“Niretzat, onena da txori bati begira ere hunkitzeko gai izatea”

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroako Hitza 2016ko ira. 23a, 04:00

Edurne Elizondo

Munduari itzulia eman zion Andoni Canela natura fotokazetari nafarrak, duela bi urte. Familiarekin egin zuen bidaia, Looking for The Wild izeneko proiektuaren eskutik. Kontinentez kontinente egin zuten bidea, tokian tokiko animalien bila. Liburua osatu zuen Canelak iaz, argazkiekin. Orain, dokumentala aurkeztu du, El Viaje de Unai (Unairen bidaia) izenburupean. Urrian ikusi ahal izanen da Tuteran, eta gero Iruñean. Bidaiaz eta filmaz aritu da dokumentalari izena eman dion Unai Canela (Castellar de n'Hug, Bartzelona, 2004).

Filma ezagutzen ez duenari nola azalduko zenioke zer den El Viaje de Unai?

Familia osoak egindako bidaia bat da. Nire aita argazkilaria da, eta lanagatik, hain zuzen, hamaika tokitara joan izan da, sumendien erupzioen argazkiak egitera, edo Artikoan bizi diren foken argazkiak egitera. Egun batean, Amaia nire arrabari eta niri erran zigun urtebete luzeko bidaia eginen genuela, denok elkarrekin.

Eta zer erantzun zenion zuk?

Ideia izugarri ona iruditu zitzaidan! Denok ginen bidaia egiteko gogoz. Hamaika plan egiten hasi ginen Amaia eta biok, eta amets hori egia bilakatu zen, azkenean.

Aurretik ere lagundu zenuen aita bere lan bidaietan, ezta?

Bai. Elkarrekin egin genuen Looking for Fochas izenburuko proiektua. Egunero, eskolara bidean, argazki eta bideo bat egiten genuen Banyoles lakuan. Kopetazuriei egiten genien so. Proiektua handituz joan zen, eta, azkenean, Ameriketako Estatu Batuetara eraman gintuen.

Oraingoan, are bidaia luzeagoa egin duzue; kontinentez kontinente egin duzue salto, hainbat animaliaren bila.

Bai. Esperientzia zoragarria izan da denontzat. Bidaia bukatu eta gero, bizi izandakoa gogoratzen hasi, eta pena ematen dit zenbait tokitan denbora gehiago eman ez izana. Gustura gelditu izanen nintzateke hamaika txokotan, hango animaliei buruz gehiago ikasi ahal izateko. Kontent naiz, halere, etxera bueltatu eta filmarekin gozatzeko aukera dudalako, bai eta betiko lagunekin egotekoa edo eskolara joatekoa ere. Dena den, bidaiatzeko irrikan naiz, berriz ere; animalien bila berriz joateko irrikan.

Nora itzuliko zinateke?

Australiara, adibidez. Toki berriak ezagutzeko gogoa ere badut, halere.

Tokiak eta han bizi diren animaliak ezagutzeaz gain, hango bertako jendearekin egoteko aukera ere izan duzu?

Lagun anitz egin ditut bidaian, egia erran. Eta haietako zenbaitekin harremana badut, oraindik ere, sare sozialen bidez. Jende anitz ezagutu dugu, eta, kasu guztietan harremanari eutsi ez badiogu ere, denak ditut gogoan, ezagutu ditudan pertsona guztiekin bizi izandakoak.

Zure bizimoduaren hagitz bertzelakoak diren bertze zenbait ezagutuko zenituen. Nolakoa izan da esperientzia hori?

Hagitz ona da bertze kulturak ezagutzea. Ezagutu dudan jendearekin anitz ikasi dut. Ez dakit haiek nirekin zerbait ikasiko zuten, baina esperientzia hagitz polita izan da, eta polita da harreman horietako anitzi eutsi ahal izana. Amaiak ere anitz gozatu du, eta ederra izan da horren lekuko izatea.

Dokumentala egin baino lehen, liburua egin zenuten.

