Kattalin Barber
Urtebeteko ibilbidea du Nafarroako Unibertsitate Publikoko talde feministak. Aurtengo karpan brigada feministak egon ziren, sexu erasoei aurre egiteko eta, norbaitek behar izanez gero, laguntza emateko. Dena den, jaialdiaren antolatzaileek brigadak debekatzeko ahalegina egin zuten hasieran. Joan den astean, NUPek protokolo bat aurkeztu zuen jazarpen psikologiko, sexu-jazarpen eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurka, prebentziozko neurri eta esku hartzeko jarraibideekin. Betaurreko moreak agerikoak dira unibertsitatean.
Brigada feministaren debekuak hautsak harrotu zituen sare sozialetan, eta, oihartzun mediatikoaren ostean, atzera egin zuten antolatzaileek. "Pena izan da ezagun egin garelako sortu den polemikarengatik, eta ez eraso sexistak salatzeagatik". NUPeko talde feministako kide Cristina Osesen hitzak dira. Hark adierazi duenez, ikasleek urtero antolatzen duten karpan jarrera sexista eta matxistak egon ohi dira, eta horiei aurre egiteko antolatu zuten brigada feminista. "Protokolo sinple bat prestatu genuen, eta gure lana bakarrik laguntzea eta arazoa ikusgai egitea zen".
Jaialdian "normaltasuna" izan zen nagusi. Hala ere, bi emakumeri laguntza eman zieten "eraso arinengatik", eta hainbat jarrera matxista ikusi zituztela salatu dute. "Horrez gain, salatu behar dugu karpan zeuden hainbat ikaslek ez gintuztela batere ongi hartu, eta irainak jasan behar izan genituen". Oraindik ere unibertsitate arloan sentsibilizazio lan handia egin behar dela uste du talde feministako kideak. Babesa izan zuten arren, "umilazioa" ere jasan zuten brigada feministako hogei neskek.
"Badirudi batzuentzat ez dela existitzen eraso sexistarik. Guztiok harritzen gara bortxaketa bat egoten denean Iruñean, baina, era berean, bortxaketak egotera bultzatzen duten itsasgarriak onartzen dira karpan. Arazoaren errora joan behar dugu. Itsasgarriak ez dira txantxa". Izan ere, karparen kontseilu orokorrak debekatzen ditu eduki politikoa duten itsasgarriak, baina onartzen ditu eduki sexistakoak. Hoy follo, mañana juicio (Gaur larrua joko dut, bihar epaiketa) edota Bonitas piernas, ¿a qué hora abren? (Hanka ederrak, zein ordutan irekiko dute?) irakur zitekeen horietako batzuetan. Itsasgarriez gain, beste brigada batek karpan parte hartu zuela salatu du Osesek: "Eraztunaren brigada deitzen ziren, eta haiek laguntza eskaintzen zieten emakume itsusi bat hurbiltzekotan. Besoko urdinak zeramaten. Lotsagarria, eta oso larria iruditu zitzaigun".
Dena den, Osesek eskertu du hainbat ikaslek eman zieten babesa. "Neska asko ikusi genituen kamiseta moreekin edota sinbolo feministarekin". Udaberriko karpan berriro ere brigada feminista eginen dutela iragarri du, eta, ibilbide laburra duten arren, hamaika ideia eta ekintza aurrera eramanen dutela jakinarazi du Osesek. Orain, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunaren harira eginen dituzten ekintzak prestatzen ari dira. "Unibertsitatea erakunde matxista da oraindik ere, eta horren adibide da eskolako edukietan emakumeak ikusezinak direla erabat".
Eloisa Ramirez Nafarroako Unibertsitate Publikoko hedapenerako eta harreman instituzionaletarako errektoreordea ere mintzatu da karpan egoten diren jarrera sexisten inguruan. "Ikasleek antolatzen duten jaialdia da; hortaz, ezin dugu esku hartu, baina sentsibilizazio kanpainak egin ohi ditugu karparen eguna aitzakia hartuta", adierazi du. Drogen kontsumoari buruz, sexu erasoei buruz eta jarrera homofoboen inguruan sentsibilizazio kanpainak aurrera eramaten dituzte karparen aurretiko egunetan. "Unibertsitate osasungarriaren programaren baitan inkestak eta analisiak egiten ditugu jakiteko zer gertatzen den egun horretan. Egia esan, drogen kontsumoari buruz, bai eta jarrera sexisten inguruan ere, askotan jaso izan ditugun erantzunak harrigarriak eta kezkagarriak dira".
Sexu jazarpenaren aurka
NUPek onartu berri du sexu jazarpenaren aurkako protokoloa. Jazarpen psikologikoa eta sexua oinarri duen jazarpena ere izanen ditu kontuan prebentzio eta esku hartze neurriak biltzen dituen dokumentuak. Unibertsitate komunitateari, erakundeak kontratatutako enpresei eta praktikako ikasleak hartzen dituztenei ezarriko diete protokoloa. "Honen aurretik ez genuen ezer, eta, arazoren bat gertatzen zenean, logikarekin jokatzen genuen. Prozedura honekin, errazagoa da arazoa bideratzea, eta, bide batez, gaia ikusgai egiten dugu", adierazi du Ramirezek.
NUPek onetsi berri duen protokoloak jazarpen mota hauek "berdintasun eskubidearen, integritate fisiko eta psikikoaren eta pertsonen duintasunaren aurkako atentatutzat" jotzen ditu, eta aurreikusten du pairatzen duenari laguntza emango zaiola, egoera errepika dadin galaraziko dela eta zehatu egingo dela, "gertaeraren testuingurua eta baldintzak kontuan hartuta". Ramirezek adierazi du formakuntza ekintzak eginen dituztela. Horretaz gain, ikasleei aurkeztuko diete protokoloa, "existitzen dela jakin dezaten; haiekin gaia lantzea ere gustatuko litzaiguke".
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.