Fantikorena etxea, iraganaren gordailu

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroako Hitza 2016ko urr. 7a, 03:05

Kattalin Barber

Hainbat hilarri dira Artetako Fantikorena etxeak gordetzen dituen pieza zaharrenak. Erdi Arokoak dira gehienak. Etxe nabarra da Fantikorena, beheko solairutik azkeneraino. Nafarroako Erresuma izan zenaren gordailu da: 10.000 pieza baino gehiago daude gordeta, antzinako bizimoduaren erakusle. Joxe Ulibarrena eskultore eta etnografoak bildu ditu urte hauetan guztietan arbasoen piezak, eta museo bihurtu du bere tailerra izan zena. Aurten, 30 urte bete ditu Artetako Iruñeko Erresumaren Museo Etnografikoak, eta ospakizunak dituzte asteon.

"Nire aitak beti esaten du piezak biltzen hasi zela gure arbasoak tontoak ez zirela frogatzeko". Elur Ulibarrenaren hitzak dira, eskultorearen alaba eta, egun, museoaz arduratzen dena. 40 urte baino gehiago daramatza eskultoreak pieza etnografikoak biltzen, eta horren emaitza XII. eta XX. mende arteko 10.000 objektu baino gehiago dira. "Herriko bizitza desbalorizatu zen, eta garai horretan hirian bizitzea zen onena. Aurrerapena hori zen", azaldu du alabak.

Testuinguru horretan hasi zen Ulibarrena materiala biltzen: "Berak zeharo baloratzen du hain desprestigiatuta zegoen bizimodua". Elur Ulibarrenak argi du, gainera, horrelako piezak egiteko azkarra izateaz gain teknika ere oso ongi menperatu behar zela. Hamaika gremiok dute txokoa Artetan, lurrari lotutako lanbideak guztiak: artzaintza, abeltzaintza, hargintza, burdinola, aroztegia, ferratzaileak...

Beheko solairuan pieza zaharrenak daude, eta lastategian, berriz, XX. mende hasierako piezak, berrienak. "Betirako piezak egiten zituzten, iraunkorrak". 1972. urtean erosi zuen Fantikorena etxea Ulibarrenak, eta 1986. urtean museo bihurtu arte, bere tailerra izan zen. Bitxikeria bat kontatu du haren alabak: "Erosi baino lehen hiru jabe zituen etxeak, jarauntsi zuenak jokoan galdu zuelako".

Artetakoa ireki baino lehen, Berriobeitin beste museo bat izan zuen Ulibarrenak. Nafarroako Erresuma zenaren piezak bildu ditu sortzaileak. "Eta mugak gainditu zituen. Bordeleko piezak ditugu hemen, adibidez. Batik bat, Pirinioetako kulturako piezak interesatzen zitzaizkion".

Besteak beste, Joxe Ulibarrenak harria, zura, buztina eta burdina erabiltzen zituen eskulturak egiteko. Beti pertsonak edota pertsonaiak zizelkatu izan ditu bere obran. "Urtez urte bildu dituen piezak, ordea, objektuak dira. Pertsona horiek erabili behar zituzten erremintak", azaldu du Ulibarrenak. Museoak pertsona horiei falta edo kendu zizkieten objektuak gordetzen ditu. "Nik uste dut museoa bera bere obra bat dela, instalazio artistikoa".

Nafarroako Pedro Mariskala maite zuen eskultoreak. Eta izen hori jarri zion museoa kudeatzen duen familia fundazioari. "Hein batean, aita mariskala sentitzen da". Museoak eskultorearen obra konpentsatzen du, edota alderantziz: "Balantza orekatua osatzen dute".

Diru laguntzarik gabe

1987. urtean, Nafarroako Gobernuarekin hitzarmena sinatu zuen fundazioak, eta lortu zuen Nafarroako museoen sarean sartzea. Ordutegi finko bat, bisita gidatuak eta erakusketak antolatzen zituen Artetako museo etnografikoak. 2009an, berriz, krisia dela eta, murrizketek erabat jo zuten Arteta. "Sarea osatzen genuen 33 museoetatik, 11 museo geratu ziren. Bitxiki, Nafarroako museo etnografiko guztiak kanpoan gelditu ginen", azaldu du Ulibarrenak. Ordutik ez dute aurrekonturik, eta egiten dutena museoa maite dutelako egiten dute. Uda garaian, asteartetik igandera irekita edukitzen dute museoa, eta neguan, berriz, asteburuetan. Norbaitek beste egun batean bisitatu nahi badu, ematen dituzte hitzorduak deituz gero. 3.000 pertsona inguruk bisitatzen dute Arteta urtean, eta eskola asko joaten dira ikustera.

Orain dela bi urte arte eskultorea Fantikorena etxean bizi zen, baina adinak orain ez dio uzten. "Dena den, aitak egunero eskatzen du Artetara joatea".

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!