I. Orzaiz
Urteak daramatza Iñigo Balbasek (Iruñea, 1972) Azkoiengo suhiltzaileen parkean lanean. Tafallako sutea piztu zenean etxean zegoen, baina hara joan zen berehala, beste hainbat suhiltzailek egin zuten bezala.
Tafallako sutea itzaltzeko lanetan parte hartu zenuen?
Bai. Berez, ez nengoen lanean une horretan, baina ezohiko deialdia egin zuten, eta hainbat suhiltzaile hara joan ginen laguntza ematera. Hasieran, autobidean piztutako sute bat zela esan zuten, baina hazten ari zela ikusi genuenean, geure kabuz antolatzen hasi ginen zenbait lankide.
Lehen orduak "kaotikoak" izan zirela diote batzuek.
Nik ez nuke halakorik esanen. Tafallako suhiltzaileek jaso zuten larrialdi deia, eta sua piztu zen puntura joan ziren. Hara iritsi zirenerako, ordea, suak errepidearen gainetik jauzi egin zuen, eta landagunea erretzen ari zen. Berehala hedatu zen sua Zidakos ibaiaren gainetik, eta apenas eman zigun erreakzionatzeko betarik.
UPNk, ordea, gogor kritikatu du Nafarroako Gobernuaren jarrera, larrialdi honen kudeaketari dagokionez...
Bai, UPNk etekin politikoa atera nahi izan dio gaiari, bazterrak nahastuz. Egiazki, guk unean uneko informazioarekin jokatu genuen, eta sutearen eboluzioaren arabera moldatzen joan ginen geure estrategia, beti egiten dugun bezala. Batzuetan, gauzak aurreikusi bezala gertatzen dira, eta beste batzuetan, hainbat faktorek egoera zailtzen dute: bero izugarria, hezetasunik eza, hego haizea... Analisiak a posteriori egitea oso erraza da. Eta horrek ez du esan nahi Nafarroako Gobernuaren jarrera kritikatu ezin daitekeenik. Gauza asko hobetu behar dira.
Adibidez?
Suhiltzaileen gabezia izugarria pairatzen dugu aspalditik, eta egoera jasangaitza bihurtu da. Tafallako sutearen gisako larrialdietan sumatzen dugu, batez ere, geure kabuz eta borondate hutsez konpontzen baititugu krisiak, baliabiderik gabe. Bestalde, koordinazio arazoak ere baditugu: kargua hartu eta berehala, Nafarroako Larrialdi Agentzia desegin zuen Maria Jose Beaumont kontseilariak, baina horren ordez ez zuen beste egiturarik sortu. Hortaz, ahal dugun moduan ari gara zerbitzua antolatzen.
Nafarroako Larrialdi Agentziak, ordea, kritika ugari jaso zituen bere garaian, eraginkortasunik ezarengatik...
Bai, hori horrela da. Lapurren gordelekua zirudien, UPNren goi kargudunek soldata oparoak jasotzen baitzituzten. Nik ez dut horrelakorik justifikatzen, inondik inora, baina horren atzean zegoen ideia, larrialdi zerbitzu guztiak koordinatzeko agentzia bat sortzea, alegia, ez zen txarra. Hori da nik aldarrikatzen dudana: ez dezatela antolaketa lan osoa gure bizkar gainean utzi. Sutearen egunean, adibidez, ez zegoen zaintzako arduradunik.
Berriki onartu den lan eskaintza publikoak ez al du arazo hori konponduko?
Ez dut uste. Beaumontek aukera zuen erronkari ausardiaz heltzeko, baina ez du halakorik egin. Foruzain lanpostu gehiago atera dituzte, suhiltzaileenak baino.
Tafallako sutea itzaltzeko Larrialdietako Unitate Militarrei laguntza eskaintzeak ere hautsak harrotu ditu...
Bai, gai korapilatsua baita. Larrialdietarako Unitate Militarra ez zaigu dohainik ateratzen, batzuek esaten duten bezala: hori ordaintzeko, milaka milioi euro gastatzen dituzte administrazioek urtero. Dirutza hori erabil lezakete tokian tokiko larrialdi zerbitzuak indartzeko; eta hala eta guztiz ere, lehen mailako ezbehar larriei aurre egiteko azpiegitura erraldoi bat behar dela ondorioztatzen badugu, nire ustez, horren kudeaketa ezin da egon militarren esku. Gure apustua babes zibilaren aldekoa da, eta ez larrialdi zerbitzuen militarizazioa. Oraintxe bertan, ez dago beste aukerarik, baina, etorkizunean, hori birplanteatu beharko lukete.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.