Txolarre, uso eta sorbeltzak

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroako Hitza 2016ko urr. 28a, 03:10

Edurne Elizondo

Hiriko bertze biztanleak dira. Zerua zeharkatzen dute, eta, auto eta eraikinen artean, zuhaitz eta arrakaletan bilatzen dute aterpe. Iruñeko hegaztiak. Hiriko txoriak. Bosgarrenez, hiriburuan ugaltzen diren espezieen inguruko azterketa egin du udalak, eta mahai gainean jarri ditu lortutako datuak: aurten, 51 espezietako 1.806 hegazti zenbatu dituzte. Etxe txolarreak, etxe usoak eta sorbeltz arruntak dira ugarienak.

Ornitolan etxeko Gabi Berasategi da txostena egin duten biologoetako bat. Luis eta Carlos Almingolekin batera aritu da lanean. "Maiatzean jaso genituen datuak; igandeak baliatu genituen, hiria lasaiago zenean", azaldu du. 2009an eskatu zuen udalak hiriko hegaztien inguruko lehendabiziko lana, eta hartan ere parte hartu zuen Berasategik. Bi urtean behin egin izan dute, iaz arte. 2015ean egin eta gero, aurten berriz ere txostena osatzeko agindua jaso dute ornitologoek. 2009tik jasotako informazioari so egin dio Berasategik, eta Iruñeko hegaztiek, urteotan, orduko egoerari eutsi diotela nabarmendu du. Bioaniztasunak pixka bat gora egin duela erakusten dute aurtengo datuek, edonola ere.

Gaztelugibelan eta Etxabakoitz inguruan dago hegazti gehien. "Ez da arraroa", azaldu du Berasategik: "Ziudadelan zuhaitzak badira; hegaztiek badute habia egiteko tokia; Etxabakoitzen, berriz, larreak eta ibaia dituzte; lasaitasuna dute, bai eta zer jan ere". Horrek markatzen du hegaztiak non diren, hain zuzen ere. "Habia egiteko tokia eta zer jan behar dute".

Zuhaitzak egotea, hala ere, ez da toki bat hegaztientzat egoki dela errateko nahikoa. Bertzelako elementuak izan behar dira kontuan. Zuhaitz horiek, edo zuhaitzak dituzten parkeak kudeatzeko moduak ere badu zerikusi handia, adibidez. "Hegazti askok haziak eta intsektu txikiak jaten dituzte. Parke batean zuhaitzetatik erortzen diren hostoak berehala biltzen badituzte, adibidez, zer jan gabe gelditzen dira txoriak", azaldu du biologoak.

Hiri ereduak ere badu lotura toki batean edo bertzean bizi diren hegazti espezieekin. "Gero eta enara eta hontz gutxiago ikusten dugu hirian, ez baitute leku egokirik. Herrietara joaten dira. Hiriak egiten baditugu ispiluz betetako eraikinekin, teilak erabiltzen ez dituzten etxebizitzekin, zulorik ez duten paretekin, hegaztiek ez dute non egon, non gelditu". Londresen, adibidez, etxe txolarreen kopuruak nabarmen behera egin duela azaldu du biologoak. "Populazioaren erdia galdu dute azken urteotan". Bertzeak bertze, hiri ereduaren eraginez.

Iruñean, etxe txolarreak, etxe usoak eta sorbeltz arruntak dira ugarienak, hiriko baldintzetara egokitzen asmatu dutelako, hain zuzen ere. Parkeak bizitoki dituzten espezieentzat aproposak dira Iruñeak dituen berdeguneak. Anitz daude. Sasiek, ordea, behera egin dute hirian. "Ez ditugu gustuko, eta kentzen ditugu". Horrek badu eragina halako habitatak maite dituzten hegaztientzat, noski. "Behera egin du halakoen kopuruak Iruñean", erran du Berasategik.

Azken urteotako datuei so, txorru arruntek gora egin dutela ohartu dira azterketa egin duten ornitologoak. Kardelinen kopuruak, berriz, pixka bat behera egin du. Aurten, bertzalde, txostena osatu duten urteotan guztietan ikusi ez zuten espezie bat aurkitu dute ornitologoek Iruñean hegaztiei so egindako bideetan: baso txinboa, hain zuzen ere.

Interesak, gora

Hegaztiei so gozatzen duten horietako bat da Gabi Berasategi. Ez da bakarra. Iruñean ornitologiak gero eta zale gehiago dituela nabarmendu du biologoak. Joan den astean, adibidez, aurtengo datuen berri emateko hitzaldia eman zuen biologoak Ingurumen Heziketarako Museoan, eta herritar anitzek parte hartu zutela nabarmendu du. "Interesa badago, gero eta gehiago; eta hori pozteko moduko berri bat da", erran du Berasategik.

Interes horrekin lotu du, hain zuzen ere, hegaztien etorkizuna, neurri handi batean. Hiri ereduak zehaztuko duelako Iruñean zenbat hegazti eta zer espezietakoak bizi diren, biologoak berretsi duenez. Gizakien erabakiek eragin zuzena baitute hiriko bertze biztanleengan.

Hiriak duen bioaniztasunaren erakusle ere badirela nabarmendu du Berasategik. "Gero eta txori eta espezie gehiago izan, orduan eta ingurumen kalitate handiagoa".

Txolarre, uso eta sorbeltzen hiria da Iruñea. Bai eta txantxangorri, buztangorri, kaskabeltz, mika eta amilotx urdinena ere, bertzeak bertze. Auto eta eraikinen artean, hiriko zerua zeharkatzen dute hegaztiok. Kantuz betetzen dute Iruñea.

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!