Bai. Liburua aitaren argazkiek osatzen zuten, baina azken zatian nik eta Amaiak egindako hainbat marrazki eta argazki ere sartu genituen. La llamada del puma izena du. Liburu horrek, nolabait, bidaia horretako argazkiak eta bizi izandakoak jasotzen ditu.

Zein da euskarririk gogokoena zuretzat?

Biak gustatzen zaizkit, baina, akaso, dokumentala osoagoa da. Denetarik duelako. Irudiak eta hitzak. Liburua egiteko prozesuan parte hartzea anitz gustatu zitzaidan, hala ere.

Dokumentala ikusten duenak zure ahotsa du gidari, hain zuzen. Nolakoa izan da lan hori?

Nahiko gogorra, baina gustura nago emaitzarekin. Uste dut jendeari gustatu zaiola. Ni, egia erran, aspertu egiten naiz zenbaitetan neure burua behin eta berriz ikusita!

Otsoak, elefanteak, krokodiloak, pumak... hamaika espezietako animaliak ikusi dituzue. Zein aukeratuko zenuke ?

Animalia guztiak ikustea eta ezagutzea izan da zoragarria, baina onena, zalantzarik gabe, puma. Bidaia hasi baino lehen, nire helburu eta desio bakarra zen pumak ikusi ahal izatea. Horregatik jarri genion La llamada del puma izena liburuari.

Helburua bete zenuen. Nolakoa izan zen animaliok ikusi zenituen unea?

Ez zen batere erraza izan. Kosta egin zitzaigun. Zenbait egunetan, hamasei ordu ere eman genituen eguzkipean, pumak ikusteko zain, eta ez genuen zorterik izan. Baina azkenean agertu zen, eta aitak argazki ederrak egiteko aukera izan zuen. Ni biziki poztu nintzen pumak ikusi genituenean. Ametsa zen niretzat. Denok baditugu ametsak, eta amets hori egia bilakatzeko unea da... zoragarria! Zaila da hitzez azaltzea. Ziur naiz une hori sekula ez dudala ahaztuko.

Zure adineko gazte anitzek ez dute zurearen gisako bidaia bat egiteko aukera.

Egia da, baina natura maite baduzu, eta naturan bizi diren animaliei so egitea maite baduzu, edozein toki da aproposa hori egin ahal izateko. Hori da garrantzitsuena. Ez duzu urrutira joateko beharrik. Niretzat, onena da txori bati begira ere hunkitzeko gai izatea. Eta ni banaiz. Animalia guztiek badituzte beren sekretuak.

Otsoen inguruko liburua aurkeztu zuen zure aitak, bidaia luzea hasi baino lehen. Kantauriar mendikatean ibili zen haien atzetik, zurekin batera. Ikusi zenuen otsoa?

Bai. Hemendik gertu otsoak eta hartzak ikusteko aukera ere badugu. Otsoen argazkiak egitera anitzetan joaten zen nire aita, gertu zituelako. Eta nik lagundu nuen, zenbaitetan. Seme-alaba anitz joaten dira tarteka aitaren edo amaren bulegora, eta nire aitaren bulegoa natura da. Otsoa ikustea hunkigarria izan zen niretzat. Uste dut mugitu ezinik gelditu nintzela!

Zuk ere eramaten duzu argazki kamera bidaietara edo animaliei so egitera joaten zarenean?

Eramaten dut, bai, baina anitzetan kamera dudala ere ahaztu egiten zait! Animaliak ikusterakoan anitz hunkitzen naiz, eta ez naiz argazkiak egiteko gai ere! Argazkiak egitea anitz gustatzen zait, hala ere. Aitak anitz erakutsi dit, eta gozatzen dut kamerarekin. Ea noizbait aitak egiten dituenak bezain liburu eder bat egiten dudan.

Nahiko zenuke?

Bai, bai, gustatuko litzaidake. Nahiko nuke, adibidez, elurretako lehoinabarra ikustera joan. Hagitz zaila da animaliok ikustea, eta ez dakit noizbait aukera izanen ote dudan. Baina nire ametsa hori da. Ea betetzen den.

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!