Edurne Elizondo
Zeinen katolikoak zareten hemen, oraindik ere!". Lucio Urtubia militante anarkista ezagunarenak dira hitzak. H28 hilabetekari saretirikoa argitalpeneko kideen agerraldiarekin bat egin zuen, joan den astean, Katakrak liburu dendaren aurrean. Han erakutsi dituzte Nafarroako VII. Komiki Azokarako hautatutako hamalau marrazkiak, azokan parte ez hartzea erabaki baitute, antolatzaileek lanetako bi zentsuratu eta gero. Larunbatean hasi, eta urriaren 2a bitarte eginen dute azoka, Iruñean.
Torturari buruzkoa da bazter utzitako obretako bat; bertzea, berriz, Opus Deiren eta pedofiliaren ingurukoa. "Eztabaidaren beharra dugu, umorearen bidez, besteak beste", azaldu zuen Opusen inguruko marrazkiaren egile Asisko Urmenetak, Katakraken egindako agerraldian. Zakil batzuek osatutako olagarroa margotu zuen H28 aldizkarirako; zentsura salatzeko, berriz, itsasotik indarrez ateratako benetako olagarro baten gorpu hila erabili zuen marrazkilariak. Buru gainean jarri zuen, hitz egiten zuen bitartean.
Iruñeko Udalak hiriko EH Bilduk egindako txio baten bidez azaldu du auziari buruzko bere jarrera; batetik, argi utzi du azoka antolatzea Tiza elkartearen ardura dela, eta elkarte horrek erabakitzen dituela irizpideak eta edukiak; bertzetik, nabarmendu du oreka bilatu behar dela adierazpen askatasunaren eta artistek beren burua neurtzeko duten ahalmenaren artean.
"Zentsura ideologikoa da hau; frankismoan bezala, Elizari eta Guardia Zibilari buruzko marrazkiak zentsuratu dituzte". Patxi Uharte marrazkilariarenak dira hitzak. Argi eta garbi mintzatu da. Onartu du auziak "aspertu" egiten duela, eta kritikoak eta lotsagabeak diren lanen alde egin du. "Halakoak dira fanzineak, eta guk fanzine bat egiten dugu. Ezin dugu fanzine baten edukia txuritu, are gutxiago zentsura erabilita".
"Frankismoan ukiezinak ziren gaiak ukiezinak dira orain ere; ez bakarrik komikigintzan, artean, oro har, baizik", erantsi du Uhartek, eta gogora ekarri ditu, besteak beste, Abel Azkonaren eta Jose Ramon Urtasunen aurkako auziak. Epaitegietara eraman dituzte bi artistok, azken hilabeteotan, beren obrengatik. Azkonaren Amen izenburuko artelanak herrialdeko sektore katolikoenen haserrea piztu zuen, eta mezak eta elkarretaratzeak antolatu zituzten, karrikan eta erakusketa aretoan, obra salatzeko. Artzapezpikutzak eta Espainiako Abokatu Kristauen Elkarteak eraman zuten artista auzitara. Urtasunek, berriz, 1936ko gerra izan du ardatz Nafarroako Parlamentuan eta bertze hainbat tokitan zintzilikatu duen erakusketan. Jaime Ignacio del Burgoren salaketa jaso zuten lanek. Bi senide iraindu izana leporatu zion Del Burgok artistari.
"Hemengo kontua"
Elizak Nafarroan duen eragina aipatu du Patxi Uhartek. H28 aldizkariaren aurkako zentsurak herrialdeko egoerarekin duela lotura, alegia. "Hemengo kontua da". Abel Azkonaren aurkako kanpaina hasi zenean, Elizaren indar hori jorratu zuen Victor Moreno idazleak. "Elizak eragina du politikariek bidea ematen diotelako artzapezpikutzari politikaren, ekonomiaren, lan esparruaren auzietan edo era guztietako performanceetan esku hartzeko", erran zuen.
Artearen ustezko mugei buruz aritu izan da Haizea Barcenilla arte kritikaria ere: "Arteak baditu mugak, badirelako artea diren eta ez diren gauzak. Baina uste dut muga horiek aldakorrak direla, eta hala behar dutela. Artearen jokoetako bat da horiekin jolastea". Erantsi du "probokazio hutsak" ere ez duela balio.
Bizkaitik egin dio so egoerari Blanca Oria kazetariak; artean aditua ere bada, eta Elizaren eta artearen arteko tirabirak "aspaldiko kontua" direla nabarmendu du. Bat egin du Uharterekin, eta Nafarroan bertze toki anitzetan baino "serioago" hartzen da gaia, haren hitzetan. "Txantxa bat ere ezin da egin! Lasaitasuna behar dugu; bakoitzak eman dezala nahi duen iritzia obra bati edo bertze bati buruz, eta kito".
Ernesto Murillo Simonides marrazkilariari gertatutakoa ekarri du Oriak gogora, Elizaren inguruko tirabirak aspaldikoak direla azaltzeko. Murillo Nafarroako VII. Komiki Azokako gonbidatuetako bat da, hain zuzen ere; bere azken lanak erakutsiko ditu egunotan, Iruñean. 1980ko hamarkadaren amaieran, zentsurari aurre egin behar izan zion, Elizak haren lana salatu eta gero.
"Dibertigarria izan zen", erran du, orain, marrazkilariak, orduan gertatutakoak gogora ekarri eta gero. Murillok Pamiela etxeak argitaratutako komiki liburuen bilduma batean parte hartu zuen. "Makoki aldizkariak musikari buruz egindako zenbaki berezi batean argitaratutako lanak eman nituen Pamielaren liburu horretan, bertzeak bertze; pieza txikiak ziren, zinta bat eta orrialde erdiko marrazki bat, jota zaharrak eta Siniestro Total taldearen abesti bat ardatz hartuta osatuak". Apaizak eta Vatikanoa aipatu zituen Murillok bere obretan, bertzeak bertze.
Pamielaren liburua liburutegien sare publikora ailegatu zen. "Ez dut gogoan zein herritan izan zen, baina hango apaizak irakurri, eta Diario de Navarra egunkarira gutuna bidali zuen, haserre bizian. Gero, PPko kideek Nafarroako Parlamentura jo zuten, eta liburua liburutegi guztietatik kentzeko eskatu zuten".
Sozialistak ziren agintean, eta parlamentura azalpenak ematera deitu zituzten eguna ailegatu baino lehen liburu guztiak atera zituzten liburutegietatik. "Fiskalak ere jaso zuen nire kontrako salaketa bat, baina ez zuen aurrera egin", gogoratu du.
Artistak argi du botereak, edozein motatako botere dela, gezurrak izaten dituela ardatz. "Gertatzen dena ezkutatzen dute, eta ez dute maite jendeak horren berri izatea". Azkonaren aurkako protesten harira, eta, Elizak izan dezakeen eraginari buruz, halako auziek erakunde horri "mesede" egiten diotela erran du: "Halakoak baliatzen ditu ateratzeko, bere jarrerak sendotzeko". Artistek ere gauza bera egiten dutela erantsi du Murillok, halere. "Nahiko zentzugabea da dena".
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.