Gripeari aurrea hartuz

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroako Hitza 2016ko urr. 21a, 03:10

Kattalin Barber

Udazkenarekin batera ailegatzen ohi da gripearen birusa. Gaixotasunari aurrea hartu nahi dio Nafarroako Gobernuak, eta, horretarako, joan den astean, urriaren 13an, gripearen kontrako txertaketa kanpaina jarri zuen martxan. Datorren azaroaren 30era arte iraunen du. Nafarroako Osasun Departamentuak 120.000 dosi ditu eskura aurten. Berrikuntza moduan, gainera, maila guztietako irakasleak kontuan hartu ditu gripearen aurkako kanpainak. Txertoa jartzeko gomendioa egin die Osasun Departamentuak. Iaz, 17.357 gripe kasu izan ziren herrialdean.

Txertoa doan hartu ahal izanen dute arrisku taldeetan dauden pertsonek. Kanpaina, batez ere, arrisku talde hauentzat prestatu dute departamentuko arduradunek, hain zuzen ere: 60 urte baino gehiago dituzten pertsonentzat, hainbat gaixotasun kroniko dituzten ume eta helduentzat, haurdun dauden emakumeentzat eta gaixo kronikoekin harremanetan dauden pertsonentzat. Nagusiekin edo gaixoekin eta oinarrizko zerbitzu publikoetan lan egiten dutenei ere gomendatzen zaie txertoa jartzea. Aurten, gainera, gripearen aurkako txertaketa kanpainak irakasleak hartu ditu kontuan Nafarroan. "Medikuek eta suhiltzaileek bezala, irakasleek arriskua dute birusa kutsatzeko, hainbat arrisku talderekin harremanetan daudelako", azaldu du Irune Tubia familia medikuak.

Txertoa osasun etxean edo nor bizi den zahar etxean jaso ahal izanen da. Askok hartua dute jada, eta oraindik hartu ez dutenek ere badute denbora, kanpaina martxan izanen baita azaroaren 30era bitarte. Aurtengo kanpainarako, Osasun Departamentuak 120.000 txerto erosi ditu 336.960 euroan. Dosi bakoitzak 2,8 euro balio du, eta hiru birusi aurre egiten die: A (H1N1), A (H3N2) eta B. Azken hori da Osasunaren Mundu Erakundeak aurtengo kanpainarako gomendatzen duena.

Nafarroako Gobernuak espero du erositako txertoak nahikoak izanen direla martxan den kanpainarako, Osasun Publikoko Institutuak ez baitu larrialdirik espero. Joan den denboraldian 17.357 gripe kasu izan ziren —28 kasu 1.000 biztanleko—, aurreko kanpainan baino %3 gehiago, hain zuzen ere. Gripea izan zuten pertsona guztietatik, 426 gaixok ospitaleratzeko beharra izan zuten. Aurreko denboraldiarekin alderatuz, %71 egin zuen gora kopuruak. ZIU Zainketa Intentsiboetako Unitatean artatu behar izan zituzten kasuak hirukoiztu ziren aurreko denboraldian, eta hemeretzi pertsona hil ziren ospitalean.

"Bestelako gaixotasun kronikoak izaten dituztelako hiltzen ohi dira gripeak jotako gaixoak, ez bakarrik birus horren ondorioz; ez dugu larritu behar", azaldu du Tubiak. Udazkenetik aurrera, bereziki, gutxienez astebeteko gaixoaldia eragiten ohi du gripearen birusak. Gaixoek oro har izaten dituzten sintomei buruz, medikuak nabarmendu du sukarra, buruko eta eztarriko mina eta hotzikarak izaten direla ohikoenak. "Beti izaten dira gripe kasuak, eta hori saihetsezina da; gainera, saiatu arren, ez dira inoiz helburuak betetzen: hainbatek txertoa ez jartzea erabakitzen dute", gaineratu du.

Ez du erabat babesten

1990. urtean jarri zen lehenengoz martxan, Nafarroan, gripearen aurka txertoa jartzeko kanpaina. Ohikoena gripea agertu baino lehen txertatzea izaten da. "Txertoak hiru gripe motari aurre egiten dio, baina beste mota batzuk ere badaude, eta edozein txertok ez du inoiz %100ean babesten". Hortaz, txertoa hartuta, gaixotasuna hartzeko arriskua ez da desagertzen, baina murriztu egiten da. Urtetik urtera, mutazioak izaten ditu birus horrek. "Eskuak ongi garbitzea oso garrantzitsua da, eta eztula egitean ahoa estaltzea", adierazi du Tubiak. Gripearen birusa oso azkar kutsatzen da. Medikuak jakinarazi du erietxera joaten diren askok txertoa jarri gabea zutela. Tubiak argi utzi du, behin gripea izanda, medikuarengana joan eta hark gomendatuta soilik hartu behar direla botikak. "Bestela, arazo larriagoak sor daitezke".

Hotz handia egiten baldin badu, jendea leku itxietan pilatzen da, eta horrek gaixotasuna kutsatzea errazten du. "Gelak aireztatzea oso garrantzitsua da, eta, batik bat, garbi izatea", azaldu du medikuak. Urtero bezala, Osasun Publikoaren Institutuak txosten bat eginen du, astean, gripearen eraginaren inguruko argibideak emateko: biztanleko kasu kopurua, sintomatologia eta abar jasoko dituzte.

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!