Kattalin Barber
Antzoki bilakatuko da Erriberri aurki. Iraganera bidaiatzeko aukera emanen du Erriberriko Antzerki Klasikoaren 17. jaialdiak, uztailaren 22tik abuztuaren 6ra bitarte. Aurten, William Shakespeare eta Miguel de Cervantesen heriotzen 400. urteurrena da, eta gogoan izanen dituzte hainbat antzezlanekin. Horretaz gain, Nafarroako antzerkigintza presente egonen da Mikroklasikoak sailean, eta Nafarroako sei konpainiak parte hartuko dute. Antzezlanak ez ezik, hainbat ikastaro, hitzaldi eta berrikuntza dakar aurtengo edizioak.
Dori Lopez Jurio Nafarroako Gobernuko Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria da, eta, hark azaldu duenez, aurten "haize freskoa" eman nahi izan diote jaialdiari: "Antzerki klasikoa da, baina proposamenak oso garaikideak direla uste dut; horrek freskotasuna ematen dio jaialdiari". Berria eta zaharra eskutik helduta doaz Erriberrin, eta ezaugarri hori jaialdiaren "arima" dela esan du. Erregearen Jauregiaren kanpoaldean kokatutako La Cava antzeztokian izanen dira antzezlan nagusiak. 392 lagunentzako lekua du.
Aurten, jaialdiak hiru sail izanen ditu: obra nagusiak bilduko dituen Klasikoak, OT4OS KL2IKO2 saila eta Mikroklasikoak. Asteburuan izanen dira antzezlan nagusiak, La Cava antzeztokian. OT4OS KL2IKO2 sailean, Nafarroako Antzerki Eskolak gomendatutako hainbat lan antzeztuko dituzte. Hirugarren saila, berriz, Nafarroako antzerki taldeek osatuko dute. Kaleko eta familientzako antzerki lanak eskainiko dituzte, halaber.
Lopezek adierazi bezala, jaialdiaren muina antzezlanak izan arren, ikastaroak, eskola magistral bat eta hainbat kaleko ekintza egonen dira. Yayo Caceres aktore ezagunak eskola magistral bat gidatuko du antzerki eta kirolaren inguruan. Erritmoa, musika eta kirola interpretazio lanean nola landu jorratuko du, besteak beste.
Nafarroako sei konpainiak parte hartuko dute Mikroklasikoak sailean. Gehienez, hamabost minutu iraungo dute obrek, eta hainbat egunetan ikusi ahalko dira. Horretaz gain, Nafarroako antzerki konpainia batek egonaldia eginen du Erriberrin jaialdiak irauten duen bitartean. Txori Garcia Uriz eta beste hainbat aktorek osatzen dute taldea, eta In Extremis proiektua aurrera eramanen dute herrian. Generoaren gaia lantzen duen Shakespeareren obra bat izanen dute oinarri.
Aurten, jaialdiak British Council erakundearekin hitzarmena egin du, eta, horri esker, The Complete Walk proiektua ikusgai egonen da. 37 film laburrek osatzen dute proiektua, eta Shakespeareren obren istorioak kokatzen diren agertoki beretan filmatu dira. Haietako bat, zehazki, Erriberriko Errege Jauregian. Galdutako amodiozko lanak du izena obrak, eta bertan idazle ingelesak Nafarroari buruzko esaldi ezagunena idatzi zuen: "Nafarroa munduko miraria izanen da".
Denentzako proposamenak
Iaz abiatutako bideari jarraituz, eta ikusmen eta entzumen arazoak dituztenentzat, bukle magnetikoak jarriko dituzte bi obratan. La Cava antzeztokian taularatuko dituzten Ricardo III —uztailaren 29an— eta Trabajos de amor perdidos —abuztuaren 6an— obretan. Azpidatziekin ikusteko aukera ere egonen da. Gainera, familientzako obretako batean, Los chismes del Quijote y su amigote izenekoan —uztailaren 22an—, keinu hizkuntzako interprete baten laguntza egonen da.
Lopezek adierazi duenez, jaialdia antolatzeko "elkarlanean" aritu dira Erriberriko Udalarekin, eta harreman "estua" dutela esan du. Bi astez, Urrezko Mendera itzuliko da herria; ehunka bisitari jasoko ditu, eta herritarrek "aktiboki" parte hartzen dute jaialdian. "Antzerki klasikoan eredu bilakatu da Erriberri, eta herriak jaialdia bizi du".
Jaialdiak 350.000 euroko aurrekontua du aurten. Antolatzaileak nabarmendu nahi izan du jaialdia ez dela bakarrik ordainpekoa, eta kaleko ekintzen eta doako antzerkien bidez herrian oso giro "atsegina" sortzen dela.
Lopezen ustez, "osasun onean" dago Nafarroako antzerkigintza, eta horren seinale da Mikroklasikoak sailak izan duen "arrakasta": "Lan asko jaso ditugu. Aukera eman genuen euskaraz eta gaztelaniaz aurkezteko, baina, zoritxarrez, gaztelaniazko proposamenak bakarrik jaso ditugu". Antzerkigintza klasikoaren egoitza izanen dira aurki Erriberriko karrikak.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.