Edurne Elizondo
Hilabete bat ere ez da joan Iruñeko gaztetxea inauguratu zutenetik, hiriko udalak itxi duen arte. Joan den urriaren 29an egin zuten Caparrosoko txaleta zabaltzeko besta, eta azaroaren 15ean eman zuten udaleko agintariek hura ixteko agindua. Sarrailak aldatu, eta sarrerak zurkaiztu zituzten udaltzainek joan den astean. "Aurretik inolako abisurik eman gabe hustu dute eraikina", salatu dute gaztetxeko kideek.
Udalak segurtasun arrazoiak jarri ditu mahai gainean gaztetxea ixteko, Caparrosoko txaletean "baimenik gabeko" obrak egin dituztelako. Erakunde horrek hilaren 14an egin zuen lehen urratsa: Geroa Baik aurkeztutako mozioa onartu zuen Lehendakaritza Batzordeak, udalari eskatzeko gaztetxeko kideekin zuen kontratua bertan behera uzteko. Hurrengo egunean bete zuen udalak eskaera hori, hain zuzen ere.
Gaztetxeko batzarreko kideek ez dute bat egin udalak emandako azalpenekin, eta iazko abenduan Compañia karrikako eraikina okupatu zutenetik egin duten negoziazio prozesuan izandako gorabeherak salatu dituzte. "Eraikina husteko mehatxupean aritu ginen negoziazio horietan; udalari lagapen kontratu bat proposatu genion, baina ez zuen onartu; udalak egindako kontratua onartu genuen gero, erabat ados ez egon arren". Sinatzeko orduan, ordea, "aurrez adostuta ez zegoen lagapen kontratu prekario bat" aurkeztu zuen Iruñeko Udalak, eta hori onartu zuten, azkenean, gaztetxeko kideek.
Jendaurrean agertu dira asteon, eta Iruñeko hamaika gizarte talderen eta eragileren babesa jaso dute. Udalarekin kontratua sinatu eta gero, otsailean hasi ziren gazteak eraikina egokitzeko proiektua garatzen, erakunde horrekin. Baina "ez aurrera eta ez atzera" gelditu zenez, udan urrats bat egitea erabaki zuten gaztetxeko kideek. Ekainaren 18an, Compañia karrikako eraikina utzi, eta Caparrosoko txaletera mugitu ziren. Lanak egin dituztela aitortu dute, eraikina gaztetxe gisa erabiltzeko egokitzeko. "Udalarekin diseinatzen hasi ginen proiektuari jarraitu diogu, eta teknikariek gainbegiratuta", zehaztu dute gazteek. Ez udalaren teknikariek, halere. Berretsi dute ez dutela egin eraikinaren egiturari eragin dion lanik.
Lanak gaztetxea ixteko arrazoia baino gehiago aitzakia izan direla uste dute gaztetxeko kideek. Salatu dute, gainera, ez zutela itxieraren berririk jaso aurretik, erakunde horrek eta gazteek harremana izan arren. "Gure gauzak barruan genituen; udalari eskatu genion udaltzainik ez egotea guk haien bila joan behar genuenean, baina hamar genituen zain, gutxienez", salatu dute gaztetxeko kideek. Konfiantza galdu dutela erantsi dute.
"Ezustean"
Ezustean harrapatu zituen gaztetxeko kideak, joan den astean, udalaren erabakiak. Izan ere, hilaren 14ko Lehendakaritza Batzordean, EH Bilduko zinegotzi Patri Peralesek mozioa aurkeztu zuten taldeei egotzi zien "presaka" aritu nahi izatea gaztetxearen auzian. Lanengatik txostena zabaldu zietela azaldu zuen, baina ebazpenaren zain zirela. Azkenean, ordea, mozioa onartu eta biharamunean agindu zuen udalak gaztetxea ixtea. Udalaren asmoa da eraikinean beharrezkoak diren obrak martxan jartzea, eta datorren urtarrilean, berriz, lehiaketa publikoa egitea, kudeaketaren ardura emateko.
Gaztetxeko kideen hitzetan, gertatutakoak agerian utzi ditu "erakundeen eta herri mugimenduaren arteko tentsioak". Beren proiektuarekin aurrera jarraitzeko asmoa agertu dute; abenduaren 2an ezagutaraziko dute, eta 3an, berriz, gaztetxeen eta autogestioaren aldeko mobilizazioa eginen dute. Parte hartzera deitu dituzte herritarrak. "Oraingoa izan da gaztetxe baten itxierarik isilena": horrela laburbildu dute Caparrosoko txaletaren inguruan gertatu den guztia.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.