“Ez dute baloratzen herriek kulturaren alde egiten dutena”

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroako Hitza 2016ko aza. 25a, 03:30

Kattalin Barber

40 urte bete ditu aurten Agoizko Bilaketa kultur elkarteak. Hainbat gazterekin egindako lanarengatik, eta gizartean beren parte hartzea bideratzeko egindako urratsengatik eman dio saria Nafarroako Gobernuak. Salvador Gutierrez (Malaga, Espainia, 1958) elkarteko zuzendaria da, eta gaur jasoko du saria.

Nafarroako Gobernuaren Gazteria saria jaso duzue. Aurten, hala ere, gobernuaren utzikeria salatu zenuten. Zer iruditzen zaizue saria eman izana?

40 urteko ibilbidea saritu nahi izan dute. Modu batean edo bestean, urte hauetan guztietan gazteekin egindako lana aitortzea. Urte hasieran, salatu genuen gobernuaren utzikeria eta berriro salatzen dugu. Utzikeria handiz jokatu dute aurreko gobernuek eta baita oraingoak ere.

2015ean Nafarroako Parlamentuak Bilaketa proiektua salbatzeko hitza eman zuen. Zerbait egin du?

Ez. Orain dela hiru bat urte, UPN agintean zegoenean, Nafarroako Parlamentura joan ginen, eta, han, gure egoera salatu genuen. Murrizketak direla eta, diru laguntzarik gabe gelditu ginen. Ez zegoela dirurik. Oposizioa, berriz, gure alde zegoen. Orain, parlamentuko egoera irauli da, baina gure egoera berbera da. Ez dute neurririk hartu.

Oraingo gobernuak ez ditu aintzat hartzen zuena bezalako elkarteak?

Pena ematen dit horrek. Guk pentsatzen genuen kultura kontuan izanen zuela ezkerrak, baina besteek bezala jokatu dute. Ez da aldaketarik egon kulturaren arloan. Nafarroa Iruñea bakarrik dela pentsatzen dute agintariek. Baluarte eta gisa horretako proiektuak bakarrik laguntzen dituzte.

Hortaz, nola finantzatzen zarete?

Donazioak jasotzen ditugu, eta gure bazkideek kuota txiki bat ordaintzen dute. Gobernuaren diru laguntzak ez ditugu jasotzen, eta, horren ondorioz, proiektu asko bertan behera utzi behar izan genituen 2012an. Hala nola poesia, narratiba, eskultura eta pinturako nazioarteko sariketak.

Belaunaldi arteko kanpaldiak ere antolatzen zenituzten, ezta?

Bai; krisiarekin, bertan behera gelditu ziren horiek ere. Interesgarriak ziren, oso, ume eta helduok elkarrekin joaten ginelako. Hainbat telebista kate etortzen zen urtero grabatzera. Zergatik gaur egun existitzen da gazte eta adinekoen arteko muga hori? Bada, inoiz ez dugulako sustatu belaunaldien arteko harremana. Beti sortu ditugu gune batzuk gazteentzat, eta beste batzuk adinekoentzat.

Berriz egiteko aukera izanen duzue?

Oraingoz ez, ez baitugu dirurik. Gobernuak Iruñeko kulturan inbertitzen du bakarrik, eta herriok bazterrean uzten gaituzte. Ez dute baloratzen kulturaren alde herriek egiten duten lana. Nafarroa osoan kultur eskaintza zabala dago, baina herriek beraiek aterata.

Gaur jasoko duzu saria. Zer esanen duzu?

Federico Garcia Lorcaren diskurtso bat laburbilduko dut. Medio pan y un libro du izena (Ogi erdia eta liburu bat). Esaten du herri bateko ekonomia garrantzitsua dela, baina ezinbestekoa dela kulturari eustea. Kultura desagertzen bada herria ere desagertuko delako. Testua zaharra izan arren, oso aproposa da egungo egoera islatzeko.

40 urte bete dituzue. Espero zenuten hainbeste urte betetzea?

Inolaz ere ez. 1976ko irailaren 26an bildu ginen Agoizko hamalau gazte. Uste genuen gehienez urtebete iraunen genuela. Eta bat-batean 40 urte ditugu. Aurrera egin dugu, elkarteari eustea oso zaila den arren. Bilaketan dena da lan boluntarioa, erabat.

Zenbat boluntario zarete?

Ehunka lagun. Giza baliabideak dira gure alderik preziatuena. Ez dugu dirurik, baina gauza asko egiten ditugu boluntarioak ditugulako. Helduentzako unibertsitatea, liburutegia, musika banda, gazte informazio bulegoa.... Gurean, Espainiako idazle onenetarikoak egon dira: Almudena Grandes, Luis Garcia Montero, Pepe Hierro, Jaime Siles.... Atzerrian ere oihartzuna izan dugu.

Gainera, ez gara Agoitzen bakarrik aritzen. Lizarran eta Iruñean, adibidez, helduentzako unibertsitatea dugu. 57 irakasle ditugu, eta hiru lekuetan eskolak ematen dizkiete 782 ikasleri.

Txikitasunean handi zaretela uste duzu?

Bai, guk esaten dugu gauza txikien eta handien proiektua dela gurea. Gure txikitasunean proiektu handiak garatu ditugulako. Adibidez, 40 liburu argitaratu ditugu, eta gure margolanen ondarea 34 obrak osatzen dute. Ez dakit zer gertatuko den etorkizunean herri txikietan. Kolokan dago herri askoren kultura.

Ixteko zorian egon zineten?

Bai, eta uste dut hala egin behar izan genuela. Elkarte bat ixten denean instituzioak konturatzen dira zerbait gaizki egiten ari direla. Guk gure lanari eutsi diogu beti, egoera oso zaila izan arren. Aurten, adibidez, astero antolatu ditugu kultur ekitaldiak, bai Agoitzen, bai Lizarran, baita Iruñean ere. Orain dela urte batzuk, gobernuak dirua eskatu zigun Pablo Sarasate nazioarteko biolin lehiaketan sari bat emateko, eta 3.000 euro eman genizkion saria banatzeko. Mundua alderantziz dago? Noiztik eskatzen dio dirua gobernuak elkarte bati?

Ez duzue diru laguntza gehiagorik eskatuko?

Ez. Ez du merezi. 2012an eman ziguten azkena, 6.000 eurokoa. Aurreko urteetan 20.000 ematen ziguten. Itzuli genituen 6.000 euroak. Ezin dugu hori onartu, lotsagarria da. Eta, gainera, asko hitz egin dugu, politikoki ez gara zuzenak. Hori ere bada gure identitatea.

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!