Kattalin Barber
Desagertu zenetik 60 urte igaro diren arren, tren txikito deituriko Bidasoko trenbidearen oroitzapena ez da galdu bailaran. Irundik (Gipuzkoa) Elizondoraino egiten zuen bidea trenak. Trenbidearen ibilbideak bere horretan jarraitzen du, eta azken urteetan bide berde gisa egokitu dute, Behobia eta Doneztebe artean, hain zuzen ere. 1916an egin zuen tren txikito-k bere lehenengo bidaiarien bidaia, orain dela 100 urte hain justu, eta, gertaera hori gogora ekartzeko, erakusketa ibiltaria antolatu dute. Abendura arte eskualdeko hainbat herritan ikusgai egonen da. Uztailaren 31 arte, Lesakako Harriondoa kultur etxean izanen da.
Erakusketa Cederna Garalur elkarteko Baztan-Bidasoa Turismo Garapenak antolatu du, eta Euskotren/Euskal Burdinbidearen Museoaren eta Manuel Cariñenaren laguntzarekin osatu dute. Museoak utzitako panel informatiboek eta Cariñenaren bilduma pertsonalak ontzen dute erakusketa. Horien bidez, 40 urtez bizirik izan zen burdinbidearen historia kontatzen dute.
"Txikitatik gustatu zaizkit trenak niri. 7 urte nituela oparitu zidaten nire lehendabiziko trena, eta ordutik dut zaletasuna; ez dut galdu", azaldu du Cariñenak. 8 urte zituela bere lehenengo bidaia egin zuen tren txikito-n, Irundik Beraraino, hain zuzen ere. Azkeneko bidaia, berriz, 1956ko abenduaren 30ean egin zuen, itxi aurreko egunean, hain justu. "Makinista ezagutzen nuen, eta azken bidaia berarekin egitera gonbidatu ninduen, automotorrean. Izugarri gogoratzen ditut egun hartako guztiak, azken bidaia hura".
Adinean aurrera egin ahala, bere afizioak ere aurrera jarraitu zuen, eta lantegian zegoenean hasi zen tren geltokiak marrazten eta eraikitzen. Erakusketan ikusgai dago berak egindako Irungo Kostorbe geltokiaren maketa. Egun, 60 tren inguru ditu. Bidasoko trenbidearen milaka oroitzapen gordetzen ditu Cariñenak. Erakusketa egitea eta bildutako guztia uztea "plazera" izan da harentzat. Bere ametsa egia bihurtu du.
Cariñena Bidasoko trenbideko hainbat geltokitan egon zen itxi zituztenean, eta "denetarik hartzeko" aprobetxatu zuen aukera. "Langileen nominak, bidaiari txartelak, paperak... Aurkitu nuen guztia hartu nuen". Horrekin osatu du erakusketa. Azaldu du trenari zergatik esaten zioten tren txikito: "1931n aurreko trenak ekarri zituzten; motor propioa dute horiek, eta tren higiarazleak dira. Kontua da horiek bagoiak baino askoz txikiagoak zirela, eta hortik hartu zuen izena Bidasoko trenak". Bagoiek 20.000 tona inguru pisatzen zuten, eta automotorrek, berriz, 12.000 tona bakarrik.
1953ko uholdeek 400 metro bide inguru altxatu zituzten, eta trenbidea konpondu zuten arren, tren enpresaren egoera jasanezina zen. "Defizitarioa zen, bidaiari kopurua ez zen espero zuten bezain handia izan, eta itxi egin behar izan zuten", azaldu du Itsaso Tapia Baztan-Bidasoa Turismo Garapena erakundeko turismo teknikariak.
1956ko abenduaren 31n egin zuen bere bidea azken aldiz Bidasoko trenak. Behin betiko agurtu zuten. "Martxan 40 urtez bakarrik egon bazen ere, arrasto handia utzi zuen eskualdean; guztiok gogoratzen dugu". Orain, bide berdeak 39 kilometroko ibilbidea du, eta, Tapiak adierazi duenez, luzatzeko asmoa ere badute. Uda honetarako, gainera, ibilaldi gidatu bat antolatuko dute bisitari guztiei tren txikito-ren historia kontatuz.
Antolatu duten erakusketaren bidez, halaber, burdinbideak Baztan-Bidasoko eskualdean izan duen garrantzia nabarmendu nahi dute: "100 urte beteko diren honetan, une egokia da gogora ekartzeko eskualdean izan zuen eragina".
Herriz herri
Erakusketa Lesakan zabaldu zuten, ekainean, eta hilaren 31ra arte egonen da. Gero, abuztuaren 5etik 12ra bitartean, Etxalarren, eta abuztuaren 20tik 24ra, berriz, Donamarian. Doneztebera joan-etorria eginen du: abuztuaren 27tik irailaren 5era egonen da lehenik, eta, gero, azaroaren 10etik 20ra. Eratsunen, irailaren 8tik 11ra egonen da; Beran, irailaren 13tik 20ra; eta Igantzin, berriz, irailaren 23tik 25era. Sunbillan, irailaren 27tik urriaren 11 bitarte ikusi ahal izanen dute, eta, Baztanen, urriaren 15etik azaroaren 7ra. Zubietan, azaroaren 24tik 27ra egonen da. Abenduaren 2tik 4ra Iturenen izanen da. Bertizaranan abenduaren 7tik 18ra ikusi ahalko da, eta, azkenik, abenduaren 23tik 31ra, Elgorriagan.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.