“Erdigunean jarri behar dugu bizitza”

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroako Hitza 2016ko ira. 16a, 04:00

Edurne Elizondo

Prekaritatearen eta Ekonomia Feministaren Ardatzeko kide da Nieves Salobral (Madril, 1964). 2014ko Martxoaren 8aren harira sortu zuten, Madrilen. Hamaika tailer egin dituzte, geroztik. Iruñean azalduko ditu Salobralek, gaur, ekonomiaren gakoak, feminismoaren ikuspuntutik.

Etxeko lanari buruzko jardunaldietan ariko zara. Oro har, zer deritzozu etxeko langileen egoerari?

Emakumeak dira nagusi sektore horretan, eta lan baldintza hagitz prekarioak dituzte. Are gehiago, zenbait kasutan langileek pairatzen duten egoera erdi-esklabotzaren parekoa da. Soldata oso urriak dituzte, eta, zenbaitetan, ostatu truke egiten dute lan.

Oraindik ere, Gizarte Segurantzako erregimen berezia dute.

Bai, eta horren ondorio da lan hitzarmen kolektiborik ez dutela, edo langabezia jasotzeko eskubiderik ez dutela. Etxeko lanak ederki balio du kapitalismoaren baldintza ekonomikoak salatzeko, agerian uzten duelako zaintzaren esparruko lana erabat ikusezin bilakatzen dela sistema horretan. Lan horrek, ordea, eusten dio produkzio eta finantza sistemari, lan hori gabe bertzea ez litzatekeelako existituko.

Nagusiki emakumeek egindako lana delako da lan prekario bat, edo alderantziz?

Feminizatutako lan bat da, erabat, sistema kapitalistarentzat lan zikina delako etxeko lan hori. Aldi berean, argi dago sistema kapitalistak doako ondasunak eta lan indarra lortzen dituela esparru horretan, eta horregatik interesatzen zaio feminizatutako lan esparru bat izatea. Edozein kasutan, feminizatutako eta prekario bilakatutako lana da, eta sistema kapitalistak ezkutuan gorde nahi du, sistema horren eredu klasikoen araberako lan bat ez delako.

Emakume eta migratzaile izateak are okerrago bilakatzen du egoera?

Bai, argi eta garbi. Soldatak are baxuagoak dira, eta besta hartzeko eskubidea ere ez dute izaten. Migratzaileak paperik ez badu, gainera, egoerak okerrera egin dezake. Sexu erasoak gertatzen dira zenbaitetan.

Zeintzuk dira errealitate hori aldatzeko gakoak?

Gure taldeko kideok kolektiboak duen indarra nabarmendu nahi dugu. Tailerrak ere ideia hori izanen du ardatz. Amaia Perez Orozkoren Subversión feminista de la economía. Aportes para un debate sobre el conflicto capital-vida liburua izan dugu oinarri. Hainbat kolektiborekin jorratu dugu jada, eta Iruñean ere abiapuntua horixe izanen da. Horren inguruan Prekaritatearen eta Ekonomia Feministaren Ardatzean hausnartutakoa, alegia.

Noiz eta nola sortu zen talde hori?

2014ko Martxoaren 8aren harira sortu zen. A por todas izenburuko jardunaldiak antolatu genituen. Hainbat lan esparru jorratu genituen, eta bat izan zen ekonomia feministari eta prekaritateari buruzkoa. Bat egin genuen hainbat kolektibok, eta elkarrekin aritzea erabaki genuen. Jardunaldietarako sortu zen ekinbidea, baina aurrera egin du. Etxeko Lurraldea izeneko kolektiboa dago, adibidez. Etxeko langileek osatua da. Bertze hainbat kolektibok M-15ean izan dugu abiapuntua. Denak elkarrekin ari gara lanean.

Eredu ekonomikoen analisia egin duzue, bertzeak bertze.

Bai, belaunaldiz belaunaldi hainbat izan baitira. Gogoan izan dezakegu lehengo irauteko eredua, adibidez. Eredu hori ekoizpen eredu bilakatuz joan zen, eta, egun, finantza eredu bat dugu. Horren aurrean, gako feministak behar ditugu gure egunerokoan identifikatu ahal izateko gurekin harremana duten eredu ekonomikoak zein neurritan ari garen eraldatzen. Finean, sinetsarazi nahi digute ekonomiak Ibex35-arekin eta enpresa handiekin duela lotura, baina ekonomia feministaren ikuspuntutik bizitza jartzen dugu erdian. Bizitzak egon behar du erdigunean. Bizitzari eusteko egin behar dugu lan.

Etxeko langileen lan baldintza prekarioak kontuan hartuta, ez da erraza izanen eraldaketarako urratsak egitea, ezta?

Zaila da, bai. Gu beti saiatzen gara dagoen egoerara egokitzen. Hagitz garrantzitsua da denok lengoaia bera erabiltzea. Zenbaitetan uste dugu komunikatzen ari garela, baina ez dugu hori lortzen, ez dugulako denek lengoaia bera. Esperientzien berri ematea eta partekatzea da kontua, eta haietatik abiatuta eraikitzea. Tailerraren helburua hori da, hain zuzen ere. Etxeko langileekin aritu gara elkarlanean prestatzeko; hainbat jatorritako emakumeak dira, bakoitzak bere esperientziak dituelako. Elkartzea, elementu komunak nabarmentzea da gakoa.

Denen arazoa dela konturatzeko?

Hori da. Ez da baten edo bertzearen arazo. Denena baizik. Horretaz jabetzen dira tailerrean aritzen direnak. Konturatzen dira haiek ere ari direla ekonomia egiten. Agerian gelditzen da kapitalismoa, finean, bizitzaren aurka ari dela. Etxeko lana zikina eta gaizki ordaindutakoa izan dadila nahi baitu kapitalismoak. Tailerretako esperientzia hagitz polita izan da. Sareak sortu dira.

Garrantzitsua da erakunde publikoek halako ekinbideetan parte hartzea?

Bai, hagitz garrantzitsua da. Errealitateari egin behar diote aurre erakundeek, behingoz, etxeko lanari so egin.

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!