Kattalin Barber
Ikusezinak zirenak ikusarazi nahi izan dituzte. Inork ez dezala esan existitu ez zirenik. Horixe izan da Rosa eta Ana Izizen lana, eta bost urteko ikerketaren emaitza jaso dute La historia de las Mujeres de Euskal Herria (Euskal Herriko Emakumeen Historia) liburuan. Hutsunea betetzera dator liburua: "Orain arte ez da egon Euskal Herriko emakumeen historia aztertu duen ikerlanik. Mendez mende kualitatiboki asko aldatu da haien egoera", azaldu du Rosa Izizek. Txalaparta argitaletxeak beste bi liburuki kaleratuko ditu gaiaren inguruan.
"Lan berritzailea da gurea, eta beharrezkoa ikusten genuen", jarraitu du Ana Izizek. Lehenengo liburuki honek, beraz, Euskal Herriko emakumeen egoera, pentsaera, itxaropenak eta beldurrak jasotzen ditu. Idatzita ez zegoena idatzi dute Iziz ahizpek. "Harrigarria dirudien arren, Euskal Herriko emakumeak pentsatzen genuen baino askeagoak ziren XV. mendera arte", adierazi du Rosak. "Emakumeak ahalduntzeko gure alea jarri nahi izan dugu liburu honekin. Oraindik ere matxismoa presente dago gure bizitzan, eta atsedenik gabe borrokatu behar dugu benetako berdintasunera iritsi arte", erantsi du.
Historialaria da Rosa; zuzenbidean lizentziaduna, berriz, Ana. Ez da lehenengo aldia Iziz ahizpek elkarrekin liburu bat argitaratzen dutena. 2011n argitaratu zuten, adibidez, Los Aibar, linaje de Reyes liburua, eta hainbatetan kolaboratu dute elkarrekin. Ikerketa etnografikoak eta historikoak aurrera eraman dituzte askotan. Horietako ikerketa batean konturatu ziren emakumeek ez zutela tokirik kargu publikoetan, eta gehiago aztertzea otu zitzaien: "Emakumeek eremu pribatuan utzitako aztarnak aztertu nahi izan ditugu", esan du Ana Izizek. Euskal Herriko udal arautegi eta prozesu zibiletan hasi ziren bilatzen. Eta materiala bazegoen, aurkitzea asko kostatu zitzaien arren: "Emakumeak beti agertzen dira gizonaren itzalean: Urliaren emaztea edo Urliaren alarguna... Izen-abizenik gabe".
Erreginei eta printzesei buruzko bizitza alde batera utzita, Iziz ahizpek eguneroko Euskal Herriko herrietako emakumeen bizitza nabarmendu nahi izan dute. "Orduan konturatu ginen emakumeek ere gizonekin lan egiten zutela, esaterako, nekazaritzan, merkataritzan, oihalgintzan eta baita zubi, harresi edota gazteluak eraikitzen ere", azaldu du Rosa Izizek.
Garai hartako bizi baldintzak "negargarriak" ziren arren, bai emakumeak eta baita gizonak ere orain baino askoz "promiskuoagoak" zirela jakinarazi du Rosak. "Orekarien sokan bizi ziren; hori dela eta, egunean bizi nahi zuten", adierazi du Anak. Elizgizonak "normal-normal" ezkontzen ziren, eta seme-alabak izaten zituzten. 1564. urtera arte iraun zuen horrek. Orduan, Eliza katolikoak arau zorrotza eta murriztailea ezarri zuen. "Emakumeen jarduera erabat murriztu zuen horrek". Orduan, emakumeek etxean bakarrik lan egiten zuten: iruleak, ehuleak, josleak eta emaginak ziren.
Atal berezia du liburuan orduko janzkerak. "Bakarrik emakumeen jantziei erreparatuz jakin dezakegu nongoa zen andrea edota pobrea edo aberatsa zen", azaldu du Anak. Adierazi duenez, oihalaren formak eta oihal motak aberats eta pobreen artean bereizten zituzten emakumeak. Neskamea, alarguna ala dontzeila zenik jakin dezakegu jantzien luzera, zeramaten eskotea edo oihalaren koloreak erreparatzearekin bakarrik. Jatorria ere desberdindu daiteke, eta emakume juduak, musulmanak, prostitutak edota agoteak horrela bereizten ziren. "Eta, hain justu, hauek izan ziren Euskal Herrian gehien baztertu zituzten emakumeak: juduak, ijitoak eta agoteak", adierazi du Anak.
Sei gai nagusi ditu Iziz ahizpen liburuak: Historiaurrea eta erromanizazioa; Erdi Aroko feminitate ideala: misoginia; Erdi Aroko emakumeen legeria. Emakumeak foruetan; Erdi Aroko emakumeen eguneroko bizitza; Sorgintza. Pertsekuzioa eta prozesu inkisitorialak, eta Emakumeen jantziak Erdi Aroan. Testua irudiekin lagunduta dago. 600 argazki baino gehiago bildu dituzte egileek lehendabiziko liburukian, hain zuzen ere.
Izena dutenak, izengabe
Testuan kabida dute hainbat eta hainbat emakume izengabek. Haien bizitza eta historiak aurkitu dituzte artxiboetan, eta ez dituzte ahaztu nahi izan. "Lan zaila izan da, oro har emakumeek ez zutelako bizitzarik politikan, kulturan eta ezta gizartean ere. Ia arkeologia lana izan da. Epaiketako prozesuetan informazio asko aurkitu dugu, eta emakumeak lekukoak izan direneko informazio interesgarria aurkitu dugu", azaldu du Rosa Izizek.
Emakume izengabeak eta izendunak agertzen dira liburuan. Kapituluz kapitulu, Euskal Herriko hainbat emakumeren bizitzak tartekatu dituzte, Badostaingo Katalina, Katalina Erauso moja eta Maria Estibaliz de Sasiola idazlea kasurako.
Iziz ahizpek kaleratu dutena trilogiaren lehendabiziko zenbakia da. Hurrengoa martxan dago, eta Charo Roquerok hartu du ardura. Historia de la prostitución de Euskal Herria (Euskal Herriko prostituzioaren historia) idatzia du aurretik, eta oraingoan XVII. eta XVIII. mendeak hartuko ditu ardatz. Hirugarren liburukia, berriz, Iziz ahizpek eginen dute, eta XIX. mendea izanen dute aztergai lan horretan. Ahizpek ez dute alboratu laugarren liburukia egitea, Euskal Herriko emakumeen historia osatu ahal izateko.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.