Kattalin Barber
Iruñeko eremu urdineko autoen aparkalekuak kudeatzen dituen Dornier enpresako langile batzordeak bi orduko lanuztea egin zuen asteartean, langile bati egindako erasoa salatzeko. Azkena izan da, baina ez, ordea, bakarra: 2007. urtetik, hain zuzen ere, 23 eraso gertatu dira langileon kontra, eta 97 mehatxu jasan dituzte. Dornierreko langile batzordeko kidea da Elena Llanes (Iruñea, 1961); egoera salatu, eta neurriak eskatu ditu.
Urriaren 6an langile bati eraso zion emakume batek. Zer gertatu zen?
Ospitale inguruan lanean ari zen gure lankidea, eta, bat-batean, emakume batek atzetik heldu zion, eta betaurrekoak apurtu zizkion. Iletik tiraka, lurrera bota zuen. Hainbat pertsona gerturatu ziren lankidea laguntzeko, eta hainbat ukabilkada eman zizkien emakumeak. Udaltzainak etorri ziren gero, eta anbulantzian eraman behar izan zuten emakumea. Ez da normala hori gertatzea, halako erasoak sufritu behar izatea. Isuna zuen emakumeak bere autoan.
Nola dago zuen lankidea?
Ez dago batere ongi. Errehabilitazioa egiten ari da, trapezioa eta sorbalda gaizki dituelako. Horrez gain, psikologikoki oso ahul dago. Gaixo agiria eman zioten, eta lan egin gabe jarraitzen du oraindik ere; ez du indarrik lanera itzultzeko.
Argitaratu da 2007. urtetik 23 eraso eta 97 mehatxu egon direla zuen enpresako langileen aurka.
Asko gertatu dira, bai. Guk datu horiek enpresari eskatu genizkion, baina guri ez dizkigute ematen. Beharbada enpresari komeni zaio gertatzen dena estaltzea. Baina erasoak daude, eta, krisiaren ondorioz, areagotu egin dira, gainera.
Badaukazue protokoloren bat eraso baten aurrean zer egin jakiteko?
Badugu protokolo bat. Guk lan egiten dugu PDA batekin, eta gailu horrek badu larrialdietarako botoia. Sakatzean, momentuan etortzen dira ikuskariak eta udaltzainak guregana. Kontua da botoi hori sakatzeko guk PDA hori martxan jarri behar dugula, eta botoia bilatu. Askotan ez dugu denborarik horretarako. Aurreko erasoa gertatu zenean, adibidez, emakumeak ez zuen botoia sakatu, ez zuelako espero inolako erasorik. Ez zuen erreakzionatzeko inolako aukerarik izan. Orain dela hiru urte, berriz, beste neska bat itotzen saiatu ziren kable batekin.
Zer egin daiteke, zuen ustez, halako erasoen aurka?
Gizarteak ulertu behar du guk laneko arauak bete behar ditugula. Gure lana da, eta, egiten ez badugu, guri jartzen digute isuna. Jendea ez badago ados arauarekin, horren aurka borroka egin dezala, baina ez langileen aurka. Beharbada, araua oso zorrotza da, baina guk ezin dugu aldatu. Ez dago gure esku. Askotan saiatu gara araua onargarritasun handiagoz aplikatzen, baina oraindik ez dugu lortu.
Ni Ogasun Sailera joaten naizenean zerbait ordaintzera ez dut hor dagoen langilearen aurka egiten. Berak bere lana egiten du. Ez da bere errua. Arazoa araua da, inoiz ez langileak. Baina kontua da gure aurka egitea dela errazena, hor bertan gaudelako.
Behin baino gehiagotan gezurtatu behar izan duzue, hain zuzen, zuek ez duzuela inolako komisiorik jasotzen isunak jartzeagatik.
Bai, eta berriro gezurtatuko dut. Ez dugu inolako komisiorik jasotzen isunak jartzeagatik. Are gehiago esanen dut: guk ez genuke onartuko komisiorik kobratzea. Negoziatu ditugun lan hitzarmenetan arrisku plusa lortzen saiatu gara. Baina oraindik ez dugu hori lortu. 2006. urtean 52 eguneko lanuztea egin genuen, eta jarraituko dugu borrokan. Gure lana arriskutsua da, eta hor daude datuak.
Ez zarete seguru sentitzen lan egiten duzuenean?
Ni neu, adibidez, seguru sentitzen naiz. Baina edozein pertsonari gerta dakioke eraso bat sufritzea, eta hori ezin dugu onartu. Jendea haserretzen denean guregana hurbiltzen da. Egunero jasaten ditugu ahozko erasoak, eta ez da batere atsegina horrela lan egitea. Nahikoa da. Ezin dugu horrela jarraitu.
Zer exijitzen diozue Dornier enpresari?
Langile batzorde gisa uste dugu haiekin hitz egin behar dugula, eta zerbait asmatu beharko dugula horrelakoak berriro ez gertatzeko. Orain, adibidez, 18:30erako iluntzen du, eta, ondorioz, leku jakin batzuetan, bikoteka egiten dugu lan. Bakarrik ez egoteko. Arriskutsuak dira toki horiek, argi gutxi dagoelako. Baina azken erasoa 16:00etan gertatu zen, eta Ospitale Gunean. Horrez gain, Dornier enpresak Iruñeko Udalarekin hitz egin du, eta, hain zuzen, arazo gehien dagoen lekuetan udaltzainak egonen direla adostu dute.
Orain dela zenbait urte, adibidez, walkie-talkieak genituen, eta ongi funtzionatzen zuten. Zerbait gertatzen zenean, zuzenean lankideekin hitz egiten genuen, eta bertaratzen ziren. Zaila da jakitea zer den eraginkorrena, eta asmatzea. Gainera, nik uste dut enpresak ez duela dirurik gastatu nahi arazoari aurre egiteko.
Aritz Romeo Herritarren Segurtasunerako zinegotziarekin bilera egin zenuten zuek ere. Zer moduz?
Neurriak hartuko dituztela esan zigun, eta babesa eskaini ziola erasotako langileari. Hilero Dornier enpresari gerta daitezkeen erasoen eta gisakoen inguruko txostenak eskatuko dizkiotela esan zuen, gainera, arazoak non dauden jakiteko, eta horietan neurriak jartzeko. Enpresarekin bilera eginen dutela esan ziguten. Haiek ere zerbait egin behar dute, nire ustez.
Erasoez gain, hainbatetan salatu duzue udaltzainen lana egiten duzuela. Zeintzuk dira kasu horiek?
Adibidez, bigarren ilaran dauden autoei isuna jarri behar diegunean. Arauak esaten du guri dagokigula, baina langileok uste dugu hori udaltzain batek egin beharreko lana dela. Eta gu ez gara udaltzainak.
Zenbat pertsona ari zarete orain zerbitzuan lanean?
Nik 11 urte daramatzat, eta denera, orain, 180 langile gara. Orain dela hamazazpi urte ezarri zen eremu urdina. Hasieran, bakarrik Alde Zaharrean eta Bigarren Zabalgunean jarri zuten, eta poliki-poliki ia hiri osoraino hedatu dute. Zerbitzua zabalduz joan da, baina jende bera gaude lanean. Ez dute inor kontratatu. Langile gehiago behar ditugu.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.