Bukatu da negozioa

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroako Hitza 2016ko uzt. 8a, 03:05

Edurne Elizondo

Espekulazioa bazter utzi, eta etxebizitzaren auzia eskubideen esparrura itzultzea. Hori du helburu Nafarroako Gobernuak prestatu berri duen lege proiektuak. Eskubide Sozialetarako presidenteorde Miguel Laparrak aurkeztu zuen, joan den astean, gobernua babesten duten lau taldeetako ordezkariekin. "Nafarrek etxebizitza duina izateko duten eskubidea gauzatu nahi dugu", erran zuen, aurkezpenaren egun hartan, Laparrak.

Testu berriak bi ardatz nagusi ditu: batetik, alokairu babestuaren alde egin nahi du, eta hura sustatzeko neurriak jaso ditu; eta, bertzetik, eraikin zaharren birgaitzea bultzatuko du. Asmo horrekin bat egin du Hipotekak Kalte Eginikoen Nafarroako Plataformak. "Etxebizitza eskubide bat da, ez da negozio bat; bada garaia erakunde publikoek hori nabarmendu eta babesteko", erran du Angel Larrea PAH-ko kideak.

Urtebete egin du gobernu berriak. Denbora horretan, hirutan egin dute bilera PAH-ko ordezkariek Nafarroako agintariekin. "Jarrera aldaketa nabarmena izan da", onartu du Larreak. Are gehiago, erantsi du egin dituzten hainbat proposamen aintzat hartu dituela gobernuak. Aurkeztu berri duten lege proiektuak, adibidez, alokairu babestua merkatzea jaso du; %8-%14,6 eginen du behera prezioak, 2016 eta 2017an. Plataformak egindako eskaera da hori, nahiz eta haiek jaitsiera handiagoa galdegin. Haiek eskatuta, halaber, etxebizitza alokairuan hartzen dutenei ez dizkiete gutxieneko diru sarrerak eskatuko, eta kontratua berritzeko diru sarrera errealak hartuko dituzte kontuan, eta ez, ordea, aurreko urteko errenta aitorpenaren araberakoak. "Urte batetik bertzera erabat alda daiteke pertsona edo familia baten egoera".

Diru laguntzak ezarriko ditu legeak alokairu babestuko etxebizitza berriak sustatzeko. %23 eta %30 artekoak izanen dira. Alokairu babestuan emateko hutsik dauden etxeak birgaitzen dituzten toki entitateetarako, berriz, %50eko laguntzak aurreikusi ditu testuak. "Iruñeak, adibidez, 200 etxebizitza huts ditu; horiek birgaitzea da kontua, babestutako alokairuan eman ahal izateko". Helburua da gobernuak duen etxebizitza multzoa handitzea. "Egun dituenak ez dira nahikoak dagoen eskaera guztiari aurre egiteko", erran du Larreak.

Egun, Nafarroan, 4.500 ingurukoa da babes publikoko etxeen multzoa. Haietako 1.000-1.200 Nafarroako Gobernuarenak dira; gainerakoak, berriz, higiezinen agentzien esku daude, baina gobernuak diru laguntzak ematen ditu etxebizitza horiek alokatzeko. "Bertze 4.000 inguru behar dira", azaldu du plataformako kideak. Gobernuak, oraingoz, bertze 1.600 gehitzeko plana martxan jarriko duela iragarri du. Bost urterako plana izanen da.

Hainbat auzi, legetik at

Plan horretan gobernuak ez du jaso bankuekin negoziatzeko aukera, haiek dituzten etxebizitza hutsak babes publikoko etxebizitza multzo horretan sartu ahal izateko. Eskaera hori egin zuen Hipotekak Kalte Eginikoen Plataformak, baina gobernuak ez du kontuan hartu. Jaso ditu, ordea, herrietan erroldatutakoek kooperatibak eratzea errazteko neurriak, bai eta Etxebizitza Plana eta Etxebizitza Kontseilua sortzeko asmoak ere.

Badira plataformako kideek mahai gainean jarri baina legeak jaso ez dituen bertze hainbat auzi: pobrezia energetikoari buruzkoak, etxegabetzeen aurkako protokoloa egiteko aukera, hutsik diren etxebizitzen erregistroa sortzea, etxebizitzari buruzko kontu guztietarako leihatila bakarra martxan jartzea... "Badakigu auzi horietako hainbat legeak ukitzen duen esparrutik kanpo direla, baina uste dugu horietan ere urratsak egin behar direla; horiek bultzatzen jarraituko dugu guk".

Etxe kaleratzeen inguruan, argi eta garbi mintzatu da Angel Larrea. "Oraindik ere, gertatzen dira; egunean bat gertatzen da Nafarroan". Gobernuak agertu du etxegabetzeen aurkako protokoloa sinatzeko asmoa. Asmo hori jasotzen duen akordioa ekainaren 29an onartu zuen gobernuak. "Zirriborroa Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren esku da jada", azaldu du Larreak.

Plataformako kideak azaldu du haien laguntza eskatzen dutenek lortzen dutela etxegabetzea bertan behera uztea. "Bankuek, egun, nahiago dute negoziatu, gu egunero haien atarian pankartarekin egon baino". Plataformarengana jotzen ez dutenak dira etxegabetzeak pairatzen ari direnak, Larreak erantsi duenez. "Oraindik ere bada gure lanaren berri ez duen jendea; bertze batzuek, berriz, nahiago dute haien egoera publiko ez egin, lotsatu egiten direlako. Argi izan behar dute, ordea, haiek sistemaren biktima direla; sistema dela gaizki aritu dena", nabarmendu du PAH-ko kideak.

Sistema horrek etxebizitzen jabegoa sustatu du, hain zuzen ere. UPNren gobernuen azken bost urteetan gertatutakoa aipatu du Larreak, horren haritik: "Etxebizitzak erosteko diru laguntzetan 579 milioi euro eman ditu gobernuak bost urte horietan; babestutako alokairuan emateko etxebizitzen arazoa konpondua genuen diru horrekin. Sekulakoa da datu hori", azaldu du.

Nafarroako Gobernuak irail aldean jarri nahi du indarrean etxebizitzari buruzko lege berria. Oraindik izanen da aurkeztutako testuari zuzenketak eta alegazioak egiteko aukera. "Plataformako kideon lana izanen da, orain, lege proiektua aztertzea eta gure proposamenak egitea", erran du Angel Larreak. Etxebizitza eskubidea dela gogoratu du, eta herritar guztien beharrei erantzutea dela gobernuaren lana. Plataformak jarraituko du egin beharreko bidea zehazten. Etxebizitza eskubidearen alde.

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!