Lohizune Amatria
Nafarroa geldiarazi dute sanferminek; hala egiten dute urtero, edo hori ematen du, behintzat. Gauza asko gertatu dira Iruñean, asko dago aipatzeko. Baina, bi aste hauetan gertatutakoa Iruñetik harago doala sinetsita, Pirinioetara begira jarriko naiz beste behin.
Uztailaren 9a zen, sanferminen laugarren eguna, larunbata. Asteburua izanik asko izan ziren nafar Pirinioetatik Iruñera joan zirenak, urrunagoko bisitarien artean beste batzuk. Izan zen oporraldia Nafarroatik kanpo eman zuenik ere, beharretik ihes. Gure eskualdea oporretarako turismoko gune gisa saldu dela pentsaturik: hori paradoxa.
Aezkoan geratzea erabaki nuen nik, hiriburuko zurrunbilotik ihes. Eta arrazoi bat edo beste dela, eskualdeko taberna gehienak itxirik topatu nituen. Kasualitatea izan liteke agian, eta ez dut tabernariek noiz ixten duten kritikatu nahi. Baina egoera horrek hausnartzera eraman ninduen. Horrenbesteko eragina du hiriak mendialdeko egunerokoan?
Asko dira lanegunetan itxirik dauden ateak; asteburuetan soilik irekitzen diren leihoak. Hirian erosten dituzte herrian jaiotako gazteek etxeak, eta nabari da egunerokoan. Norberak hartzen duen hautua da hori, noski. Kontziente izan behar dugu, dena den, ditugun kontraesan guztiekin, hartzen ditugun erabaki horiek eragina dutela eskualdeko bizitzan, kolektiboan.
Bakoitzak bere iritzia du Pirinioek sufritzen duten egoeraren inguruan. Norberak bere ikusmoldearekin begiratzen du lurraldearen etorkizuna. Bada sinesten duenik aurrera jarraitzeko ondoa ukitu behar dugula, baita behea jo dugula uste duenik ere. Baina, edozein dela dugun iritzia, baikortasunez begiratu nahi diot nik arazoari. Gaia bizilagunen ahotan eta buruan dago, eta hori txalotu nahi dut.
Pirinioak bizirik mantentzea denen ardura da. Hori aldarrikatu du urterik urte Bizirik Gaude egitasmoak. Baikortasunez, gainera. Bihotz berdea egin, sortu eta mantendu diren ekintza, festa, enpresa eta ekimen guztien ondoan ezarri du, gogoraraziz horrek eusten diola suari.
Duela hamar urte inguru sortu zen taldea. Geroztik, Pirinioak erakargarri egiteko joera suspertu eta dugun bizimoduarekiko konfiantza sendotu nahi izan dute taldekideek, gure eskualdean bizi direnen artean, baita hiritik landa eremurako jauzia eman nahi dutenen artean ere.
Lortu ote duten galdegiten zion bere buruari taldeko kide batek, aurrekoan. Nik esanen nuke baietz. Bihotz berdea ikusi, eta Pirinioak datozkigu burura, bizirik mantentzeko beharra. Hori lorpen bat da. Gaia bizilagunen elkarrizketetan egoteko beste urrats bat izan da egitasmoa. Irabazi asmorik gabeko taldea da Bizirik Gaude, eta jarraitzeko dirua merkatu baten bidez lortzen dute. Bihar da azoka, Otsagabian.
Pirinioak bizirik daudela aldarrikatuko dute, beste behin. Baina seguruenik ez da prentsan azalduko. Horregatik ekarri nahi izan dut gaia astekarira. Agenda mediatikora eraman beharko genukeelako eskualdearen arazoa, ez baita soilik gurea. Pirinioetan ez bada bizirik, turistek ere jai dute!
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.