Tania Arriaga Azkarate
Aldaketaren gobernuak Eskubide Sozialetako Lehendakariordetzari eman dio, beste hamaika arduraren artean, gure nagusien ongizatearen kudeaketa. Ondorioz, departamentu horrek zenbait erabaki hartu ditu zeinek, zuzenean, El Vergel (Iruñea) eta Santo Domingo (Lizarra) egoitzei eragiten dieten; Nafarroan ditugun zaharren egoitza publiko guztiei, alegia, bi besterik ez baitugu. Hirugarrenak harrera egiten die ezintasun intelektuala dutenei.
UPNren gobernuak, azken hogeita hamar urteotan, egoitza pribatuen sare trinkoa zabaldu du gure herrialdean, eta denbora luzea beharko da kudeaketa eredu hori aldatzeko. Hala ere, geriatrikoen gainean Lehendakariordetzak hartutako erabakiak norabide zuzenean ote doazen jakin nahi dute bi egoitza publiko horietako langile, egoiliar eta azken horien senitartekoek. Izan ere, Departamentuaren politika berria zaharren egoitza publikoetako egoiliarraren profila aldatzen ari baita. Adina, gaitasuna eta ezintasuna izan dira orain arte nagusiak hartzeko erabili diren parametroak. Horren arabera, adinduak eraikinean kokatu, terapia espezifikoak diseinatu eta lantaldetan banatu izan dituzte. Ildo beretik ere, langileak hezi eta trebatu eta instalazioak prestatu eta egokitu dira. Hala ere, azken hilabeteetan, El Vergel eta Santo Domingora aldaketak iritsi dira: patologia ezberdinak —gehienak buruko osasunarekin lotuta— pairatzen dituzten lagunak bidali dira bi egoitza horietara; langile zein azpiegituraren egokitzapenik gabe, ordea.
Gauzak honela, laguntza psikologiko berezia behar duten lagunak gero eta gehiago izan arren, egun, egoitza hauetako psikologoen kopurua ez da aldatu. Zaintzaileek eta garbitzaileek egoera eta eskakizun berriei moldatzeko ez dute inongo ikastaro edo gomendiorik jaso. Langileen kopurua ez da handitu, errefortzurik ez zaie batu, lan-baldintzak ere ez dira berrikusi. Are gehiago, laguntza eta zaintza berezia behar duten eri berriak lehengo protokoloei jarraikiz onartu eta kokatzen dituzte; gai eta ezinduen multzoetan sailkatzen segitzen dute, osasun arazo konplexua pairatzen badute ere.
Ondorioz, aurreikusi ez diren premien konponbidea langileen borondatearen esku uzten ari dira, eta tamalez, honezkero, egoera arriskutsuak suertatu dira. Zaintzaileek haien lana maite dute, egoiliarrak mimatzen dituzte eta egunez egunekoa bikaina izan dadin ahal duten guztia egiten dute. Baina nork zaintzen ditu zaintzaileak?
Nafarroako bi zaharren egoitza publikoetan buru-patologiak nozitzen dituzten egoiliarrak gero eta gehiago izanik, zaharrendako plazak murrizten ari dira. Argitu gabe dago, etorkizun hurbilean, nafarron aukera bakarra geriatriko pribatua izanen den ala ez. Baliteke arestian azaldutako aldaketak plan errotu baten kimuak izatea eta informazioa bidean egotea, oxala! Dena dela, behar berriei aurre egin ahal izateko ongi, bi egoitza hauetako langileen formakuntza eta lan-baldintzak egokitzea behar-beharrezkoa da.
Akaso, heziketa espezifikoa duten langile berriak kontratatzea ere lagungarria izan daiteke. Zentzu berean, protokoloak eta azpiegiturak benetako egoerei erantzuna emateko diseinatzen dira, deus gutxirako balio dute errealitatetik kanpoko jarraibideek. Hortaz, lan egiteko gidalerroak eguneratzeko garaia iritsi dela ematen du.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.