Jon Barberena
Isiltasuna musikarekin parekatu izan da. Musikarik ederrenarekin. Soinua, maiz, ez baita doinu, baina isiltasuna doinu eta soinu izan daiteke. Doinua, bizi garen alimaleko asots honetan.
Isiltasuna ere laguntasun maila gorenarekin eta konfiantzarekin lotu izan da. Ondokoarekin bakarrik eta isil-isilik egonik, deseroso sentitzen ez garelarik, konfiantza maila handia dugun seinale izaten da.
Baina ez konfiantzarik, ez laguntasunik eta ez doinu lasaigarririk ez da anitz urtetan Nafarroan izan. Bai isiltasuna, aldiz! Baina isiltasuna ez da bilatua izaten norbaitek isilarazten zaituelarik, betiko desagertzeko nahiarekin eta betiko mututzeko obsesioarekin.
Ahulenen mingainak kamustu, begiak itsutu eta belarriak argizariz estali nahi izan dituzte. Etxeko ttipienak euskaratik aldendu eta inozentziaz bustitako begien soa aldarazi; euskara arrotz sentitu artio.
Hondarribian, emaztekiari plastiko beltzak paratzen zaizkion gisara (lotsagarria), Nafarroan, telebistako pantaila beltzez margotzen zuten berriki artio, euskara aditu eta ikusi nahi zen etxean.
Nafarroan 2009tik aitzin ez da Euskal Telebista normaltasun osoz ikusi, LTD bidez emititzen ez zelako berriki artio. Soilik zenbait lekutan ikus zitekeen. Harrezkero, zorionez, gauzak aldatu dira Nafarroan. Gobernua, bertzeak bertze. Ez da guti! Barcinak hautsi zituen EITBrekin negoziazioak, eguraldiaren mapak "Nafarroako errealitatea" marrazten ez zuela aitzakia paratuz. Eta hitz zuri horiek tarteko, pantaila beltza barreiatu zuen gure sukalde, egongela eta logeletara. ETB3ko marrazki bizidunak bizigabetuz eta gure umeei euskaraz bizitzeko aukera murriztuz. UPNk isilarazi nahi izan zituen gure kantak eta gure marrazkien solasak, baina urte zail horietan ere, alimaleko lana egin zen Nafarroan, etxeko ttipienen alde.
Aditu ditugu Juan Martinez de Irujo eta Manolo Garcia euskaraz kantari. Ikusi ditugu Ruperren pastazko antiojoak glutenari glu-gluka. Ezagutu ditugu liburu magikoa, Oneka marrazo belarjalea eta beldurra lagun zuen otsoa.
Hori guztia eta gehiago, Ene Kantak proiektu xume bezain eraginkorrari zor diogu. Euskaraz eta euskararen alde. Laguntza emanez Nafarroako Bertsozale Elkarteari, Euskalerria Irratiari eta, aurten, BERRIA egunkariari bertzeak bertze. Maiz, kolpatuak izan direnak artatuz. Sendatuz ez, baina bai goxatuz.
Isilak omen gara euskaldunak, baina ez batzuek uste bezain isilak, nonbait. Nardatu gara Bob Esponjaren pitokeriekin, nardatu isildutako solasen marranta kroniko honekin, nardatu bota gabeko oihuen oihartzunarekin. EITB berriz ere gure etxean sartu den honetan, ongietorria eman diezaiogun Astonautari. Azaroaren 7an gurera etorriko den euskararen lagun berriari.
Imanol Urbieta trankil joan izanen da, bai baitaki, Nafarroan, bere itzalak segida duela. Berak egin bezala, gure hizkuntzari hurbiltasuna eskain diezaiogun, doinua para diezaiogun… Etxeko ttipienen artean eta euskararen artean laguntasuna ernai dadin.
Urbieta joan da, eta guk ere bide berdina hartuko dugu noizbait, baina kantatzen duen herria, segur, ez dela hila izanen.
Segi hitzei doinua eta doinuei hitzak paratzen, hizkuntza zahar honek merezi du eta.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.