabineteburua da, eta departamentu horrek kudeatzen ditu Nafarroako Gobernuaren esku dauden haur eskolak. "Anakronismoa da; antolaketa hau haur eskolak familia kontziliaziorako baliabidetzat hartzen zirenekoa da. Aldatzen saiatzen ari gara, baina burokrazia oso konplexua da", azaldu du Mauleonek. Haren arabera, datu kontrajarriak dituzte haur eskoletako eskariari dagokionez. Iaz, Iruñeko Udalak haur eskoletako hizkuntza ereduari buruzko galdeketa egin zuen aurrematrikula kanpainarekin bat. Galdeketen emaitzek adierazi zuten gurasoen %37,7k euskarazko eredua nahi zutela. Udalak iaz egindako aldaketekin, soilik eskariaren %27 betetzea lortu zuen.

Hala ere, Mauleonek adierazi du Nafarroako Gobernuak bestelako datuak dituela. "Matrikulako datuek esaten digute itxaron zerrenda luzeagoa dagoela ingelesa eta gaztelania eta gaztelaniako haur eskoletan euskarazkoetan baino". Hori dela eta, Gizarte Eskubideetako Departamentuak azterketa berri bat egingo du udalarekin elkarlanean, benetako eskaria zein den jakiteko. "Azterketa berri horretan lokalizazio faktorea kontuan hartuko dugu. Jendeari galdetu nahi diogu: zure auzoan eredu guztiak izango bazenitu, zein aukeratuko zenuke?". Azterketa hori aurrematrikula garaiaren aurretik hasiko dute, eta aurrematrikulako datuak ere kontuan hartuko dituzte. Emaitzak uda aurretik izango lituzkete.

Plataformako kideek nabarmendu dute Alde Zaharreko haur eskolan eredu euskalduna jarriko balute, udalak iaz egindako azterketan ateratako eskari datuak beteko lituzketela. Hala ere, gogoratu dute eskaria betetzea gutxiengo bat dela. "Eskaria bete behar da, baina ezin gara horretara mugatu. Nafar guztiek dute eskubidea euskara ikasteko. Eredu erdaldunek herritarrei ukatu egiten diete Nafarroako hizkuntza ofizialetako bat jakitea, eta etorkizunean lan eta harremanetarako aukerak", salatu du Torregrosak.

Kezkaz bizi dute euskalgintzako eta plataformako kideek gobernuak euskararekiko duen jarrera. "Badirudi gobernua beldur dela. Oposizioak euskara jomugan du. Guk ausardiaz jokatzeko eskatzen diogu, euskararen eremuan pausoak eman behar baitituzte nafarren eskubideak direlako", azaldu du Torregrosak.

Hala ere, oposizioak euskararen gaiarekin gogor jokatzen badu ere, Torregrosak gogoratu du Nafarroan badagoela euskararen aldeko gehiengo bat. "Nafarroan badago gehiengo bat euskararen alde, eta gobernuak haren babesa izango du. Zarata sor daiteke, baina horrek gutxi irauten du. Gu lanean ari gara, eta horretan jarraituko dugu".

Datak estuak dira, eta Nafarroako Gobernuan, berriz, zalantzak ugari. Baina Alde Zaharrean argi dute: hasieratik ikasi nahi dute euskaraz.

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!